Jauzi aurreko urratsa

Maneros, Badiola, Salaberria, Mendizabal eta Irazuren lanak batu ditu Bilboko Carreras Mugica galeriak

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Urrats bat egitetik hurrengoa egitera heltzeko dagoen tarte horretan dago Bilboko Carreras Mugica galeria gaur egun; erdi airean, erdi lurrean. Urte luzez Henao kaleko 10.ean izandako eraikina uztea erabaki zuten orain urtebete pasatxo, eta Heros kaleko eraikin berri eta handiagora sartu gabe daude oraindik. Trantsizioan. Lanak bukatuko zain. Itxaronaldiari luze iritzita, ordea, tarteko gune bat bilatu dute lanean jarraitu ahal izateko, eta ekainera bitartean Zabalgune plazan izango dira. Widening deitu dute horregatik han zabaldutako lehen erakusketa: Zabaltzen. Eta galeriarekin lan egin ohi duten bost artisten lanak bildu dituzte. Txomin Badiola, Peio Irazu, Asier Mendizabal, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberria. Sortzaile bakoitzaren lan bana jarri dute ikusgai. Martxo hasierara arte izango da zabalik, eta beste artista sorta baten lanak erakutsiko dituzte orduan.

Konplizitate keinu bat izan da erakusketa, Maria Navarro galeriako kideak azaldu duenez. «Programazioa egiteko denbora gehiago behar da, eta horregatik gure artistengana jo dugu oraingoan. Artistek badakite zein egoeratan eta prozesutan gauden, eta hala sortu dugu erakusketa hau». Piezak ez dira berriak, egonak dira aurrez beste erakusketa eta beste museo batzuetan, baina artistek espresuki hautatu dituzte Zabalguneko espaziorako. «Lekua erakutsi, eta orduan erabaki zuten haiek zer ekarriko zuten». Hor konplizitatea.

Badiolak eta Irazuk hartzen dute espazioaren erdigunea. Neurri handiko eskultura bana eraman du galeriara sortzaileetariko bakoitzak, eta haien lanek hartzen dute gunearen zatirik handiena. Gaztela eta Leongo MUSAC museoan (Espainia) egondako Maquina L pieza eraman du Badiolak. Egur eta metalezko estruktura bat da, eta sabairaino heltzen da kasik. Testu eta irudi txatalak ere baditu eskulturak, baina biluz xamar ikus daiteke, halere, piezaren hezurdura. Kontrastean, erabat trinkoa dirudi Irazuren lanak. Durmientes (lotiak) serieko lan bat da. Zurezko kutxa moduko bat da, eta Artium museoan erakutsi zuen aurrez lana sortzaileak. Sendoa, erabat urdina, etzanda bezala dago galeria erdialdean.

Bandera bat hautatu du Mendizabalek erakusketarako. Haren lan ildo ezagunenetariko bat da banderena, eta txatal gorri eta beltzez sortutako bat hautatu du oraingoan Zabalgune eraikineko espazioko horman zintzilikatzeko. Eta alboko horman dago Salaberriaren lana. Argazki bat hautatu du erakusketarako, Pasaiako portuan egindakoa. Hondakin meta erraldoi bat ageri da irudian, baina artistaren lana ez da argazkia soilik. Hura hartzen duen markoa ere bada piezaren parte, artistak ez baitu bereizketarik egiten erakusten den piezaren eta pieza erakusteko erabilitako elementuen artean. Konstante bat da hori haren ibilbidean.

Manerosen bost abstrakzio ere badaude galerian. Bilboko Guggenheim museoan daukan erakusketan ikus daitezkeenen modukoak, hain zuzen ere. Tinta txinatarra ur gainera bota, eta haren gainetik papera pasatuz sortu ditu guztiak.

Widening (zabaltzen). Orain zabalik dagoen erakusketaren izen bera izango du galerian izango den hurrengo erakusketak ere. Bigarren atalerako, ordea, beste bost artistaren lanak bilduko dituzte Carreras Mugicakoek. Denbora luzez kide izan dituztenak haiek ere. Erabat itxi gabe dute oraindik izen zerrenda, baina aurreratu ditu haietariko batzuk Navarrok. Itziar Okariz aipatu du, adibidez. Martxotik ekainera arte izango dira bigarren artista boskotearen lanak Zabalgune eraikineko espazioan, eta Heros kalera joango dira gero. Eraikin berrira. Urrian egingo dute irekiera ekitaldia han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.