Diru laguntzak

Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturgileentzat

Iaz 150.000 euro eman zizkien museoei, euskal artisten lanak erosteko. Horri esker, Gasteizko Artiumek, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak 24 artistaren 42 obra eskuratu dituzte.

Jaurlaritzako eta museoetako ordezkariak, gaur, Gasteizen obra bati begira. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko otsailaren 22a
16:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturgileentzat. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Gasteizko Gobernuak 13 milioi euro jarriko ditu sektorearen eskura pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko. Zehaztu duenez, Kultura Sailak 23 deialdi aurkeztuko ditu aurki horri lotuta. 1.100.000 euro autonomoentzat, enpresentzat eta erakundeentzat izango dira. 

Pasa den urtean 4,5 milioi euro jarri zituen Jaurlaritzak sortzaileei nahiz enpresa txiki eta autonomoei laguntzeko, eta beste 150.000 euro eman zizkien museoei, bizirik dauden euskal artisten lanak erosteko. Horri esker, hain zuzen, Gasteizko Artium museoak, Donostiako Tabakalera zentroak eta Bilboko Arte Ederren Museoak 24 sortzaileren 42 obra eskuratu dituzte. Gaur aurkeztu dute bilduma partekatu hori, Gasteizen, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta hiru museoetako arduradunak.

Hiru erakundeek elkarrekin kudeatu dute erosketa prozesua, eta iazko bigarren seihilekoan eskuratu zituzten lanak. Hautatutako piezen artean margolanak, eskulturak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta lan grafikoak daude: 34 artelanek eta edizio grafikoko 8 alek osatzen dute funtsa. Obrak Artium museoaren bildumaren parte izango dira aurrerantzean, eta bilduma partekatuak epigrafean katalogatuko dira. Museoan bertan gordeko dira. Lorea Alfaro, Gerardo Armesto, Txaro Arrazola, Gema Intxausti, Maider Lopez, Alex Mendizabal, Ediciones Lataller eta Lucia Onzain artisten obrak dira, besteak beste. 

Artelanak aukeratzerakoan hainbat irizpide hartu dituzte kontutan, Jaurlaritzak adierazi duenez: hala nola artistek «interesa» izatea hiru museoen programetan; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea; adin guztietako sortzaileak izatea, eta genero aldetik parekoak izatea; lanak oraintsukoak nahiz zaharrak izatea; eta arte sistema osatzen duten galeria eta beste eragile batzuekin ere lan egitea. Modu horretan, museoei ez ezik, sortzaileei eta bestelako eragileei ere lagundu nahi izan diete. 

Laguntzak, «lehenbailehen»
Lehendakariaren hitzetan, «berritzailea eta ikusgarria» da ekinbidea. «Aurkezten dugun mezenasgo publikoko jarduera hau kulturaren eta artearen aldeko ahalegin kolektiboaren eta determinazioaren adibide bat da», adierazi du. Eta eskerrak eman dizkie hiru museoko arduradunei, krisi garaiotan pandemiaren ondorioak nozitzen ari diren esparruei «leiho bat» zabaltzeagatik. 

Halere, koronabirusak eragindako krisiak kultur sektorean uzten ari den arrastoa ikusita, lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak «lehenbailehen» zabaldu nahi duela laguntza lerro berria. Erantsi du eskatzaileei «erraztasun gehiago» eman nahi dizkietela laguntzak jaso ahal izateko; azaldu duenez, jaso beharreko kopuruaren hiru laurdenak laguntza esleitzerakoan ordainduko zaizkie.

Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritzaren xedea «ahal den guztia» egitea dela, kultur ekoizpena suspertu eta aurrez aurreko jarduerari eutsi ahal izateko, eta antzokiek, museoek, liburutegiek eta artxiboek irekita jarrai dezaten. «Osasun krisiaren eta pandemiaren ondorio ekonomikoak eta sozialak gainditzeko ezinbesteko lanabesa da kulturgintza. Garapen ekonomikoaren eta sozialaren eredu orekatu eta iraunkor bat lortu nahi badugu, nahitaezko bidelagun izan behar ditugu kulturgintza, kultur ondarearen zaintza eta bere zabalkundea», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.