Eusko Jaurlaritzak zinemarako ekoizpenetarako diru laguntzak %35 igoko ditu 2017ko deialdian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak atzo azaldu zuenez. Diru laguntza deialdien kopuruak handitzeaz gain, «berregituratu» egin dute haien eredua, «garapen prozesua indartu eta talentu berriak sustatzeko asmoz». Eusko Jaurlaritzak 2.660.000 euro banatuko ditu aurten, iaz baino 718.600 euro gehiago (%35 gehiago).
Donostiako Tabakaleran agerpen publikoa egin zuen Zupiriak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordearekin eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera. Zinemagintzaren sektoreko hainbat ordezkariren aurrean aurkeztu zuen diru laguntzen egitura berria, baina apenas egon zen galderarik, ohartarazpenik edo kritikarik, «aurrez adostutako kontuak baitziren». Euskal zinema «inoizko egoerarik onenean» dagoela, eta Muñozek ohartarazi zuen «errealitate berri horri erantzuteko diseinu berria egin beharra» zegoela. Berrikuntza nagusia proiektuen garapenari lotuta joango dela adierazi zuen: «Arazo bat identifikatu genuen: sortzen ziren hainbat gidoi ez ziren hurrengo faseetara heltzen, garapen eta ekoizpen faseetara, alegia. Bestalde, ikusi dugu koprodukzioek gero eta indar handiagoa hartu behar dutela. Egoera horren jakitun, gure diru laguntzak gaur egungo egoerara moldatu behar genituela ikusi genuen».
Egitura berriari esker, «proiektuen garapen faseak garrantzi nabarmenagoa hartuko du, eta, ondorioz, prozesuaren parte horretarako diru-laguntza deialdiaren aurrekontua hirukoiztu egingo da». Guztira, 300.000 euro izango dira proiektuen garapenerako —100.000 euro, iaz—. «Eredu berriak ekoizlearen eta gidoigilearen arteko elkarlana sustatu nahi du, eta proiektu bakoitzari fase honetan ematen zaion diru laguntzaren %45 gidoia lantzeko izan beharko du». Sorkuntza eta beren-beregi gidoirako diru laguntza 141.400 eurotik 100.000 jaitsiko da. «Horrek ez du esan nahi sorkuntza babesten ez dugunik, baina gidoi asko geratzen ziren bidean, proiektu bihurtu gabe, eta lehentasuna eman nahi izan diogu gidoiaren bigarren fase horri».
Ekoizpen faseari dagokionez, iazko lau atalak mantenduko ditu Jaurlaritzak, eta guztietan handituko da diru kopurua: film luzeak (1.360.000 euro; iaz baino 360.000 euro gehiago), animazioa (500.000 euro; 100.000 gehiago), dokumentalak (240.000 euro; 60.000 euro gehiago), eta film laburrak (160.000 euro; 40.000 euro gehiago). Arlo honetan, berritasunik handiena film luzeetako deialdiak dakar: «Aurrekontu txikiko filmak egiteko berezko azpiatala sortuko da». 800.000 euroko aurrekontua baino gutxiago duten filmek osatuko dute azpiatal hori. «500.000 euro egongo dira horrelako proiektuetarako; laguntzak 250.000 eurokoak izango dira gehienez ere. Sortzaile berriak detektatu eta haiek lagundu nahi ditugu, proiektu berritzaile eta arriskudunak», zehaztu zuen Muñozek.
Proiektu txikiagoak laguntzeko lerroaren bidez, gainera, «emakumezko zinemagileak bistaratzen» laguntzeko asmoa dauka Jaurlaritzak: «Sarri emakumezkoek proiektu txikiagoetan parte hartzen dute; forma aldetik arriskatu egiten dute».
Euskarazkoa, abangoardian
Muñozen iritzian, «euskarazko zinema dago egun Euskal Herrian egiten den zinemaren abangoardian», eta horregatik ez dute lerro berezi bat irekiko euskarazko ekoizpenak diruz laguntzeko: «Hizkuntza gutxitu bat den heinean, babes handiagoa jasoko dute euskarazko sorkuntzek, baina ez dira joango aparteko batean. Egun, euskaraz egiten da zinemarik onena».
Arduradun publikoek jakinarazi zutenez, Zineuskadi programak bere hiru deialdien kopuruak mantenduko ditu: «Zinema euskaratzeko, 260.000 euro banatuko dira Zinema Euskaraz egitasmoaren bidez; filmen sustapena eta publizitatea laguntzeko, 150.000 euro egongo dira, eta, azkenik, 160.000 euro, proiektuen presentzia zinema aretoetan bermatzeko».
Diru laguntzen deialdiak uztail eta irailera bitartean zabalduko dituzte, «aurrekontuak onartu artean» ezin izan baitute halakorik egin.
Jaurlaritzak %35 igoko ditu zinemagintzarako diru laguntzak
«Garapen prozesua eta talentu berriak» sustatu nahi dituzte diru laguntzen egitura berriarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu