Hemeretzigarren mendea amaitzear zegoen garaian, aberats jendea baino ez zen hondartzara joaten. Edo, bestela, etxera jateko zerbait eramatearren, txirlatara edo muskuilutara joaten zirenak.
Hamazazpi eta hamasei urteko Vyvyan eta Cyril anaiak ez ziren aberatsak, baina haien gurasoak dirudunak izan ziren, aspaldi, Londresen bizi zirenean. Garai hartan hartu zuten, hain zuzen, hondartzara bainatzera joateko ohitura. Mutikotan, hasieran aitaren eta amaren eskutik helduta, hondarra lehorrean biguna eta bustian gogorra izan zitekeela ikasi zuten, eta olatuek oinetan eta izterretan kili-kili egiten zutela.
Gurasoak aspaldi bereizi ziren, ordea: hamar urte lehenago, Vyvyanek zazpi zituenean. Anaiek ez zuten ongi ulertu gurasoen bereizketaren arrazoia, ez zekiten benetan zer gertatu ote zen. Soil-soilik zekiten Londres korrika eta presaka utzi behar izan zutela —betiko lagunak, auzoa eta eskola—, itsasontziz kontinentera joateko eta Suitzan amarekin bakarrik bizitzen jartzeko.
Aita kartzelan sartu zuten; horretaz ere ez zuten ia ezer jakin. Ez zekiten nola edo zergatik; «nagusitzean» esango omen zieten eta, hamasei eta hamazazpi urterekin ez omen ziren artean nagusiak, erdi ahazturik zegoen gaia aipatu ere ez baitzieten egiten. Baina aitaren krimenak latza izan behar zuen, ama harengandik urruntzeaz gain, eta Londresetik ihesi alde egin behar izateaz gain, Suitzara heltzean osaba urrun batek orain beste deitura bat izango zuela esan baitzien.
—Ahaztu betiko zuen deitura —esan zien osaba serioak Suitzako etxeko egongela ilunean—. Aurrerantzean Holland izango zarete: Vyvyan Holland eta Cyril Holland.
—Aitak badaki hau? —ausartu zen hamar urteko Vyvyan galdetzen. Gaixoa.
Udan, ikastetxeko eskolak bukatuta, anaiak pozik elkartzen ziren, urtean zehar gutxitan ikusten zutelako elkar, ikastetxe banatan ikasten zutenez.
Eta atsegin zuten eguzkitan biluzik igeri egitea. Eta batzuetan herriko beste mutil batzuk elkartzen ziren haiekin hondartzan eta haiek bezala, natural-natural, naturarekin bat eginda jolasten ziren larrugorri.
Egun batean, jaun kapeladun bat hondartzan azaldu zen, ibilki, eta hondartza luzetara igaro eta, mutil jostalarien ondotik iragan ondoren, amaieraraino joan eta desagertu egin zen.
Kapelak begietan itzal egiten ziola, gizonak une batez baino ez zien begiratu mutil alaiei, mutil barrezaleei, haien ondotik igarotzean.
Beste egun batean berdin izan zen.
Eta beste batean gizonak aulki bat ekarri zuen eta, mutilengandik aski urrun eserita, itsasoari begira egon zen.
Hurrengoan gertuago eseri zen. Eta hantxe egon. Eta hurrengoan, aulkirik gabe eta berriro oinez. Gizon kapeladuna bi anaiengandik hurbil igaro zen egun hartan, biak bakarrik zeudenean.
Gizena zen eta beti zeukan buruan hegal zabaleko kapela, haizeak jotzen zuen aldi urrietan esku batekin eusten ziona. Praka luzeak janzten zituen eta koratilo grisa alkandora zuriaren gainean, eta jaka beti besoan eraman ohi zuen.
—Egun on —esan zion Cyrilek egun hartan, ondotik hain hurbil igaro zitzaienean.
Gizon lodiak irribarre egin zion eta, hitzik esan gabe, bi hatz jarri zituen kapela hegalaren gainean, erantzun gisa.
—Gizon hori ez zait batere gustatzen —esan zion Vyvyanek anaia txikiari, hura pixka bat urrundu zenean.
Uda aurrera zihoan. Laster opor egunak amaituko ziren eta, konturatzerako, haize hotza hondartzaz jabetuko zen, eta aberatsak bertatik desagertuko ziren. Haitzetara muskuilutara joango zirenek hobeto jantzita joan beharko zuten.
Azken opor egunetako batean, hondartzako jaun kapeladuna mutil biluziengandik nahikoa hurbil eseri zen, egunkaria eskuetan zabaldurik.
Mutilek hartaz marmarka jardun zuten.
—Hori marikoia duk eta gutako norbait inguratu nahi dik —esan zien Vyvyanek beste mutilei, gizonak entzuteko moduan—. Kontuz ibili gero.
Gizona berehala jabetu zen Vyvyanek azken hiru hitzak, itxura batean lagunentzako oharra baziruditen ere, benetan berarentzako mehatxua zirela. Eta irribarre txikia egin zuen. Mutilak hondartzan harantzago joan ziren, elkarri txutxumutxuka. Gizonak hondartzan irakurtzen jarraitu zuen, haizeak ustekabean kapela burutik kendu zion arte.
Biharamunean, gizon kapeladuna hondartzan aulkirik eta egunkaririk gabe agertu zenean, mutilen arrastorik ere ez zegoen bertan.
—Gure bila zabiltza? —entzun zuen bere atzean, eta jiratu egin zen.
Bost mutil, jantzirik eta eskuetan makilak hartuta, ausart eta harro, haserre eta grinatsu bertaratu zitzaizkion. Vyvyan eta Cyril haien artean.
Vyvyanek amorruz begiratu zion:
—Mutilak biluzik ikustea gustatzen zaizu, ezta?
Eta egundoko makilakada eman zion belaun batean. Aienerik gabe, gizona hondarretara erori zen belauniko. Beste mutil batek bizkarreko bat eman zion, bortitz. Erostarik ez zen atera haren ezpainetatik.
Cyrilek orduan bere makila altxatu zuen. Gizonak gora begiratu eta atzean eguzkia zuela ikusi zuen hamasei urteko mutila. Nolabait babestu nahian, esku bat altxatu zuen.
—Hiriaren gainean, zutabe luze baten goialdean Printze Zoriontsuaren estatua zegoen —gizona ozen mintzatu zen, makilaz joko zuen mutilari so—. Dena urreztaturik zegoen urre finezko hosto mehez, bi zafiro distiratsu zituen begitzat, eta errubi gorri handi bat ñir-ñirka bere ezpata kirtenean.
Cyrilek besoak beheratu zituen. Ipuin haren hasiera hainbeste aldiz entzun zuen txikitan, ohe barruko epelean...
—Aita... —esan zuen ahopean.
Eta, haren ondoan belaunikaturik, gizona bihotzez besarkatu eta harekin negar egin zuen.
Jaun hori
Legazpin (Gipuzkoa) 1963an jaioa. Genero askotako liburu ugari argitaratua da: ipuinak, eleberriak, haur eta gazte literatura, antzerkia... Literatur sariak ere erruz ditu irabaziak. Hizkuntzalari lanetan, esperantoari buruzko hainbat lanez gain, Nafarroako hainbat eskualdetako euskalkien azterketa sakonak egin ditu, besteak beste. Itzulpen lan asko ere egin ditu, haietako batzuk euskaratik esperantora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu