Jatorri proletarioko pastorala

Ekainaren 29an emango dute langile borroka ardatz duen 'Gerezi denbora' hiri pastorala Baionan.Itxaro Bordak idatzi du eta Beñat Axiari dabil errejent lanetan

Gerezien denbora pastorala aurkezteko atzo Baionan egindako aurkezpeneko irudia. JUAN GOROSTIDI.
Inigo Astiz
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Fabrikara eraman dute pastorala. Lehenengoz. Baionan izandako burdingintza langileen bizipenak izango ditu abiapuntu eta ardatz Gerezien denbora pastoralak. Hiri gai bat tratatuko du, hirian emango dute, eta horregatik izendatu dute hiri pastorala. Itxaro Bordak idatzi du, eta Beñat Axiari musikaria dabil errejent lanetan. Pastoral berezia izango dela dio Axiarik, baina baita betiko pastoral bat ere. «Betiko pastoralaren erritualak baliatzen ditugu, eta fruitu berriak sortzen dira hortik. Betiko pastorala da, baina gure tindak agertzen dira eszenografian, musikan eta gure sorkuntzetan». Ekainaren 29an egingo dute estreinaldia Baionako portuan. Pastoralak kontatzen dituen gatazkak gertatu ziren lekutik gertu, alegia.

2006an sortu zen ideia, antolatzaileek azaldu dutenez, eta, hasieran, iazko eman nahi zuten pastorala. Baliabide gehiago, eta istorioan sakontzeko denbora behar zutela sentitu, ordea, eta aurten taularatuko dute, azkenean. «Biziki inportanta da sakontze prozesu hori», azaldu du Axiarik. Izan ere, badu oinarri historikoa pastoralak, eta 1908an Baionan burdingintzan lanean aritzen ziren umeen irudia baliatu dute horregatik emanaldiaren afixa egiteko ere. Langile giro hori baita pastoralak erakutsi nahi duena. Lehenengoz.

Berrikuntzak berrikuntza, haiena betiko pastorala izango dela dio Axiarik, baina gaia berezia izanik, berezia izango da pastorala emateko modua ere. Sujetik ez du izango, adibidez, Gerezien denborak. Pertsonaia nagusi bakar bat izan beharrean, giza talde bat izango da kontakizunaren erdigunea. Axiari: «Ez da sujet baten istorioa, baina anitz sujeten istorioa: klase baten istorioa. Pertsonaia bakoitzak, bere pertsonalitatearekin, ekartzen du kolektiboaren mezu bat». Hau da: langileez gain, langileria ere erakutsi nahi du langile munduari buruzko lehen pastoralak.

Errepiken aspektu soziala

Urtarrilean hasi zituzten errepikak, eta 100 lagun baino gehiagok hartuko dute parte. Haientzako makilak egiten dabil Julen Axiari orain. Lanean. Juan izeneko langilearen kargua izango du pastoralean, eta errejent laguntzaile ere badabil. Lanpetuta baina pozik, prozesua ederra izaten ari delako. Kasik astero egin dituzte errepikak orain arte, eta bertan bizitakoa nabarmentzen du Axiarik. «Herrixketan pastoralaren aspektu soziala da xede garrantzitsuenetariko bat. Jendearen lotaraztea, eta elkar laguntasun bat sorraraztea, eta hori atzeman dugu guk ere gure hiri pastoralean». Berezia izan da, halere, arizaleak hautatzeko prozesua. «Normalki herri osoak du taldea osatzen, eta, aldiz, gu joan gara taldearen bila. Xerkatu ditugu gogoz ziren jendeak, eta pixkanaka-pixkanaka osatu dugu taldea». Ipar Euskal Herri osoko pertsonak bildu dituzte horregatik. Eta berezi egingo du horrek ere pastorala.

Euskara batuan idatzi du testua Bordak, zuberotarrez mantendutako zati bakan batzuk salbu. Axiarik dioenez, ordea, arizale bakoitzak bere egin ditu gero hitzak. Taldeko zuberotarren kasua aipatzen du, adibidez. «Batua zuberotartzen dute». Eta antzera gainontzeko arizaleek ere. Batu denek, baina berera bakoitzak. Eta horregatik dago pozik Beñat Axiari errejenta ere lanarekin. «Memento zoragarriak pasatu ditugu, eta euskara aldetik ere, gure artean kasik beti euskaraz aritzen gara, eta hori kostaldean ez da askotan gertatzen».

Ibilera organikoa

Pisu berezia izango du musikak pastoralean. «Musikaren egitekoa biziki aberatsa izango da», azaldu du Beñat Axiarik. Aurrez ere sortua du musika 1992an Santa Grazin (Zuberoa) taularaturiko Santa Kruz güdülari pastoralerako, eta bereak dira oraingo doinuak ere. Dioenez, pastoralaren arauak errespetatuko dituzten arren, doinu eta dantza berri batzuk ere konposatu dituzte emanaldirako. «Bakoitzak badu bere musikal zaporea». Besteak beste, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Benoit Lamerain arituko dira musikari lanetan taula gainean. Eta iragarri dutenez, elektroakustika puntu batzuk ere sartuko dituzte tarteka.

Moldatu egingo dituzte aktoreen lerroak ere. Aldatu egin du Axiarik taula gainean ibiltzeko modua, eta orain arteko pastoraletan ez bezala ibiliko dira arizaleak Gerezien denbora pastoralean. «Inportantzia handi bat atzeman dut horretan. Ibiltzeko modua ez da izango militarra, baina bai organikoa. Landu dugu aspektu hori. Nola ibili taula gainean organikoki». Irri egin du Axiarik. «Ez dakit lortu dugun gure helburua, baina hori landu dugu». Ekainaren 29an helduko da gerezi sasoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.