Literatura

Jasone Osorok ‘Arrakasta’ saiakera plazaratu du

Kontzeptu horretan sakondu du idazleak, 11 lagun ezagunen gogoetak, bere hausnarketak eta pentsalari batzuen ideiak harilkatuta. Elkar argitaletxearekin eman du liburua.

Jasone Osoro idazlea, bere liburu berria aurkezten, Donostiako Udal Liburutegian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko urriaren 31
19:24
Entzun

Clara Peetersek natura hilak pintatu zituen. XVII. mendean, emakumea izanik, beste aukerarik ez zioten utzi. Baina jakin zuen arrakalak sortzen. «Sabaia hori izan arren, natura hilen generoa irauli zuen, lehen aldiz hainbat elementu sartuta lanetan», azaldu du Jasone Osorok. Horietako bat autorretratuak izan ziren, edalontzien islan ageri zirenak, besteak beste; «ñimiñoak» izanagatik, hor zeudenak, sabaia pitzatzen. Horregatik eraman du idazleak natura hil bat Arrakasta bere lan berriaren azalera, «Peetersek sinbolizatzen duelako liburu honetan datorren guztia: ohartzea zein den bere bokazioa, ametsa; onartzea baduela talentua horretarako; eta, nahiz eta sabaiak hautsi behar izan, borondatea izatea aurrera egiteko». Arrakasta zer den aztertu nahian osatu du lana idazleak, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu du.

Urteotan askotariko literatura lanak idatzi ditu Osorok, hala helduentzat nola gazteentzat, baina orain arte ez zuen saiakerarik plazaratu. Azaldu duenez, sortzaileek aldizka izan ohi dituzten «sorkuntza krisi» horietako bat sentitu zuen duela bi urte inguru, eta, hain justu, beste sortzaile batzuei horri buruz galdetzea eta gai hori lantzea otu zitzaion. «Baina, batzuetan gaia aukeratzen duzu, eta bizitzak beste helduleku moduko batzuk jartzen dizkizu eskura. Eta konturatu nintzen bazegoela hitz bat gailentzen zena sorkuntzaren eta krisiaren gainetik, eta hitz hori zela arrakasta». Hala, gaia arrakasta bera zela erabaki zuen, eta nola idatzi jarri zen pentsatzen.

Horri buruz jendeari galdetzea, horixe iruditu zitzaion erarik egokiena bideari ekiteko, eta zerrenda bat osatu zuen, «arrakasta ezagutu» duten zenbait lagunen izenekin. 11 pertsonarenak idatzi zituen: Joxemari Agirretxe Porrotx pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zinemagilea, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria. Berarekin elkartu, eta zenbait gairi buruz hitz egiteko proposamena egin zion bakoitzari, hala nola «haientzat zer den arrakasta, zer suposatu dien, nola eraman dituzten kritikak, porrota ezagutu duten edo ez, horren aurrean zer egin duten... Zein zen bakoitzaren testigantza, bizi esperientzia».

Idazlearen harridurarako, denek eman zioten baiezkoa. «Harritu nintzen, ze badut sentsazioa arrakasta hitzak ez duela oso fama ona, edo beldurra ematen digula onartzea arrakasta eduki dugula edo eduki nahi dugula. Beraz, niretzat oso inportantea izan zen jendea prest agertzea horretaz publikoki berba egiteko». 11 lagun horiek elkarrizketatu baino, haiekin solasaldiak izan zituela zehaztu du Osorok. «Azaldu nien kontua izango zela haiekin geratzea, banan-banan, eta bien artean berba egitea bizitzaz, ez bakarrik arrakastaz». Hala egin zuen.

Informazio guztia nola josi erabakitzea izan zen hurrengo urratsa. «Hasieratik argi eduki nuen, eta haiei ere hala azaldu nien, liburua arrakastari buruz zela, ez haiei buruz. Ez nuen elkarrizketa liburu bat egin nahi; arrakastaren inguruko ertzak, arrakalak, horiek guztiak aztertu nahi nituen». Hala, hizpideak zehaztu, eta liburuan atal bat eskaini dio bakoitzari. Zortzi dira: Haurtzaroa; Izaera; Aliantzak; Kritikak; Sabaiak, Sormena; Porrota; eta Arrakasta. Azken atalean, atera dituen ondorioak ere bildu ditu egileak. «11 pertsona hauek kontatutako gauzekin, nik bizi izandakoekin, nire oroitzapenekin, handik eta hemendik jaso ditudan aipu, erreferentzia eta abarrekin osatu dut mosaiko edo mataza moduko bat, eta ondorio batzuk atera. Eta niretzat izan da bidaia bat oso ederra. Esan dezaket hasi nintzenean baino argiago daukadala orain zer den arrakasta».

Funtsezko hiru osagaiak

Liburua idazteak utzitako irakaspenetan oinarrituta, Osorok uste du ez dagoela arrakasta lortzeko «formula magikorik», baina badirela «hiru zutabe ezinbestekoak» direnak arrakasta lortzeko.  «Lehena autoezagutza da: jakitea, batetik, zein diren gure desioak, ametsak eta helburuak, eta jakitea baita ere zein diren gure gaitasunak eta gure mugak». Haren iritziz, ezinbestekoa da bi alderdi horien artean oreka bat egotea.

«Aliantzak» ere funtsezkotzat jo ditu arrakasta lortzeko bidean: «Txikitatik da inportantea hori, zer jende daukagun inguruan, zer sinestarazten diguten, guretzat zein den ispilu, ze itsasargi, erreferente dauzkagun, bai gertu, bai ezagunak diren horiek». Bideari ekitean eta ibiltzen hasita norberak inguruan aurkitzen dituen eskuak eta oztopoak, hain zuzen.

Eta «borondatea» litzateke hirugarren zutabea, Osororen aburuz. «Hau da, zer egingo dut daukadan honekin guztiarekin. Funtsezkoa da, aukera asko baitaude hor: ekitea edo ez ekitea, ausarta izatea edo porrota ez izateko beldurrez geldirik geratzea».

Bi arrakasta mota daudela jabetzea ere garrantzitsutzat du idazleak. «Kanpokoa» litzateke mota bat, kanpoko begiradak ematen duena, «kuantitatiboa, errentagarritasunarekin lotuta dagoena, produktibitatearekin, famarekin, dirdirarekin...», eta ziurrenik lehen kolpean edonori burura etortzen zaiona. Eta «barrukoa» litzateke bestea, ongizatearekin lotuta doana. «Nik ez dut dudarik inportanteena barrukoa dela».

Hiztegian arrakasta hitzak definizio bat duen arren, polisemikoa dela ondorioztatu du Osorok, pertsonaren arabera esanahi ezberdina har dezakeelako. «Malgua eta bizia ere bada, edukiz eta formaz aldatzen doalako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.