Jarrera berriak kantagintzan

Ihintza Orbegozo azken urteetan euskal musikan izan diren joera aldaketez aritu da Kanterrin, eta hizkuntza hautua, zaleak sortzeko beharra eta feminismoa aztertu ditu.

Ihintza Orbegozo, atzo, Oiartzunen eman zuen hitzaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Oiartzun
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Urte askoan estilo aldaketa sakonak egon dira [musikan]; eten batzuk izan dira belaunaldi jakin batzuetan». Ihintza Orbegozo BERRIAko musika kritikariak horren adibidetzat jarri ditu rock estiloak urteetan izan dituen aldaerak. Azaldu du trapa, reggaetona eta gisako estilo urbanoak gero eta gehiago entzuten direla gazteen artean, eta euskaraz ere lantzen dira. Musikari askok rapera eta trapera jo dute, genero horiek gazteengan duten eraginarengatik. Orbegozok Haize zaharrak eta haize berriak. XXI. mendeko kantagintza: azken hogei urteak hitzaldia eman zuen atzo, Kanterri jardunaldien barruan, Oiartzunen (Gipuzkoa).

«Rock-and-rolla musika elektronikoarekin edo trikitiarekin nahastea eboluzioaren adibide argi bat izan liteke». Nahasketa hori musikaren bidez erakustearren, Neomak taldearen abesti bat ipini du hitzaldian. Izan ere, Neomak zazpi emakume gaztek osatzen dute, eta erabiltzen dituzten instrumentuen bidez tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzte.

«XX. mendean zegoen rock estiloaren aldaerak monopolioa izan dira denbora luzez, eta, orain, desagertzen ari da, doinu berriak datozelako eta bat apaltzen doanean bestea indartzen delako», zehaztu du musika kritikariak.

«1980ko hamarkada inguruan sortu zen estilo elektronikoa, eta, gaur egun indarra hartzen ari den arren, ez du prestigiorik izan orain arte», gaineratu du Orbegozok.

«Belaunaldi berrietan jarrera berriak daudela ikusten da. Zergatik?», galdetu du hizlariak. Bere buruari erantzunda, uste du fenomeno hori gurasoengandik desberdintzeko joera baten ondorioa izan daitekeela; «errebeldia» jarrera bat, alegia.

Estilo eta jarrera berriekin batera, musika munduan beste fenomeno bat ere agertu da, Orbegozok azaldu duenez: garai bateko taldeen itzulera. Batzuetan, bira bakarra emateko itzultzen dira; beste batzuetan, soilik disko bat ateratzeko, baina Orbegozok ez dauka oso argi nostalgiagatik edo zergatik egiten dituzten agerraldi horiek. Fenomenoa estilo batekin lotu du, gainera: rockarekin. «Gehienak rock taldeak izan dira, urte askoan geldirik egon direnak». Hala ere, itzulera horiek pentsatutakoak direla uste du, eta sare sozialek horretan asko laguntzen dutela ere bai.

Urteetan geldirik egon diren taldeak agertokietara itzultzen direnean, gainera, adin tarte batekoen gustuak asetzen dituzte batez ere, Orbegozoren hitzetan: zale nagusienak. «Itzulera kontzertu horiek ondo funtzionatzen dute».

Politikaren eragina hitzetan

Hizkuntzaren hautuari dagokionez aldaketa handia dagoela adierazi du kritikariak. Garai batean, hitzak moldatu egiten zituzten, eta, horrez gain, rock eta punk estiloko talde askok gai sozialak jorratzen zituzten, hitz aldarrikatzaileen bidez. Politikak ere badu bere pisua: «Belaunaldi berriak, trapean edo rapean dabiltzanak, esaterako, sozialki aldarrikatzaileak direla ikusten da, baina pop estiloak, bestalde, hitz neutroagoak egiten ditu, eta uste dut hori politikaren eragina ere badela».

Urte batzuk atzera egin, eta musikariek zein hizkuntzatan abesten duten aztertu du hizlariak. Haren ustez, egungo belaunaldiek ez dute «hizkuntzaren egoera zapaldua» duela urte batzuetako musikariek bezain gogor bizi, eta iruditzen zaio horregatik egiten dutela euskaraz ez abesteko hautua: «Euskara hizkuntza zapaldu bat da oraindik ere, baina ez da horrenbeste ikusten, eta horrek ondorioak dauzka». Alde horretatik, esan du munduko beste leku batzuetako entzuleak lortzen laguntzen duela beste hizkuntza batean abesteak. Izan ere, Euskal Herritik at ezagunak izateko nahi horrek bultzatzen ditu talde asko beste hizkuntza batean abestera, Orbegozok nabarmendu duenez.

Feminismoaren eragina

Zaletasunaren gaiaz ere aritu da hitzaldian. Musika kritikariak esan duenez, zaletasuna gero eta gehiago lotzen da kontsumoarekin: «Kontzertu bat ikustera joaten zarenean, taldea bera ikustera joaten zara, baina baita emanaldia ikustera ere: argiak, koreografiak...». Kontsumoa bera ere aldatzen ari da: «Diskoak osorik espresuki entzun beharrean, abesti solteak entzuten ditugu». Musikazaleen «asmoak» ere aztertu ditu Orbegozok: «Jaialdietara joaten diren asko ez dira musika entzutera joaten. Asko bai, baina badago multzo bat jaialdian sortzen den festa girora joaten dena».

Horri lotuta, Orbegozok uste du Euskal Herrian musika eskaintza handia dagoela urte osoan, baina entzuleak ez direla beti hor egoten: «Jendea ez da askorik joaten kontzertuetara, baina, udan, herriko festetan, plazak bete egiten dira. Zer egin behar da? Gutxiago programatu edo zaleak sortu?».

Feminismoak kantagintzan izan duen eraginaz ere hitz egin du kritikariak: «Eskerrak gero eta emakume gehiago ari diren animatzen musika arloan lan egitera. Feminismoak lan handia egin du, eta egiten du oraindik».

Oholtza gainean emakumeen presentziak izandako bilakaerari dagokionez, Orbegozok bertsolaritzan ikusten du aldaketarik handiena. Hala ere, deigarria iruditzen zaio emakume musikari asko bakarlariak izatea. Horietako asko «pop antzerako estilo goxo, lasai batean» aritzen dira, haren esanetan.

Jakina da kontserbatorioetan eta musika eskoletan emakume asko daudela, baina, Orbegozoren ustez, bada zerbait musikari izateko eta oholtzara igotzeko pausoa ematea oztopatzen diena. Horri aurre egiteko, kuotak jartzea proposatu ohi dute zenbaitek. «Batzuetan, emakumeek sentitzen dute kuota bat betetzeko soilik deitu dietela, eta ez da polita, baina, normalizazioa lortzeko, agian beharrezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.