Gatibu taldeko kideak

Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita: «Jarraitzea izango litzateke errazena»

Gatibu taldeak 2025eko abenduaren 13an emango dio amaiera 25 urteko ibilbideari. BEC erakustazokan joko dute azken kontzertua, eta astelehenean jarriko dituzte sarrerak salgai, taldearen webgunean. Penarik gabe doazela diote musikariek.

Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita Gatibu taldeko kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita Gatibu taldeko kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

«Bagoazela, bai!». Grabagailua martxan jarri, eta galderari itxaron ere egin gabe egin du esplizitu Alex Sardui abeslariak elkarrizketaren motiboa. 2025eko abenduaren 13an eskainiko du bere azken kontzertua Gatibu taldeak, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Mende laurden beteko da orduan lehenengoz elkartu zirenetik, eta urteurren hori baliatu nahi dute euren ibilbidea borobiltzeko. Estudioko hamar diskoren bidez erakutsi dute edozein genero lantzeko duten gaitasuna, eta milaka plazatan aritu ostean ere, oraindik gai dira euren emanaldietara milaka ikusle batzeko. Baina listo. «Ezin gara ezertaz kexatu», aitortu du Haimar Arejita gitarra jotzaileak. Eta oraindik ere «hor goian» daudela utzi nahi dutela Gaizka Salazar bateria jotzaileak. Giro onean mintzo dira hirurak elkarrekin, eta haserre arrastorik gabe eman dituzte agurrari buruzko azalpenak, tarteka baita broma artean ere. Baina erabakia hartua dutela. BECekoa izango da azkena.

Eta zergatik erabaki duzue agur esatea?

HAIMAR AREJITA: Ez genekien 25. urteurrenari nola aurre egin. Aukera batzuk sortzen hasi ziren, eta ikusi genuen igual, zergatik ez, momentua izan zitekeela uzteko. 25 urte zenbaki borobila da, eta hor goian gaudela utzi nahi genuen.

Hain justu, Zeidfest jaialdian eguerdian jarri zizueten emanaldia, ordu printzipioz txarrean, baina jendea goizetik erakarriko zenuten esperantzarekin. Zuen lehen akordearekin gazte asko abiatu zen korrika kontzertura.

GAIZKA SALAZAR: Ideia hori da; bestela ez du zentzurik. Hor goian egonda utzi nahi dugu, eta ez hemendik eta bi edo hiru urtera, eta beherantz goazela sentituz.

AREJITA: Jendeak kontzertuetara etortzeari utzi arte iraun ahal duzu. Baina hori apur bat fuertea da.

Eta artistikoa ere bada erabakia, beraz?

AREJITA: Artistikoa bere bai. Orokorra.

ALEX SARDUI: Batu egin da dena. Ez da gauza bat bakarrik. Ikusten duzu apurtxo bat dinamika zein den, eta, Haimarrek esan duen moduan aukera badago data biribil batean gauzak ondo egiteko eta gauzak ondo ixteko, eta ez garenez txarto konpontzen geure artean, ba, fin emango diogu honi, eta segidan deituko dizut bazkaltzeko.

AREJITA: Bai, jode! Uste dut asmatzen gabiltzala honegaz, 25. urteurrenean eginda, gauza askorengatik. Gure legatua hor uztea da ideia, legatu polit hori utzi, eta jendeak gogoratzea Gatibu zer edo zer indartsua eta bizia zela. Pozik goaz, ze 25 urte horrek oso onak izan dira...

SARDUI: Intentsuak!

AREJITA: ...oso ondo tratatu gaitu jendeak. Zorte handia izan dugula irizten diogu, eta espero dugu azken urte hau izatea pastelaren azken gerezitxoa, Gatibuz gozatzeko.

«Ez genekien 25. urteurrenari nola aurre egin. Aukera batzuk sortzen hasi ziren, eta ikusi genuen igual, zergatik ez, momentua izan zitekeela uzteko. 25 urte zenbaki borobila da, eta hor goian gaudela utzi nahi genuen»

HAIMAR AREJITAGatibuko musikaria
Despedida batekin hasi zenuten zuen ibilbidea, 2002an. Musturrek sartunde abestiarekin egin zineten ezagun 2002an. Maitalearen etxetik korrika ihesi egin beharrean. Agur esan barik alde eginez.

SALAZAR: Orain zirkulua itxiko da, bai. Agur esan barik bagoiez izango da erabiliko dugun leloa, eta bagoaz bai.

Lehen disko haren aurkezpenean esan zenuten ez zeneukatela asmorik kontzertu asko emateko.

SARDUI: Bai, e? [Barrez].

AREJITA: Ene.

Hitzez hitz, ez zenutela asmorik «plazaz plaza» ibiltzeko.

SARDUI: Eta nor izan zen hori?

SALAZAR: Zeu! [Barre hirurek]. Egia esan, lehen disko harekin ez genuen pentsatu ere egiten ibilbide hau egingo genuenik. Ez genekien. Lehen inpaktua gogorra izan zen.

SARDUI: Gutxi jo eta ondo pasatzea zen asmoa. Beharrean egon zen hau [Arejitagatik], eta bestea [Salazarrengatik] oraindino ikasten. Eta jotzen bagenuen, ba, ondo.

AREJITA: Ez, ez, ni behar barik nengoen, eta de puta madre etorri zen. Irten egin zen, bai. Ez genuen espero horrelako harrera edukitzerik.

«Batu egin da dena. Ez da gauza bat bakarrik. Eta ez garenez txarto konpontzen geure artean, ba, fin emango diogu honi, eta segidan deituko dizut bazkaltzeko»

ALEX SARDUIGatibuko musikaria
Seguruenik ez zarete hasieratik harrera beroa jaso duen talde bakarra, baina maila horretan 25 urtez iraun duzuen bakarrenetako batzuk bazarete. Zuekin batera hasitako talde asko ikusi dituzue hazten eta desagertzen.

AREJITA: Zorte handia eduki dugu, eta ezin gara ezertaz kexatu.

SALAZAR: Ez dugu inoiz deskantsurik hartu. Talde askok, urte betez jo, eta gero urtebetez deskantsua hartzen dute. Guk inoiz ez dugu hori egin, eta nabaritzen da. Neke pixka bat ere badago.

SARDUI: Logikoa da.

AREJITA: 25 urte arin pasatu dira, baina urte asko dira, eta gauza asko bizi izan ditugu.

SALAZAR: Bizitza erdia da.

SARDUI: Laurdena, e. Nik ehun urte iraungo dut.

AREJITA: Hau kabroi hau, ehun urte, neuk diotsut baietz.

«Ez dugu inoiz deskantsurik hartu. Talde askok, urtebetez jo, eta gero urtebetez deskantsua hartzen dute. Guk inoiz ez dugu hori egin, eta nabaritzen da. Neke pixka bat ere badago»

GAIZKA SALAZARGatibuko musikaria
Estilistikoki garapen handia izan duzue. Zuen lehen diskoa, Zoramena, rock disko bat da, baina disco musikara gerturatu zarete, countryra, eta erritmo latinoak baliatuz kaleratu zenuten EH Distopikala, duela bi urte.

AREJITA: Jolasten ibili gara beti, bai. Zorionez, Gatibun ez diogu inoiz aterik itxi musikarekin jolasteari, eta beti gure estiloagaz. Bestela oso aspergarria da dena. Hamar diskotan gauza bera egitea... halakorik ez dut nahi! Niretzat musikak beti izan behar du erronkatxoa, eta beti izan behar du dibertigarria. Eta ematen du beti dela topatzeko merkatu nitxoa edo hori, baina ez da hori, gorputzak eskatzen dizunaren nitxoa da.

SALAZAR: Agian horregatik egon gara hainbeste urte hor. Lehen diskoaren klon batzuk egin bagenitu...

AREJITA: Ez, ez, ez ginateke hemen egongo. Horrek esan gura duena da gu gizarte batean bizi garela, eta gizarte horretan pasatzen diren gauzekin bere mugitzen garela. Horrek ez du esan gura irratiak botatzen digun guztia hartzen dugunik geuretzat eta hartzen dugunik ontzat, baina irteten diren gauza berri batzuk oso ondo daude.

«Niretzat musikak beti izan behar du erronkatxoa, eta beti izan behar du dibertigarria. Eta ematen du beti dela topatzeko merkatu nitxoa edo hori, baina ez da hori, gorputzak eskatzen dizunaren nitxoa da»

HAIMAR AREJITAGatibuko musikaria
25 urteotan musikagintzaren erabateko eraldaketa bizi izan duzue. Oihuka diskoetxearekin hasi zineten, 20.000 disko salduz; Baga-Biga ekoizpen etxera pasatu zineten gero; eta zeuek ekoitzi dituzue azken lanak, eta ia-ia diskoak atera beharra bera zalantzan jarriz. Aldaketa asko dira.

SARDUI: Bai, eta hoberako bat bera bere ez. 25 urte musikan, eta hoberako aldaketa bat bera bere ez. Baldintzetan diot, e, orokorrean, gremioan; ez gure kasuan bakarrik.

AREJITA: Gu hasi ginenean, euskarrien aldaketa hori martxan zen. Pendrive formatuan bere atera genuen disko bat! Eta orain hori bere pasatu egin da! Baina, begira, biniloa lehen ez genuena eduki, orain hori da balio gehien daukana.

SALAZAR: Kontzertu eta makrofestibalekin ere ikusten da gauzak pila bat aldatu direla. Gaur egun, talde txiki batek oso gaitz dauka ateratzea. Edo hor goian zaude, edo ez zaude. Guk, zorionez, hor goian eutsi diogu Euskal Herrian hainbat urtez, eta eskertzekoa da hori, horrek eman digulako jotzeko plazera eta talde moduan bizitzekoa ere.

«25 urte eman ditugu musikan, eta hoberako aldaketa bat bera bere ez dugu ikusi. Baldintzetan diot, orokorrean, gremioan; ez gure kasuan bakarrik»

ALEX SARDUIGatibuko musikaria
Profesionalizatzeko aukera ere bai? Erabat taldeari emanda zaudete orain?

SALAZAR: Gutxi gorabehera.

AREJITA: Nik uste dut musikalki gure zuzenekoa hobetu egin dugula urteetan. Nola hala hasi ginen jotzen, eta ez zen egon halako profesionaltasunik ere beste taldeen artean. Gaur egun medio asko daude, aparatuak daude kristorenak, eta, bueno, orain ja ikusten dituzu zuzeneko batzuk nahiko profesionalak, eta gure eboluzioa bere hortik joan da. Nahiko soinu ona entzuten da gure zuzenekoetan. Lehen baino hobea.

Eta orain utzi.

AREJITA: Justu orain!

SARDUI: Mugitu egin behar da.

AREJITA: Bai. Jarraitzea izango litzateke errazena. Hori izango litzateke erabakirik errazena, bai ekonomikoki, eta bai estilistikoki bere, baina noski, noiz arte eta zelan? Ez da erabaki erraza izan, e. Batere erraza ez. Baina hobea da taldea posizio on batean uztea. Oso zaila da maila honi eustea. Disko bat orain, pentsa...

«Kontzertu eta makrofestibalekin ere ikusten da gauzak pila bat aldatu direla. Gaur egun, talde txiki batek oso gaitz dauka ateratzea. Edo hor goian zaude, edo ez zaude»

GAIZKA SALAZARGatibuko musikaria
Festa egiteko proposamen bat dira zuen zuzenekoak, esaterako. Baina festa giroa sortzeko, publikoak ere festa horrekin bat egin behar du, noski.

SARDUI: Dena den, behekoari ez diogu askorik begiratu.

SALAZAR: Publikoari?

SARDUI: Hori da. Ez diogu begiratu inoiz horri. Abestiak egin ditugu bai jendeari gustatzeko, baina gehiago gu gustura geratzeko horregaz. Nik ez dut inoiz beldurrik beherantz egiteko, ze horregaz beldurragaz bizi bazara, beherantz egingo duzu. Ondo dago jakitea noiz gelditu. Uste dugu momentua dela, eta ez dugu pentsatu ez bajatu egingo garenik, ez igoko garenik, ez ezer. Ze abesti bat atera, eta bat-batean gora zoaz.

SALAZAR: Hori da! Igual uste duzu ez atzera ez aurrera zaudela, ateratzen duzu abesti bat, hit bihurtzen da, eta bat-batean goian zaude.

Euskal Herriko plaza ia-ia guztiak ezagutu dituzue urteotan. Katalunian ere izan zarete, esaterako, baina ez duzue hainbesteko ibilbiderik egin kanpoan.

SARDUI: Hori instituzioek lagundu beharko lukete.

AREJITA: Laguntzen dute.

SARDUI: Bai, baina beste era batera egin behar lukete.

AREJITA: Diru gehiagogaz.

SARDUI: Hori, adibidez. Balegoke posibilitatea zirkuitu batzuk lortzeko Europan: hizkuntza minoritarioen zirkuituetan, esaterako. Euskara eta geure kultura zabaltzeko behar genituzke horrelako gauzatxoak. Egia da hemendik atera garela, eta kanpoan jo dugula bere bai, bai. Berrik [Berri Txarrakek], Ferminek [Fermin Muguruzak] eta Zetak-ek, adibidez, kanpoan jotzen dute, eta karrera egin dute batzuek kanpoan, baina beharrezkoa da hizkuntza honek duen murriztasun hau denon artean apurtxo bat kanporatzea, ze hemen dagoen maila kulturala musikan oso inportantea da.

AREJITA: Talde asko dago, bai. Afizio handia dago. Igual beste lurralde batzuetan gehiago ikasi dute, akademikoagoak dira, Katalunian adibidez, baina hemen saltsa gehiago dago.

«Balegoke posibilitatea zirkuitu batzuk lortzeko Europan: hizkuntza minoritarioen zirkuituetan, esaterako. Euskara eta geure kultura zabaltzeko behar genituzke horrelako gauzatxoak»

ALEX SARDUIGatibuko musikaria
Eta baduzue kanpora gehiago ez zabaldu izanaren arantzatxorik?

AREJITA: Nik pertsonalki badut arantzatxoa arinago irteten hasi ez izanarena.

SALAZAR: Gazteagoak ginenean egin behar izan genuen hori.

AREJITA: Baina ez bakarrik gazteagoak ginelako, baizik eta arinago hasiz gero arinago helduko zarelako emaitza onak izatera. Baina hori ikusi egin behar da, eta ausartu, eta zure ofizinak ere lagundu behar dizu, eta denak joan behar du sintonian. Berri Txarrak izan zen guk irteten ikusi genuen lehen taldea, eta gu han egon ginen haiei begira. Berri Txarrak irten eta irten eta irten, eta hor joaten ziren. Guretzat sekulakoa zen.

Bidexkatxoak egiten, gainera.

AREJITA: Haiek kamikaze batzuk izan dira horretan, eta horregatik lortu dute. Pena hori badut. Ez ginelako konturatu gu hor bazegoela merkatu bat arinago esplotatu ahal genuena.

Estilo aldaketak gorabehera, euskara izan da beti zuen nortasun ikurretako bat.

SARDUI: Bai, era natural batean, gainera. Behartu barik. Idazten hasi, eta euskaraz hasten zara.

AREJITA: Polita da Gatiburen ondare osoa euskaraz izatea.

SARDUI: Eta bizkaieraz, geure euskalkian.

AREJITA: Noski, noski.

«Gu hasi ginenean, testuak oso serioak ziren. Oso politizatuak. Baina zuk abestu ahal duzu politikari buruz, baina beste tonu batean bere bai. Tonua falta zen. Gatibuk ekarpen hori egin zion euskal musikari»

HAIMAR AREJITAGatibuko musikaria
Letrak idazteko modu propio bat ere izan duzue hasieratik. Hasi zinetenean zuek erabiltzen zenuten tonua ez zen batere ohikoa eszenan.

AREJITA: Ez zen batere ohikoa, ez. Gu hasi ginenean, testuak oso serioak ziren. Oso politizatuak. Hori zen joera, eta listo, eta hortik irteten bazinen, ba, ba...

Kanpora.

AREJITA: Baina zuk abestu ahal duzu politikari buruz, baina beste tonu batean bere bai. Tonua falta zen. Gatibuk ekarpen hori egin zion momentu horretan euskal kulturari eta euskal musikari, eta behar zuen jendeak hori, antza denez.

Ezagun egin zintuzten lehen abestia da horren froga.

AREJITA: Bai, eta Bang-bang, txiki-txiki, bang-bang irten zenean bere, hori izan zen. Kristoren arrakasta izan zuen. Eta zergatik ez, ezta? Ze jendeak hori bere kantatu nahi du euskaraz.

Hasi zinetenetik hona asko aldatu da eszena. Nola sentitzen zarete bertan?

SALAZAR: Musikarien artean harreman oso ona daukagu, eta lagun pila bat daukagu.

Eta musikalki?

SALAZAR: Nik uste dut guk gure tokia daukagula, eta ondo defendatzen dugula.

AREJITA: Eta orain polita da ikustea talde askok musika urbanoa egiten dutela, beste batzuek musika elektronikoa, beste batzuek pop oso komertziala. Denetarik dago, eta hori lehen ez zen gertatzen.

SARDUI: Eta emakumeak eszena hartu du. Hori sekulakoa da. Kalitatean eta aberastasunean asko irabazi da horregaz.

AREJITA: Eta oraindino gorantz joan behar dute.

«Emakumeak eszena hartu du. Hori sekulakoa da. Kalitatean eta aberastasunean asko irabazi da horregaz»

ALEX SARDUIGatibuko musikaria
Otsailean hil zen Mikel Caballero, 57 urterekin. Hasieratik egon zen zuekin baxu jotzaile, harik eta 2022an utzi zuen arte.

SALAZAR: Kolpe gogorra izan zen. Urte askoan egon da gure ondoan. Laguna genuen, eta mila bizipen izan ditugu harekin.

AREJITA: Pena handia izan zen. Nire gitarra elektrikoko irakaslea izan zen Mikel, nik 16 urte nituenean. Bi edo hiru urtez egon nintzen harekin, eta ordutik beti egon ginen kontaktuan. Talde batean edo bitan aritu izan naiz harekin Gatibu baino arinago, eta Gatibu sortu zenetik aurrera bere bai, taldea utzi zuen arte.

SARDUI: Taldea sortu genuenean, urtebetez ez genuen baxu jolerik eduki. Mikelek esan zigun urtebetez baxua joko zuela, guk beste bat topatu arte, eta hogei urte eman zituen.

Ez zenuten bereziki ongi bukatu, halere. Ez?

AREJITA: Taldeetan sortzen diren gorabeherak hor daude beti, talde guztiek dauzkatenak. Mikelek hogei urte egin zituen gurekin, ez dira gutxi. Eta hor gertatzen diren gauzak gertatzen dira, baina guk ez genuen horrelako talka txarrik eduki. Gauza natural bat izan zen, taldeetan gertatzen diren horietakoa. Normala. Oso normala izan zen. Eta haren galera, ba, galera handia izan zen, eta pena handia izan da.

Eta zer espero duzue 2025eko abenduko azken kontzertu horretaz?

SALAZAR: Ez dugu hitz egin horri buruz. Orain berria ematea tokatzen da.

AREJITA: Kontzertuari buruz gauza bat esan daiteke, oso garrantzitsua dena, eta hori da gure azken kontzertua izango dela.

Ziur?

AREJITA: [Harrituta] Bai, noski.

SARDUI: Bai, bai, bai, bai, bai.

SALAZAR: Azkena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.