Hilberria

Jane Birkin aktore eta abeslaria zendu da, 76 urterekin

Europako poparen eta sexu askapenaren ikur izan da Birkin. Berriki, hainbat kontzertu utzi zituen bertan behera, osasun arazoengatik. Gidoilari eta zuzendari ere jardun zuen.

jarraia230786.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko uztailaren 17a
11:02
Entzun

Erotismoak mundua zer neurritan asalda dezakeen erakutsi zuen Jane Birkin aktore eta abeslariak (Londres, 1947 - Paris, 2023); baina ez hori bakarrik. Birkin Europako pop kulturaren eta sexu askapenaren ikur bihurtu zen 1960ko hamarkadan, eta orduko kultur iraultzaren parte izana zalantzan jarri ezinezkoa zaio aspaldi. 70etik gora filmetan izan zen aktore, eta gidoilari eta zuzendari ere jardun zuen aldi batzuetan. Hogei disko inguru eman ditu bidean, bere ahots ahul, hauskor eta iradokitzaileaz. Atzo zendu zen, Parisen, 76 urterekin.

Londresen jaio izanagatik, Birkinek Frantzian eman zuen bizialdiaren parte handiena. Sorterria utzi zuenerako, hasia zen aktore lanetan —Michelangelo Antonioni zuzendariaren Blow-Up (1966) filmean aritu zen, adibidez—, baina, Hollywooden aritzeko aukerari muzin egin, eta Paris lehenetsi zuen Birkinek, azkeneraino. Sekula galdu ez zuen azentu ingelesa ere bada haren zigiluetako bat.

Parisera iritsitakoan ezagutu zuen Serge Gainsbourg artista, haren ibilbidean funtsezkoa izango zena, Slogan filmaren grabaketan (1969). Birkin eta Gainsbourg bikote izan ziren urte luzez, eta elkarrekin eman zuten aktore eta abeslari ingelesaren abesti ezagunena: Je t'aime... moi non plus. Kantu biziki sentsuala da hura, eta intziri batzuk ere aditzen dira, besteak beste. Hala, hain handia izan zen abestiaren erotismoak eragindako asaldura, ezen debekatu egin baitzuten hainbat herrialdetan. Vatikanoak publikoki salatu zuen, baita BBC hedabideak ere. Ezinbestean, horrek nabarmen puztu zuen Birkinen sona. Horren ondotik, haren hainbat diskok erdietsi zuten oihartzun handia: hala nola Lolita Go Home (1975), Baby alone in Babylone (1983) eta A la légère (1998) lanek.

Minak hitzetan

Birkinek 2020an plazaratu zuen azken diskoa, dozena bat urteko etenaren ondotik: Oh! Pardon tu dormais... Hartan, batik bat alaba nagusiaren heriotzaz aritu zen Birkin. Alabak Kate Barry zuen izena —John Barry musikariarekin izan zuen—, eta 2013an hil zen, Parisen, bere etxebizitzatik —laugarren solairutik— erorita. Suizidiotzat jo zuten berehala, baina Birkinen bigarren alabak, Charlotte Gainsbourgek, istripua izan zitekeela esan zuen.

Ikusi gehiago: Jane Birkinen katarsia

Edonola ere, heriotza hark arrasto sakona utzi zuen Birkinengan, eta horren adierazle dira, besteak beste, azken laneko kantuetako hitzak. Cigarettes (Zigarretak) abestikoak, adibidez:

«Ene alabak bere burua bota zuen/ Eta lurrean aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Bi katu, zakur bat/ Loroa/ Lekuko/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki? [...] Hondoa joa/ Ondo maitea/ Hor/ Hilkorren ertzean/ Haur bedeinkatua/ Hutsune sideral/ Auzi medikuarenean/ Ene neskatoak zabu egin zuen/ Espaloian, han aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Eta haren eskuan, txiskeroa/ Lekukorik ez/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki?».

Kantuetan eta filmetan ez ezik, memoriak gordetzeko propio idatzitako liburuetan ere geldituko da zizelkaturik Birkinen bizitza. Hainbatetan kontatu zuenez, 12 urte zituelarik hasi zen eguneroko bizipenak idazten. 2018an Munkey Diaries(1957-1982) memoria liburua eman zuen; eta 2019an Post-scriptum: Le journal intime de Jane Birkin 1982-2013.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.