Argazkilari berezia eta ezohikoa. Bildumagilea eta irakaslea. Ia berrogei urteko ibilbidean, era askotako formatuak eta prozesuak probatu zituen Jan Grooverrek (Plainfield, AEB, 1943 - Montpon-Menesterol, Frantzia, 2012). AEBetan eta Frantzian osatu zuen bere obraren zati handi bat: New Jerseyn hasi, eta Dordoinian bukatu zuen, 1991n, bere azken estudioa bertan ezarri baitzuen. Eta bide horretan sortu zituen 150 obra baino gehiago bildu ditu orain Kutxa Kultur arteguneak, Donostiako Tabakaleran. Jan Groover. Formen laborategia izena jarri diote erakusketari, eta azaroaren 12ra arte bisitatu ahalko da.
Erakusketak Europatik egin duen ibilbidearen hirugarren geltokia du Tabakalerakoa. Suitzan aurkeztu zuten, Lausanneko Photo Elysee galerian; horixe izan baita artistaren funts pertsonalaren gordailu 2017tik, Grooverren senarrak, Bruce Boice margolariak, bertan utzi zuelako argazkilariaren artxiboa —prestaketa marrazkiak, oharrak...—.
Emilie Delcambre Hirsch eta Tatyana Franck arte historialarien komisario elkarlaneko proiektu bat da erakusketa, eta Grooverren sorkuntza indarra nabarmendu nahi izan dute, beste ezeren gainetik.
Lau bizitza
Lau sailetan dago antolatuta erakusketa: lehena, argazki poliptikoak dira. Groover margolaria zen ikasketaz; 1967an erosi zuen bere lehen kamera, eta geroztik, ez zen inoiz argazkigintzatik urrundu. «Heldutasuneko lehen ekintza» izan zela aitortu zuen berak. Hasieran, bere ingurunea erretratatzen zuen, ikuspegi hutsal batetik, baina laster hasi zen poliptiko konplexuagoak sortzen, hainbat argazki konbinatuz. Irudikatutako objektuaz gain, erritmoa, espazioa eta denborazkotasuna ere baziren haren obraren ardatzak. 1974an jarri zituen lehen aldiz poliptikoak ikusgai, argazkilaritza garaikidearen aitzindaria den New Yorkeko Light Gallery arte galerian.
Natura hilei eskainita dago hurrengo erakusketako hurrengo atala. Garrantzi handiko tartea hartzen dute horiek Grooverren obran, eta behin baino gehiagotan itzuli zen haietara. Sukaldeko natura hilak izan zen bere lehen proiektua teknika horrekin, 1977an, eta azkenera arte esploratu zuen formatua.
Hirugarren geldiunea, platinoaren eta paladioaren erabilera. Platinoak kontaktu bidezko inprimatzeak sortzeko aukera ematen du. Negatiboa paperaren geruza sentikorraren gainean jartzen da lehenengo, eta argitan gero. Emaitza matea da, belusezkoaren parekoa. Paladioarekin nahastean, koloreak berotu, eta marroixka baterantz jotzen dute tonuek. 1979an deskubritu zuen artistak prozesu hori, esperimentazio garaian —kolore argazkilaritzari buruzko eskolak ematen zituen New Yorken orduan—. Teknika «anakroniko eta erromantikoegia» iruditzen zitzaion hasieran, baina, Jed Devin argazkilariaren bultzadaz, probatzeko grina piztu, eta etapa berri bat abiatu zuen bere bizitza artistikoan. Hala, paisaia, erretratua eta biluzia landu zituen.
AEBetako eremu industrialak izan ziren Grooverren argazkietako paisaiak, apaingarririk gabekoak. Argi-itzalekin jolasten zuen, eta espazioak trebeziaz geometrizatu. Bere inguruko lagunak eta senideak izan ohi zituen, ordea, modeloak. Hortik, gorputz atalak erretratatzera pasatu zen. Gorputzak zatika erakusten zituen, elkarrengandik bereiziz. Gustuko zuen lerro zuzenek gorputzaren angeluekin egiten zuten talka. Ildo horretatik, Greeks izeneko erretratu serie bat argitaratu zuen 1982an: 30 irudi eta bi testu uztartzen ditu, bere senarrak eta Ann Lauterbach poetak idatzitakoak.
Frantziako urteek osatu zuten artistaren azken aldia. 1991n atera ziren senar-emazteak AEBetatik, eta, Parisen bizitzeko asmoa zuten arren, landetxe bat erosi zuten Dordoiniako herri txiki batean. Aldaketa horrek New Yorkeko eszena artistikotik aldenarazi zuen Groover, betidanik bere inspirazio iturri izan zen hiritik. Irakasle lanak utzi behar izan zituen, baina aurrera jarraitu zuen argazkigintzan, eta estudio bat muntatu zuen aire zabalean. Formatu handiko plaka kamera bat erosi zuen, baina, gaixotu, eta ez zenez material pisutsuekin aritzeko gai, kamera arinagoekin hasi zen lanean, 2012an hil zen arte. Le Chantier izan zuen bere azken lana, eta errepideen gaira itzuli zen harekin.
Argazkigintzan anomalia
Grooverren irudiak deskribatzeko hitz andana erabili zituzten bere garaikideek: «harrigarriak» eta «freskoak», besteak beste. Bere lan guztiak, poliptikoetatik gorputz irudikapenetara, koherentzia handiz sortzen zituela ere nabarmendu dute adituek; gai bat hamaika eratan adieraz zezakeela, hala erakusten zuela bere sorkuntza indarra.
Zaila egin zaie historialariei Groover kategoria bakar batean sailkatzea. Jakin-min biziko artista bat izan zen, eta, zerbaitek ihes egiten bazion, berriro probatzen zuen. «Tasun fotografiko» bat lortzea izan zuen helburu, eta kritika positiboak jaso zituen hasieratik.
Nahi bezala manipulatzen zuen errealitatea, eta garrantzi handiaematen zion konposizioari. Ez, ordea, gaiari; ez dago gairik haren irudietan, eta denak dira izengabeak. Ez zuen inoiz argazki oinik ere erabiltzen. Gaitasun handia erakutsi zuen forma, argia eta espazioa erabiltzeko. Hiru elementu horiek uztartu eta estetika «indartsu, denboragabe eta sentikortasun handikoa» garatu zuen. Mundu propio bat sortu zuen, «argazkigintza munduko anomalia» gisa ezagun izateraino. Emankortasun handiz jarduteak ekarri zion, berriz, publikoaren miresmena jasotzea.
Jan Groover: atzekoz aurrera
Tabakalerako Kutxa Kultur artegunean Jan Groover argazkilari estatubatuarraren atzera begirakoa jarri dute. 150 lan baino gehiago bildu dituzte guztira, lau sailetan antolatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu