Musika

Jamie Cullum, The War & Treaty, Anari, Bulego eta Judith Hill ariko dira Donostiako Jazzaldian

Zurriola hondartzako Keler gunean ariko dira, EXTC, Cristal Murray eta Sidonierekin batera. Festibala uztailaren 22tik 27ra egingo dute.

Jamie Cullum musikari ingelesa. CHARLES GALL
Jamie Cullum musikari ingelesa. CHARLES GALL
mikel lizarralde
2025eko martxoaren 6a
12:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohi bezala, aurten ere Zurriolako hondartzan egokituko duten Keler eszenatokia izango da Donostiako Jazzaldiaren gunerik jendetsu eta heterodoxoena, jazzaz aparteko musikak bilduko dituena. Lau egunez, uztailaren 23tik 26ra, zortzi emanaldi programatu dituzte antolatzaileek bertan, eta, haietan, Euskal Herriko eta atzerriko musikariak ariko dira. Donostiako 60. Jazzaldia uztailaren 22tik 27ra egingo dute aurten, eta, beraz, sei egunetatik lautan izango dira kontzertuak hondartzan.

Jamie Cullum abeslari, konpositore eta multinstrumentista ingelesa musikari ezaguna da Jazzaldian, behin baino gehiagotan jo baitu bertan. Eta aurten ere bi aldiz igoko da oholtzara. Jaialdiaren lehenengo egunean, 22an, Kursaaleko auditoriumean ariko da —hori izango da jaialdian egun horretan izango den emanaldi bakarra—, eta hurrengo egunean hark izango du hondartzako kontzertuei hasiera emateko ardura ere. Estudioko bederatzi disko ditu grabatuak Cullumek, eta arrakasta handia lortu du mundu osoan. Horren isla da musikariak Donostian eman dituen kontzertuen kopurua ere: Jazzaldian arituko den bosgarren aldia izango da aurten.

Cullumen ostean, uztailaren 23an, The War & Treaty, Tanya eta Michael Trotter senar-emazteek osatutako taldeak joko du Keler gunean. Soul, gospel eta country nahasketa indartsua egiten dute 2014an taldea sortu zutenetik, eta AEBetan arrakasta handia lortu dute, nahiz eta handik kanpo ez den hainbeste sumatu bikotearen oihartzuna.

Anarik zabalduko du uztailaren 24ko gaua Zurriolako hondartzan —bandarekin ariko da—, eta segidan EXTC taldearen txanda izango da. Terry Chambers XTC pop talde klasikoaren bateria jotzailea izan zen, eta orain banda haren ondarea zabaltzen ari da zuzenean. Izan ere, Andy Patridgek gidatzen zuen banda hark 1982an utzi zion zuzenekoak emateari, eta estudioko lanera mugatu zuen jarduna.

Bi emakumek hartuko dute Keler guneko oholtza uztailaren 25ean, Judith Hillek eta Crystal Murrayk. Lehenengoa abeslari, konpositore, gitarrista eta pianista estatubatuarra da, eta, besteak beste, Michael Jacksonekin eta Princerekin egin izan du lan. Hain zuzen ere, bere lehenengo diskoa, Back in Time (2015), Princek berak ekoitzi zuen. Hillek funka eta rock-and-rolla, R&Ba eta soula uztartzen ditu bere lanean, konplexurik gabe.

Murray paristarrak, bestalde, Bartzelonako Sonar eta Parisko Rock en Seine jaialdietan parte hartu du, eta horrek berak ere erakusten du bere musikaren eklektikotasuna. Bere musikan eragin duten artisten artean hauek aipatzen ditu, hala nola John Coltrane, Marvin Gaye, Macy Gray, Jeff Buckley, Cocteau Twins, Massive Attack, Rihanna, Beyonce, Betty Davis, Björk eta Tame Impala. Nabari da estilo bakar batean ez gelditzeko ahalegin hori bere lanean: soul, R&B, pop, rock, glam, house, techno eta bestelakoak suma daitezke pieza batean edo bestean.

Azkenik, uztailaren 26an, Bulego eta Sidonie ariko dira hondartzan. Poparen aldeko hautu sendoa egin du Azkoitiko (Gipuzkoa) talde arrakastatsuak, eta oihartzun handia izan du aspalditik Sidonie banda kataluniarrak ere.

Hemen dago ikusgai Donostiako Jazzaldiaren programazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.