Gabon giroaz baliatuz, Donostiako Jazzaldiko antolatzaileek oparitxoa egin nahi izan diete jazz musikaren zaleei. Gaur egin duten prentsaurrekoan, jaialdiaren 60. aldiko ordainpeko kontzertuetan arituko diren artisten zerrenda plazaratu dute. Haien esanetan, «kalitate handikoa, askotarikoa, erakargarria eta bizitasun handikoa» den musika eskaintza ondu dute. 2025eko uztailaren 22tik 27ra egingo dute Jazzaldia, hiriko hainbat gunetan. Ordainpeko kontzertuak Trinitate plazan, Kursaal auditoriumean, Viktoria Eugenia antzokian eta San Telmo museoan egingo dituzte.
Bihar izango da sarrerak eta bonuak erosteko aukera, 10:30etik aurrera, bai leihatilan, bai online, Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren webguneetan.
Jamie Cullumek izango du Jazzaldiari hasiera emateko ardura, harena izango baita lehen kontzertua. Uztailaren 22an izango da hori, 20:00etan. Jazza, popa eta rocka uztartzen dituen abeslari, konpositore eta musikaria da Cullum. 2003an kaleratutako Twentysomething diskoarekin egin zen ezaguna. Geroztik, beste zortzi lan kaleratu ditu, eta hamar milioi disko baino gehiago saldu.
Ez da haren lehen aldia Donostiako jaialdian. 2009an izan zen lehen aldiz —20 urte zituela—, eta 2013an eta 2015ean ere eman zituen saioak. Kursaalekoaz gain, doako beste kontzertu bat ere emango du: uztailaren 23an, Zurriola hondartzan.
Gonbidatu «berezia»
Datorren urteko aldian, Donostiako Jazzaldia Saria Marc Riboti emango diote. Hiru saio egingo ditu musikari estatubatuarrak: Trinitate plazan, uztailaren 25ean; San Telmo museoan, uztailaren 26an; eta Viktoria Eugenia antzokian, uztailaren 27an. Hurry Red Telephone taldearekin igoko da Trinitate plazako oholtzara, eta Ceramic Dog taldearekin Viktoria Eugeniakora; uztailaren 26ko kontzertuan, berriz, bakarka ariko da.
Ribot artistak inprobisazioa maite du, eta esperimentazioa eta askatasuna dira haren soinuen zigiluak. 40 urtetik gorako ibilbidea du musikaren munduan, eta artista handiekin kolaboratzeko aukera izan du; tartean dira Tom Waits, Laurie Anderson, Iggy Pop, Marisa Monte eta Andres Calamaro.
Dee Dee Bridgewaterrek We Exist! ikuskizuna aurkeztuko du Donostian, uztailaren 25ean, 21:00etan, Trinitate plazan. Emakume aktibisten lana aldarrikatzea du helburu proiektuak, iragana, oraina eta geroa aztertuz. Bridgewaterrek jarriko dio ahotsa ikuskizunari, eta harekin batera egongo dira Carmen Staaf (pianoa), Rosa Brunuello (baxua) eta Evita Polidoro (bateria).
Hein handi batean prest duten arren, Jazzaldiko antolatzaileak aldi berrirako egitaraua osatzen ari dira pixkanaka. Datozen hilabeteetan plazaratuko dituzte doako kontzertuetan parte hartuko duten artisten izen guztiak, nahiz eta batzuk aurreratu dituzten gaurko prentsaurrekoan. Besteak beste, Calere Martin eta Jessie Gordon abeslariak, War & Treaty taldea, Naissam Jalal flautista eta Bulego taldea izango dira jaialdian.
Max Roachen omenaldia
Ordainpeko kontzertuen berri emateaz gain, 60. aldiko kartela ere aurkeztu dute gaurkoan. Estudio Lanzagortako Jose Luis Lanzagorta izan da egilea, eta Max Roach perkusio jotzaileari egin nahi izan dio omenaldia afixan. Roach bera ageri da irudian, bateria jotzen. Egileak berak azaldu du hasieratik argi zuela zein bi elementu gailenduko ziren irudian: bateria eta kolore biziak.