Eskaintza askotarikoa eta eklektikoa. Hori izango du ardatz nagusia Getxoko 47. Jazz Jaialdiak gaur hasi eta igandera arte. Jazza korronte ugarik elikatzen dute, eta Euskal Herrian uztailean abiatzen den denboraldiko lehendabiziko festibal handiak hori erakutsiko du oraingo honetan. Free jazzetik funkera igarota eta doinu tradizionalei bizkarra eman gabe, gaur egun jazz etiketa zabal horren barruan lantzen diren estilo, joera eta aldaera ugariren erakusleiho izango da Getxoko jaialdia. Ohi bezala, festibaleko artista nagusiek Muxikebarrin emango dituzte euren kontzertuak, eta horietan parte hartuko dute Getxoko jaialdiak urtero antolatzen duen talde lehiaketako parte hartzaileek ere. Aurten honako hauek dira lehiaketan ariko diren lau bandak: Seada Quartet, Gerard Chumilla Quintet, Nita eta Flen.
Jaialdia James Carter Organ Triok emango duen kontzertuarekin abiatuko da, gaur, Muxikebarrin bertan. Detroiten (AEB) 1969an jaioa da Carter, eta 1980ko hamarkadaren amaiera aldera eman zuen bere burua ezagutzera, hain zuzen ere, Lester Bowiek kontzertu batean parte hartzera gonbidatu baitzuen. Emanaldi haren ondoren, Carter Bowieren taldera (Art Ensemble of Chicago) batu zen, saxofoi jole gisa. Orduz geroztik, Carterrek beste hainbat musikarirentzat egin du lan —saxoaz gain, klarinetea eta txirula joz—, baina, batik bat, ezaugarri propioak dituen bakarkako ibilbidea landu du; maisuen lana berreskuratuz —besteak beste, John Coltraneren, Lester Youngen, Billie Holidayren eta Django Reinhardten lanak berrinterpretatu ditu—, nahiz konposizio berriak aurkeztuz.
Getxora bere proiektu berriarekin etorriko da. Organ Trion, hain zuzen, Gerard Gibbs teklatu jotzaileak eta Alex White bateria joleak laguntzen dute Carter, eta hiruren artean jazza eta funka uztartzen dituen proposamen erritmikoa lantzen dute.
Oso bestelakoa izango da Hiromi Uehara pianista japoniarrak eskainiko duen kontzertua, jazzari eta musika klasikoari lotuagoa, nahiz eta pianista horren lanean ere inprobisazioak pisu nabarmena duen. 1979an jaio zen Hamamatsun, eta bere ikasketak eta lehen pausoak musika klasikoaren esparruan eman zituen. Irakasle batek jazz mundura eraman zuen, ordea, eta genero horretako musika ospetsuak ezagutzeko aukera izan zuen, tartean Oscar Peterson eta Erroll Garner. 20 urterekin AEBetara lekualdatu zen Hiromi —hori du izen artistikoa—, eta 2003an kaleratu zuen bere lehenengo diskoa (Another Mind), hirukote baten buru zela. Ordutik hona, baina, talde ezberdinekin grabatu ditu diskoak, eta baita mundu mailako birak egin ere. Bere azkeneko proiektua Sonicwonder deitzen da, eta iaz argitaratu zuen egitasmo horren lehen lana, Sonicwonderland. Disko horretan bere alderdirik elektronikoena eta dantzagarriena erakutsi du Hiromik.
Gitarraren tartea
Ostiralean, Kurt Rosenwikle gitarrista estatubatuarrak (Filadelfia, 1970) jazzera gerturatzeko beste modu bat erakutsiko du Getxon. Jazz gitarraren ordezkari nagusietako bat bihurtu da Rosenwikle, 1991n New Yorkeko musika eszenan lehen agerpena egin zuenetik, eta, denbora honetan guztian, hamabost disko baino gehiago grabatu ditu; batzuk jazz ortodoxora lerratutakoak, eta beste batzuk, aldiz, esperimentalagoak —dub, drum’n’bass eta ambient ukituak biltzeraino—. Gainera, beste hainbat musikarirekin lan egin du, hala estudioan, nola oholtza gainean; besteak beste, Eric Claptonekin eta The Rootsekin.
Jaialdiaren azken-bigarrengo egunean Stacey Kent kantaria (South Orange, AEB, 1968) izango da Getxo Jazzeko protagonista nagusia. Kazuo Ishiguro idazleak harekin lan egin du, eta hauxe dio abeslari estatubatuarrari buruz: «Staceyren ahotsak gogorarazten digu abestiak jendeari buruzkoak direla. Kantuetako protagonistek bizitza propioa hartzen dute haren ahotsaren bidez, eta batzuetan geure buruari gogorarazi behar diogu CDak ez duela irudirik». AEBetan sortua da, baina Londresko Sohoko lokal batean hasi zen kantatzen 1990eko hamarkadaren hasieran, eta han eman zuen bere burua ezagutzera. 1997an argitaratu zuen Kentek lehenengo diskoa (Close Your Eyes), eta, harrezkero, beste hamaika lan atera ditu, arrakasta handiarekin atera ere. Kenten musikan jazz klasikoaren oihartzunak antzeman daitezke, baina baita Brasilgo herri musikarenak ere.
1997an argitaratu zuen Kentek bere lehenengo diskoa (Close Your Eyes), eta, harrezkero, beste hamaika lan atera ditu, arrakasta handiarekin atera ere.
Bill Frisell gitarrista estatubatuar beteranoari (Baltimore, 1951) egokituko zaio Getxoko jazz jaialdiari amaiera ematea. Musikarik heterodoxoenaren ordezkaria da Frisell, eta urteak daramatza jazza beste musika batzuekin uztartzen, eta bere lanean free jazzaren, rockaren eta abangoardiaren arrastoak antzeman daitezke —bai bere izenean argitaratutakoetan, bai John Zornekin eta Paul Motian-Joe Lovano bikotearekin grabatutakoetan—. Getxon hirukotean azalduko da, Thomas Morgan baxu jotzailearekin eta Rudy Royston bateria jotzailearekin batean.
Muxikebarrin izango diren artistez gain, Getxoko jaialdiaren programazioak bestelako proposamenak ere bilduko ditu. Hala, egunero izango dira doako kontzertuak herriko beste gune batzuetan, eta horietan arituko dira, besteak beste, Irati Bilbao, Juan de Diego, Carmen Vela, Elis D'Hooge, Wasted Generation, Dixie Rue del Percebe eta Miguel Salvador Quartet. l
Kontzertu nagusiak
Asteazkena
19:00: Irati Bilbao. Algortako Geltokiko plazan.
21:00: James Carter Organ Trio eta Seada Quartet. Muxikebarrin.
Osteguna
19:00: Juan de Diego. Algortako Geltokiko plazan.
21:00: Hiromi Sonicwonder eta Flen. Muxikebarrin.
Ostirala
19:00: Carmen Vela. Algortako Geltokiko plazan.
21:00: Rosenwinkle Turner Street Ballard eta Gerard Chumilla Quintet. Muxikebarrin.
Larunbata
19:00: Elias D'hooge Trio. Algortako Geltokiko plazan.
21:00: Stacey Kent eta Nita. Muxikebarrin.
Igandea
19:00: Wasted Generation. Algortako Geltokiko plazan.
21:00: Bill Frisell Trio eta talde lehiaketako irabazlea. Muxikebarrin.