Idazlea profeta antzeko bat zela, eta gizarteak ekiditen zuen horri aurre egiteko lan egin behar zuela aipatu zuen behin James Baldwinek. Hain zuzen, bizirik zen artean, hori izan zen idazle estatubatuarraren mantra. Beltzen eskubideen alde egin zuen lan etengabe Baldwinek, bai eta garai hartako AEBetako gizartearen homofobia salatzeko ere —homosexuala zen—. Protesta eleberria eta saiakera jorratu zituen batez ere bere ibilbidean. Mende bat bete da gaur hura sortu zela; 1924ko abuztuaren 2an jaio zen, New Yorken.
Harlem auzoan hazi zen, hiriko auzo txiroetako batean. Txikitatik jakin zuen zer zen beltza izateagatik polizia indakeria jasatea, eta, pixkanaka, bere benetako nortasuna ezkutarazi zion giro horrek. Familia oso kristaua zuen, eta aita, predikaria. Oso sinestuna izatera iritsi zen, baina helduz joan ahala, mundu horri uko egitea erabaki, eta ateotzat jo zuen bere burua. Baldwinen ustez, zuriek afro-amerikarrak menpean hartzeko instrumentu bat zen erlijioa. Bere idazkien muinetako bat ere izan zen hori.
13 urterekin hasi zen idazten, bere institutuko aldizkarian. Erlijiotik apur bat aldentzen hasi zen garaian, mezetatik ihes egin, eta Harlemgo liburutegi publikoetara joaten zen irakurtzera. Bertan hasi zen, besteak beste, Fiodor Dostoievskiren eta Honore Balzacen lanak irakurtzen. 19 urte zituela —1943an—, aitaordea hil zitzaion, eta, ondoren, West Village auzora joan zen bizitzera; garai hartan, New Yorkeko auzo bohemioetako bat zen. Hainbat sortzaile eta aktibistarekin harremanetan jartzen hasteko aukera izan zuen orduan. Horietako bat izan zen Beaford Delaney margolaria. «Hura ezagutu ondoren, lehen aldiz ikusi ahal izan nuen beltz bat artista izan zitekeela», adierazi zuen Baldwinek.
Lekualdatu, bizirik irauteko
1948an, 24 urte zituela, Parisera joan zen bizitzera. Richard Wright idazlea laguna zuen, eta hark beka bat lortzen lagundu ostean erabaki zuen Frantziako hiriburura lekualdatzea. «Amerikatik alde egin nuen idazle izan nahi nuelako, ez idazle beltz...», argudiatu zuen Baldwinek. Idazleak ez zekien zer-nolako bizitza izango zuen Parisen, baina bazekien zein izango zuen bere patua New Yorken geratuz gero: «Kartzelara joango nintzen, norbait hilko nuen, edo ni hilko ninduten».
Handik bost urtera publikatu zuen bere lehen lana, 1953an: Zoaz mendira aldarrikatzera. Eleberri erdi autobiografikoa da; protagonista Harlem auzoan bizi den John izeneko gazte bat da, aita predikaria duena. Elizak beltzen bizitzan duen eraginaren inguruan hausnartzen du nobelak. Gai hori bera jorratu zuen The Amen Corner antzerkirako testuan ere (1954).
Frantzian garatu zuen bere ibilbide literarioaren zatirik handiena, bai eta esanguratsuena ere. Notes of a Native Son saiakera bilduman (1955), AEBetan pairatzen zen arrazismoa aztertu zuen, eta Europako egoerarekin alderatu. Homosexualitatearen eta bisexualitatearen inguruan idazteko ere ez zuen beldurrik izan; Giovanni's room (1956) izan zen gai horren inguruko nobelarik azpimarragarrienetako bat. Bi gizon zuriren arteko harreman homosexuala kontatzen du eleberriak, eta idazlearen zale zirenetako askok ez zuten gustuko izan. Bere editoreari lanaren zirriborroa aurkeztean, hark testua erretzea gomendatu zion. Albert Knopf editorea ausartu zen liburu hura publikatzera.
Eleberriak erabat eskandalizatu zuen garai hartako gizarte amerikar kultua. Horrek agerian utzi zituen jakintsua zirudien komunitate haren ezkutuko arrazakeria eta homofobia; ez zuten onartu idazle beltz batek harreman homosexual zuri baten inguruan idaztea. Hori ez zen arazo izan Baldwinentzat, berak pentsatzen zuena tinko babesten eta zabaltzen jarraitu baitzuen.
Aktibista nekaezina
1957an itzuli zen AEBetara, beltzen eskubideen aldeko borrokan aritzeko. Arrazismoaren gaia izan zen itzulitzakoan gehien landu zuena, Nobody Knows My Name (1961) eta The Fire Next Time (1963) saiakeretan, esaterako. Azken hori izan zen aktibista eta idazlearen lanik ezagunenetako bat. Beltzen eta zurien berdintasunerako deia egin zuen testuan, beste behin, AEBek zuten egoera lazgarria agerian utziz. 1964an, Blues for Mister Charlie antzezlana ere idatzi zuen.
Black Power mugimendua bete-betean zegoen 60ko hamarkadan, eta Baldwin haren bultzatzaileetako bat bilakatu zen. Richard Wright idazlearen liburu baten izenburutik atera zen mugimenduaren izena —1954an kaleratu zuen Black Power eleberritik, hain zuzen—. Besteak beste, arraza zapalkuntzaren aurkako defentsa babesten zuen, eta, hari esker, pentsamendu erradikal beltza sortu ahal izan zuen komunitate horretan. Testuinguru horretan, Baldwinek erradikala izatearen aldeko apustua egin zuen: «Ez dago arrazoirik gizon beltzok zuriek baino pazientzia gehiago izateko, eta lasaiago egoteko».
Urte gutxiren buruan, lagun zituen hiru aktibista hil zituzten: Medgar Evers, Martin Luther King eta Malcom X. Hori dela eta, Parisera itzultzea erabaki zuen, 1968an. Haiekin zuen harremana kontatu zuen Remember This House saiakeran (1979). Argitaratu bazen ere, liburua ez zegoen amaituta. Idazki hori abiapuntutzat hartu zuen Raoul Peck zinema zuzendariak I Am Not Your Negro dokumentala (2016) sortzeko. Samuel L. Jacksonek irakurtzen du testua ikus-entzunezkoan, aktibista horien artxiboko irudiak agertzen diren bitartean.
1987an hil zen idazlea, Frantziako Saint-Paul-de-Vence herrian, 63 urte zituela, urdaileko minbiziaren ondorioz.