Musika

Jamaikako hotsen artisaua

Garai oso bateko musika igaro da Lee 'Scratch' Perryren eskuen artetik. Jamaikako ekoizlerik mitikoenak ekarpen nabarmena egin zuen dub eta reggae estiloetan. Sortzaile nekaezina da.

Lee Scratch Perry zuzeneko emanaldi batean, 2016. urtean, Munichen. PIT PONY PHOTOGRAPHY.
Andoni Imaz
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ez du edonork sortzen musika estilo bat, eta ez da edonor bilakatzen garai oso bateko musikarien maisu eta bidaide. Pertsonaia eszentrikoa da Lee Perry (Kendal, Jamaika, 1936): Mad, The Upsetter, edo berak nahiago duen modura, Scratch. «Scratch sentimendu bat da, sorkuntza bat. Scratch ahalguztidunaren boterea da, hazten den hazia». Reggae eta dub musikaren aitzindaria da, beti soinu berrien bila aritu den sortzaile eta ekoizle ipurterrea. Etengabe sortzen igaro ditu azken 50 urteak, eta datorren ostiralean Donostiako Intxaurrondo kultur elkartean ariko da zuzenean.

Rainford Hugh Perry Jamaikan jaio zen. Haren amak lotura handia zuen Afrikako joruba etniako arbasoekin, eta tradizio hori pasatu zion semeari ere. Etxean jasotako kosmologia horrek eragina izan zuen Perryren musika sorkuntzan: «Reggaea Afrika Mundu Berrian bada, duba Afrika ilargian da», esan zuen behin.

Ondoren izen horiek hartu zituzten estiloekin jolasean hasi zen Perry 1960ko hamarkadan, eta 60 disko baino gehiago argitaratu ditu ordutik. Azkena, iaz, 82 urterekin: The Black Album (Upsetter). Hemezortzi dub bertsio jaso zituen han, askotariko efektuekin; pasarte argiak ilunagoekin tartekatzen dituen ekoizpen landua da. Daniel Boyle ekoizlearekin batera osatu zuen lana.

Ibilbide oparoa du Perryk sortzaile lanetan, baina ekoizle moduan ere punta-puntako musikariekin lan egin izan du: The Clash, The Heptones, The Skatalites eta Bob Marley ageri dira bere ibilbidean, besteak beste. Bide luze eta gorabeheratsua egin du, baina bada haren izenetik bereizi ezin daitekeen proiektu bat: Black Ark.

Lee Scratch Perryren lana sailkatzeko erarik errazena da Black Ark aurrekoak, bitartekoak eta ondorengoak bereiztea. Musika ekoizten hasi zenean, bere sorkuntzaren gaineko erabaki ahalmena izan nahi zuen, ahalik eta handiena. Estudio batean lanean hasi, haserretu, bide berri batekin saiatu, eta berriro ere liskarretan hasi. Azkenean, Upsetter Records sortu zuen, 1968an. People Funny Boy izan zen zigiluak kaleratu zuen lehen singlea, eta 60.000 ale saldu zituen Jamaikan.

Estudioan erabilitako teknika berritzaileek ezagun egin zuten nazioartean, ia bere izaera bitxiak bezainbeste. Lan berezi horren erakusgarria da 1970. urtean The Wailers taldearekin egin zuen Mr. Brown kantua. Efektu arraro batek biltzen du abesti osoa, eta soinu berrietara eramaten reggae musika.

Esperimentazio etengabe horrek ez zituen, ordea, erabat asetzen Perryren nahiak: bere ekoizpenen gaineko kontrol osoa izan nahi zuen. Hala, Black Ark sortu zuen; estudio bat etxeko lorategian. Estudioarekin batera, izen bereko zigilua abiatu zuen, gainera. Orduko lanak mugarriak dira Jamaikako musikaren historian. Bob Marley eta The Wailers, Junior Byles eta Junior Murvin, guztiak igaro ziren Jamaikako musikaren etxetik.

Luxuzko ekoizpenak dira ordukoak, baina ez ekoizleak luxua bilatzen zuelako, sortzen zuen musikarekin lanean behar beste denbora ematen zuelako baizik. Black Arken grabatzen zen guztia oinarrizko grabaketa materialarekin jasotzen zen; Perryren eskuek egindako moldaketek lortzen zuten soinua bakarra izatea. «Scratchek soinu berezia zuen, eta denoi eragiten zigun lilura. Gauzak egiteko bere modua zuen; haren soinua zen, eta eragina izan zuen jende askorengan», azaldu zuen Paul Douglas perkusio jotzaile jamaikarrak.

Hein batean, dub musikaren jatorriaren bila hasiz gero ere, ez legoke urruti Black Ark estudioa. Reggaearen azpigenero horretan, ekoizlea musikari bat gehiago bilakatzen da ia: aurrez grabatutako zati bat manipulatu, eta zerbait berria sortzen duelako, nahasketa mahaia instrumentu bilakatuz.

Espero gabeko legatua

«Etorkizunerantz joaten saiatu nintzen, zerbait ezberdina egiten», dio egun Perryk. «Lapurretan hasi ziren gero, eta erotu egin ninduten». 1978. urtean, estudioa erre egin zen; Perryk dio berak erre zuela, haserrealdi batean. Orain, onartzen du Black Arken falta sumatzen duela, baina behin eta berriz errepikatzen du Jamaikako jendeak eragin zuela arazoa.

1970eko hamarkadan, ez zuen berehala sinetsiko sortzen ari ziren musika entzungo zuela jendeak 40 urte geroago ere. «Ez nuen uste legatu handi bat izango zenik. Ez zen gauza handirik irteten hortik; baina zoazen tokira zoazela, Lee Scratch Perryren disko bat topatuko duzu».

Estudioaren proiektua bertan behera geratu ostean hasi zen Scratch izena erabiltzen, 1980ko hamarkadaren hasieran. Ez zen garai erraza izan musikariarentzat: bide berrien bila eman zituen urteak, noraezean, Londresen Adrian Sherwood eta Neil Fraser ekoizleekin lan egiten hasi zen arte.

Aldaketa horietarako ere badu bere azalpena Perryk. Musika sorkuntzaren berpiztea lotu ohi du alkohola edateari eta kalamua erretzeari uztearekin. Jamaikako eta Black Arkeko garaietan, ezagunak ziren ekoizlearen inguruko mitoak: mikrofonora eta grabatutako zintetara kalamuaren kea botatzen zuela kontatu ohi da, kantuaren barnera sar zedin. 2006. urtean egindako elkarrizketa batean azaldu zuen zergatik erabaki zuen uztea: «Jakin nahi nuen nork sortzen zuen musika, erretzeak ala Lee Perryk. Ikusi nuen nik egiten nuela, eta ez neukala erretzeko beharrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.