«Bizi dugun krisi sistemikoaren aurrean, erantzunak ere sistemikoa izan behar du. Eta, jakina, erantzun sistemikoek pentsamendu sistemikoa izan behar dute iturburu». Hala aurkeztu du Jakin aldizkariaren zenbaki berria Xabier Eizagirre erredakzioburuak. Gai horretan sakondu nahian, Mondragon Unibertsitateak UniverCity-UniberZiutatea mintegia antolatu zuen 2021ean, Bilbon, eta Jakin-ek orduko ekarpenekin osatu du zenbaki bikoitz berria (256-257). Denera, 11 artikulu jaso dituzte, eta «gizartearen irakurketa sistemiko eta eraldatzailean diharduten antolakundeen esperientziak partekatzea» izan da helburua. Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalaren graduko kideekin lankidetzan osatu dute.
Sarrera gisa, artikuluen sintesia egin dute Aitor Zuberogoitiak eta Monika Madinabeitiak. Testu horren ondotik datoz gainerakoak. Andoni Eizagirrek eta Miren Larreak, esaterako, politika ulertzeko eta egiteko modu berrien premia dagoela ondorioztatu dute. Bide berriak arakatzean oztopoak ere egon litezke, eta hiru traba nagusiak izan litezkeenak ikertu ditu Mille Bojerrek. Xaram Yaldak, berriz, «behetik gorako trantsizio bidea» aztertu du, eta maila lokaletik abiatu eta komunitatea sendotzeko deia egin.
Igor Kalzadak 2025. urtera bidaiatu du Euskal Herria 2025, nazio algoritmikoa. Eskubide digitalak babestuz, datafikazio estrategia emantzipatzaileak egikaritu testuan. Euskal Herria bektore digitalen bidez aztertzea izan da haren asmoa. Euskal Herrian jarraituz, euskal gizarteak Francoren diktaduraren amaieratik gaur egun arte bizi izan duen eraldaketa sozioekonomikoaren dimentsio kulturala aztertu du Gorka Espiauk.
Berrikuntza ere izan da aztergaietako bat. Naiara Goiak eta Ione Ardaizek, kasurako, lankidetzazko gobernantzan eta berrikuntzan jarri dute arreta. Javier Castrok, Auxkin Galarragak eta Koro Murok, bestalde, berrikuntza sozial sistemikoa aztertu dute.
Luis Berastegiren arabera, hiri laborategiak dira aro berriko erronkei irtenbide berritzaileak emateko gunerik egokienak, eta horiek aztertu ditu bere testuan. Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak, berriz, euskal pentsamendu berria izan du hizpide Bestela pentsatu bestela ekiteko. Gizagintza eta mundugintza bizigarri baterako artikuluan. Zenbakia ixteko, Amaia Ruizek galdera hau hartu du abiapuntu gisa: Norabidea aldatzeko garaia al da? Egunen gurpilean atalak eta Dom Campistronen kontrazalak borobiltzen dute argitalpena.
'Jakin' aldizkariak gizarte berrikuntza aztertu du 256-257. zenbakian
Mondragon Unibertsitateak antolatutako 'UniverCity-UniberZiutatea' mintegia oinarri hartuta, 11 artikulu bildu dituzte argitalpen berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu