Donostiako 71. Zinemaldia

Jaione Cambordaren 'O Corno' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Ping-Wen Wang eta Tzu-Hui Peng zinemagile taiwandarrek zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra eskuratu dute Chun xing / A Journey in Spring filmarekin

Jaione Cambordaren 'O Corno' filma. BERRIA
mikel lizarralde
2023ko irailaren 30a
22:34
Entzun

Jaione Camborda zinemagile donostiarrak zuzendutako O Corno filmak irabazi du Donostiako 71. Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Maskorra. Cambordaren bigarren film luzea da —aurretik Arima zuzendu zuen—, eta bere estreinakoa bezalaxe, galizieraz filmatu du. 1971. urtean kokatua, haurdunaldietan emakumeei laguntzen dien emakume bat du protagonista. Une batean, gertaera lazgarri baten ondoren, ihes egin beharko du, eta beste emakume batzuen laguntza izango du ihesaldi horretan.

Ping-Wen Wang eta Tzu-Hui Peng zinemagile taiwandarren opera prima da Chun xing / A Journey in Spring, adineko senar-emazteen egunerokoa kontatzen duen filma. Claire Denis zinemagilea buru izan duen epaimahaiak zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra bi zuzendariei ematea erabaki du.

Isabella Eklof  zinemagile daniarraren Kalak filmak bi sari irabazi ditu; batetik, Epaimahaiaren Sari Nagusia, eta bestetik, argazki onenarena Nadim Carlsenentzat.

Interpretazio sariei dagokienez, aktore onenarentzako garaikurra ex aequo irabazi dute Tatsuya Fujik (Great Absence) eta Marcelo Subiottok (Puan). Ez da izan azken film horrek eskuratu duen sari bakarra, gidoi onenari emandakoa ere jaso baitute pelikularen zuzendari eta gidoilariek, Maria Alchek eta Benjamin Naishtatek.

Sail Ofizialetik kanpoko sariak ere eman dituzte gaurko ekitaldian.

Euskal Zinemaren Irizar saria Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animaziozko filmak irabazi du. Sail Ofizialeko lehian aurkeztu du filma zinemagile donostiarrak.

Bestalde, Horizontes saria Martin Benchimolen El castillo-rentzat izan da, Kutxabank- Zuzendari Berriak saria Diwa Shah zinemagile indiarraren Bahadur The Brave filmak irabazi du, eta Zabaltegi-Tabakalera saria Eduardo Williams argentinarraren El auge del humano 3 lanak eskuratu du. Sail horretako epaimahaiak aipamen berezi bat egin dio Ulises de la Ordenen El juicio dokumentalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.