Euskal herritar batek gidatuko du aurten Euskal Herriko zinema jaialdi nagusiko epaimahai nagusia. Ostiralean hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta, gaur jakinarazi dutenez, Jaione Camborda zinema gidoilari eta zuzendari donostiarra izango da aurtengo Sail Ofizialeko epaimahaiburua. Ezagun du jaialdia, gainera, besteak beste Urrezko Maskorra jaso duen lehen Euskal Herriko emakumea ere badelako Camborda. Galizieraz filmatutako O Corno lanarekin irabazi zuen garaikurra iaz, eta aurten berak izango du saria nori eman erabakitzeko ardura nagusia. Beste bost kidek ere osatuko dute epaimahaia, harekin batera: Leila Guerriero idazle argentinarrak, Fran Kranz aktore eta zuzendari estatubatuarrak, Christos Nikou zinemagile greziarrak, Carole Scotta ekoizle frantziarrak eta Ulrich Seidl zuzendari austriarrak, zehazki.
Ikusi gehiago
Jaialdia osatzen duten gainerako epaimahaietako kideak nor izango diren ere zehaztu dute. Hori zen Zinemaldiaren argazki osoari falta zitzaion azken detailea. Zuzendari Berriak sailak, esaterako, Philippe Bober ekoizle eta banatzailea izango du buru, eta harekin batera izango dira Eduardo Crespo zuzendari argentinarra, Jessica Kiang kritikari irlandarra, Izibene Oñederra zuzendari gipuzkoarra eta Aulona Selmani zuzendari suitzarra.
Horizontes sailean, Fernando Juan Lima zinema kritikaria izango da burua, eta Pedro Hernandez Santos ekoizleak eta Valentina Maurel zuzendariak lagunduko dute. Eta Zabaltegi sailean, Emilie Bujes Visions du Reel zinema jaialdiaren zuzendaria izango da epaimahaiburua. Santiago Loza zinemagile argentinarra eta Hronn Kristindsdottir ekoizle islandiarra izango ditu ondoan Bujesek.
Lazkano izango da Euskal Zinemaren Sarirako epaimahaiburu
Hiru euskal herritarrek osatuko dute Euskal Zinemaren Irizar sariaren epaimahaia. Itziar Lazkano aktorea izango da epaimahaiburua, eta Joseba Lopezortega Zinebiko zuzendaria eta Izaskun Rodriguez kazetaria izango dira epaimahaiko beste bi kideak.
Culinary Zinema sariaren epaimahaiak ere hiru kide izango ditu: Irene Escolar aktorea, Javier Suarez kritikari gastronomikoa eta Luis Suarez de Lezo Gastronomiaren Espainiako Errege Akademiako presidentea.
Eusko Label Sariaren epaimahaian Frederic Boyerrek izango du epaimahaiburu izateko ardura. Tribeca eta Les Arcs zinema jaialdietako zuzendari artistikoa eta Reykjavikeko zinema jaialdiko programazio arduraduna da Boyer, eta harekin batera izango dira epaimahaian Nagore Garcia Haziko komunikazio arloko langilea eta Roberto Ruiz sukaldaria.
Hizketaldiak izeneko programako azken elkarrizketa ere iragarri dute jaialdiko arduradunek. Aurtengo Zinemaldia ixteko hautatutako filmeko lantaldeak hartuko du hitza, We Live in Time filmekoak. John Crowley zuzendaria, Nick Payne gidoilaria eta Andrew Garfield aktore protagonista arituko dira solasean. Irailaren 27an izango da solasaldi hori, Tabakalerako zinema aretoan, eguerdian. Aurrez, iragarria zuten Sean Baker, Leos Carax, Laura Carreira eta Jane Schoenbrun zinemagileen parte hartzea ere. Beren sormen prozesuari buruzko zehaztapenak emango dituzte saio horietan.