Organikoa eta artifiziala. Jaiotza eta heriotza. Galera eta lorpena. Pianoa eta sintetizadorea. Bateraezintzat jo ohi dira kontzeptu horiek, baina elkarren osagarri egin ditu TOC musika taldeak Jaioak hiltea zor diskoan. Hamaika pistaz osatutako estudioko bigarren album luzea kaleratu dute Ander Goitiak (baxua), Mikel Bilbaok (bateria), Xabier Bilbaok (ahotsa) eta Aitor Etxebarriak (gitarra). Azken horren arabera, diskoa soinu bidaia «dikotomiko eta landu bat» da, zeinak gizakiaren eta artifizialtasunaren arteko elkarreragina islatu nahi duen.
Horretarako, «soinu talken» bila aritu da taldea. Batetik, sonoritate organikoak eta humanoak ditu diskoak; horren adibide dira pianoak, biolontxeloak, gitarra flamenkoak eta ahots garbiak. Bestetik, elementu elektronikoak eta prozesatuak erabili dituzte, hala nola sintetizadoreak, bateria sampleatuak eta mozketa digitalak.
Era berean, sonoritatea ez ezik, lirikotasuna ere erabili dute elkarreragin hori indartzeko: «Galeraren esperientzia unibertsalean murgiltzen gara, haren forma ugariak eta uzten dituen emozio konplexuak aztertuz». Abesti bakoitza galerak dakarren «bizipen mingarrien» kontakizun bat dela gehitu du Etxebarriak.
Bidaia musikal bat
Taldeak lehen kolpetik garbi adierazi nahi izan dio entzuleari zer topatuko duen diskoan; horregatik jarri dute Jaioak musika pasartea lehendabizi. Bateria kolpeak baino gehiago bihotz taupadak diruditen perkusio hotsak nagusitzen dira lehen segundoetan. Jarraian, gitarra flamenkoak bat egiten du erritmoarekin, eta horren ondotik hasten da anabasa: sintetizadoreak, ahotsak, gitarrak eta piano elektronikoak.
Hiltea eta Zor pistek ere funtzio bera dute, Etxebarriak azaldu duenez: «Bi sonoritateen arteko ezberdintasun hori nabarmendu nahi izan dugu. Hiltea ordenagailuz sortutako doinuz hasten da, eta mozketa esanguratsuak ere baditu. Gutxika-gutxika, elementu organikoak sartzen dira, aurreko erritmoarekin bat eginez. Kontrakoa gertatzen da Zor musika pistan». Diskoa osatzen duten gainerako abestiak hauek dira: Hilkutxa zuria, Zuon txanpona, Enau, Preso baten hitzak, Bi aldeak, Teilapean habia, Ametsen batean eta Emoie.
«Galeraren esperientzia unibertsalean murgiltzen gara, haren forma ugariak eta uzten dituen emozio konplexuak aztertuz»
AITOR ETXEBARRIATOC taldeko musikaria
Nagusiki, Etxebarria ibili da elementu elektronikokien jolasean, buru-belarri, «friki» samarra baita. Haren aburuz, sormena are gehiago lantzen da gauza berriak egitean. «Bi helburu izan ohi dira horrelakoetan: zure konfort egoeratik atera nahi duzu, baina, betiere, oreka gorde».
Dena ez da soinua
Etxebarriaren iritziz, irudia «ezinbestekoa» da: «Kontuan izanda gaur egun musika nola kontsumitzen den, non-eta irudiarekin hain lotuta dagoen mundu batean, halabeharrez joango da musika irudiarekin lotuta, nahiz eta zuk asmo hori ez izan». Areago, gaineratu du irudi horrek musikaren pertzepzioan eragingo duela ere. Hortaz, irudiari garrantzia ematen diotela aitortu du, eta Ximon Agirre, Alex Perez eta Maria Muriedasen lana eskertu. «Hasieratik egin dugu lan haiekin, eta koherentzia eman diote irudiaren arlo horri».
«Kontuan izanda gaur egun musika nola kontsumitzen den, non-eta irudiarekin hain lotuta dagoen mundu batean, halabeharrez joango da musika irudiarekin lotuta, nahiz eta zuk asmo hori ez izan»
AITOR ETXEBARRIATOC taldeko musikaria
Halaber, nabarmendu du lortu dutela musikan duten izaeraren esentzia irudian ere islatzea. Gitarristaren hitzetan, hirukoteak diseinatutako diskoaren azalak «albumaren funtsa» laburbiltzen du, irudi gisa. Belarrezko untxi bat ageri da, «inozoa eta samurra, ingurune ilun eta bortitz batean, diskoak islatzen dituen tentsio eta kontrasteak sinbolizatuz».
'Zero kilometro' filosofia
Proiektua erabat autoekoitzia da: bandak konposatu, ekoitzi, grabatu eta nahastu du. Diskoaren masterizazioa, berriz, Urtzi Izaren esku egon da. Prozesu osoaren jabe izan da taldea, eta horren abantailak azpimarratu ditu Etxebarriak: «Malgutasun handia ematen digu horrek, bai ordutegiei dagokienez, baita antolaketari eta lan erritmoari dagokienez ere. Zure lokalean zaude, eta nahi duzun denbora duzu jolasteko eta probatzeko». Desabantailez galdetuta, gitarristak erantzun du ordu asko eman behar direla lanean, baina, iradoki duenez, gustuko lekuan ez da aldaparik.
Baliabide eskasia ere aipatu du, baina esan bezain pronto jabetu da horrek sormenaren alde jokatzen duela haien kasuan: «Nolabait, pentsatu behar baita nola lor dezakegun nahi dugun soinu hori soilik eskura ditugun elementuak erabiliz». Halere, adierazi du horrek guztiak lan karga «izugarri handitzen» duela. «Nekagarriagoa da, bai, baina emaitzak merezi duelako egiten dugu; bestela, ez ginateke hemen egongo».
Zuzeneko kontzertuak
Etxebarriak ez du ezer aurreratu zuzeneko emanaldiei buruz, baina esan du zerbait «berezia eta landua» prestatzen ari direla. Gaur-gaurkoz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kontzertuak iragarri dituzte. Lehena Gasteizen izango da, Jimmy Jazz aretoan, hilaren 23an; ez dira bakarrik izango, Pinpilinpussies izango baitute bidelagun.
Horren ondotik, otsailaren 6an, Bilboko Kafe Antzokian joko dute, Tatxers taldearen ondoren —sarrera guztiak salduta daude—. Astebete geroago, Donostiara joango dira, Dabadabara; han, Armosu taldea izango da aurretik. Azken emanaldia Iruñean izango dute, berriz ere Tatxersek lagunduta.
Ipar Euskal Herrian jotzeko «zailtasunak» izan ohi dituzten arren, Etxebarriak jakinarazi du Lasan izango direla (Nafarroa Beherea).