Aitaren etxea (Elkar) eleberriarekin bere nobelarik «anbiziotsu» eta «ausartena» osatu du Karmele Jaio idazleak, 111 Akademiaren hitzetan, «lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz». Urtarrilean hasi zuten akademiako kideen artean 2019ko libururik onena hautatzeko prozesua, eta atzo jakinarazi zuten Jaioren lanak jaso duela boz gehien. Bigarrenez jasoko du 111 Akademiaren saria, aurrez Amaren eskuak liburuagatik ere saritu baitzuten, 2006an.
Jaiorenarekin batera, beste lau liburu heldu ziren bigarren fasera: Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan eta Itxaro Bordaren Susmaezinak. Atxagarenak eta Jaiorenak jaso zuten boto gehien txanda hartan, eta, hortaz, haiek pasatu ziren finalera, eta atzo jakinarazi zuten, azkenik, Aitaren etxea-k jaso zuela boto gehien.
Bestelako sari banaketa bat
Gaur egun, guztira, 201 akademiakide ditu 111 Akademiak, eta 114k hartu dute parte urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan suertatu da Jaio garaile.
Akademiak aurten ez du jendaurreko sari-banaketa ekitaldirik egingo, halere, koronabirusaren ondorioz ezarri den «ezohiko» egoera dela kausa. Bestelako bide batzuk aztertzen dabiltza.
Jaio saritu du 111 Akademiak
Karmele Jaioren 'Aitaren etxea' eleberria izan da 2019ko libururik onena, akademiaren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu