Jaio, Astiz eta Asiain dira aurtengo lehen Euskadi Literatura saridunak

'Aitaren etxea' nobelagatik saritu dute Karmele Jaio,. 'Joemak eta polasak' liburuagatik Iñigo Astiz, eta 'Un millón de ostras en lo alto de la montaña' liburuko ilustrazioengatik, berriz, Miren Asiain

Ezker-eskuin, Bingen Zupiria, Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Miren Asiain eta Andoni Iturbe, atzo, Gasteizko Artium museoan egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hauek dira aurtengo lehen Euskadi Literatura saridunak: Karmele Jaio, Aitaren etxea nobelagatik; Iñigo Astiz, Joemak eta polasak liburuagatik; eta Miren Asiain, Un millón de ostras en lo alto de la montaña liburuko ilustrazio lanagatik. Atzo jakinarazi zituzten, Gasteizeko Artium museoan, lehen hiru ataletako irabazleen izenak: euskarazko narrazioaren atalekoa, haur eta gazte literaturakoa, eta ilustrazioari dagokiona, hain zuzen ere. Hiru irabazleak ez ezik, bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Kultura sailburuorde Andoni Iturbe ere. «Nik uste dut pandemia honek, literaturaren garrantziaz gainera, zerbait azpimarratu badu, dela irakurgaien premia eta izaera», hasi zuen agerraldia Zupiriak. «Irakurgaiak behar ditugu. Eta irakurgaiak egon daitezen, sortzaileak behar ditugu, eta sortzaileen lana babestu behar dugu». Hori bera dute helburu, besteak beste, Euskadi sariek, sailburuaren hitzetan. Baina beste ohartarazpen bat ere egin zuen: «Itxialdiak erakutsi digun beste gauza bat da mundu digital berri bat datorkigula trumilka eta indar izugarriarekin». Hori bereziki atzeman dute eLiburutegiaren bitartez, nabarmen igo baitzen irakurle kopurua konfinamenduak iraun zituen hilabeteetan. «Datorren errealitatearen seinale da, eta aintzat izan beharko dugu sorkuntza literarioa bultzatzean», nabarmendu zuen sailburuak.

Bada, tarte horretan gehien irakurri diren liburuetako bat da Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar). Idazleak pozik eta esker onez hartu zuen saria, eta bereziki eskertu zuen irakurleengandik jasotako babesa. Izan ere, idazleak gogora ekarri zuen eleberria idaztan bizi izandako «bakardadea», eta nola horrek zaildu zion sorkuntza prozesua bera. «Nire kezka nagusia zen nola saldu modu eraginkor batean normaltasunaren azpian ezkutatzen diren eta normalak ez diren hainbat gauza. Zalantza eta bidegurutze askorekin aurkitu nintzen bidean, eta bakardadean hartu beharreko erabakiak ziren». Nobela argitaratu zuenetik, ordea, «oso babestuta» sentitu dela azpimarratu zuen; izan ere, azaldu zuen hainbatek esan diotela eurek bizi izandakoak eta sentitutakoak islatuta ikusi dituztela liburuan. «Jende askok bere egin du liburua, eta hori sari handia da, konturatu bainaiz nik nituen kezka asko jendeak ere badituela, konpartituak direla».

Aitaren etxea Jaioren hirugarren eleberria da, Musika airean eta Amaren eskuak lanen ondotik. Epaimahaiak nobela «psikologikoaren ausardia formala» azpimarratu du, eta gizakien emozio eta kontraesanak adierazteko idazleak erakutsitako «trebezia» goraipatu du. Halaber, heteropatriarkatuaren salaketa egin izana, eta familia, gizarte nahiz bikote harremanetan adierazi ohi diren desberdintasun, kontraesan eta saminak azaleratzeko erabili duen «lengoaia poetiko erakargarria» aitortu diote.

Bakardadearen kontrastea

Jaioren bakardadearen «kontrastean» egindako lana da, aldiz, Joemak eta polasak liburua; Iñigo Astizek idatzi eta Maite Mutuberriak ilustratutako liburua da. Azalean bi izen agertzen badira ere, idazle eta BERRIAko kazetariak jaso du Haur eta Gazte Literaturaren ataleko aitortza soilik. «Eta ez nuke nahi hori oharkabean pasatzerik», ohartarazi zuen Astizek bere hitzartzearen hasieran: «Askotan bizi izaten dugun bakardade horren kontrapuntuan aritu garelako elkarrekin liburua bera sortzean», gehitu zuen.

Jolasetik sortu eta jolasera doan liburua da Joemak eta polasak (Elkar), eta «haur literatura peto-petoa» eskaintzen duena, epaimahaiaren hitzetan. Jolaserako proposamena egiten du lanak, izenburutik hasita, eta «estilo argi eta zuzenean» idatzitako poema laburren bitartez. Literaturaren alderdi ludikoaren aldarrikapen bat da liburua, epaimahaiko kideen iritziz, irribarre eta algara eragilea, darabilen umore «dotore eta tarteka beltz eta makarra samarra» ere badenari esker.

Hain zuzen ere, jolasa izan da liburua sortzeko «motorra», egilearen hitzetan, eta jolas horrek erraztu dio idaztean sortzen zuen oro ingurukoekin partekatzea. «Idatzi ahala asko konpartitu dudan liburu bat da. Lagunei bidaltzen nizkien poemak, eta haiek animatu egiten ninduten. Zirkuitu moduko bat izan zen, eta elkar elikatzen genuen». Sortze prozesuan ez ezik, liburua plazaratu ostean ere «babestuta» sentitu dela adierazi zuen Astizek, hainbatek beren seme-alaben bideoak bidali zizkiotelako «poemak irakurtzen eta barrez lehertzen». «Hori baino irudi ederragorik ez dago sortzaile batentzat, geziak jomuga jo duen seinale izaten baita».

Joemak eta polasak liburuak bezala, bi sinadura dituen liburua da Un millón de ostras en lo alto de la montaña (Flamboyant) ere. Alex Noguesek idatzia da, baina ilustrazioak Miren Asiainek eginak dira. Kasu honetan, ordea, marrazkilariaren lana aitortu dute Euskadi Sariko epaimahaikideek. Zehazki, haren estilo pertsonala, originaltasuna, lanean lortu duen giro magikoa eta atmosfera bereziak sortu izana aitortu dizkiote egileari.

Un millón de ostras en lo alto de la montaña zientzia liburu bat da oinarrian, «fosilen misterioa eta geologiaren magia» ardatz dituena. Hori dela eta, Asiainek aitortu zuen «erronka izugarria» izan zela liburuko marrazkiak osatzea. «Hasieran ezezkoa eman nien, oso lan zaila izango zela uste nuelako. Baina berriz deitu zidaten, eta bidaia horretan sartzea erabaki nuen. Eta begira, orain poz hau ematen ari zait». Marrazkilariak bere egin zituen Jaioren eta Astizen hitzak, eta eskerrak eman zizkien, nola irakurleei, hala liburuaren idazleari ere. Nazioartean bide luzea egindakoa da Asiain, eta aitortu zuen ilusio berezia egiten ziola bere lanaren aitortza «etxean bertan» jasotzea: «Bakarkako lana da, eta polita da beste ilustratzaile batzuek zure lana baloratzea».

Datorren astean jakinaraziko dituzte aurtengo Euskadi sarien zerrenda osatzeko falta diren izenak; euskarazko eta gaztelaniazko saiakera, itzulpena eta gaztelaniazko literatura. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, azaroaren 19an egingo dute, Bilbon.

Karmele Jaio: «Liburua atera nuenetik jaso dudan babesa biribildu du sari honek»

Iñigo Astiz: «Uste dut nik ere idatzi nuela ez hainbeste ongi egiten saiatzen, baizik eta pozik»

Miren Asiain: «Oso prozesu luzea izan zen; egin eta berregin aritu nintzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.