ELIZABELTZ
'Alabaren'
Diskoetxea: Onfire Records.
Orain bi urteko Yersinia Pestis disko harrigarria eta 2019ko EPa kontzeptu berri zenbaiten sarbide eta erakusleiho izan ziren. Zentzu guztietan, atmosferen bortxatzeak, tematikaren aberastasunak, musikaren beraren bitxikeriak, kontzeptuaren ausardiak eta profanazio ideologikoak metalaren abangoardian kokatu zuten Elizabeltz taldea. Lan haiek entzun dituenak bakarrik egin diezaioke aurre disko berri honi, bidean asko aztoratu gabe. Zuzenekoetako ikuskizunak, parafernaliak, maskarek, argiztapenak, iluntasunak eta taularatzeak berak performancea borobiltzen dute. Hau da, taldea bere osotasunean ulertzeko eragin bisuala oso garrantzitsua da.
Bultzada honek guztiak bere bidea hartua du jada, eta errepikakorra izan beharrean, aniztasun oparoa erakusten duen ibilaldi arriskutsu bezain liluragarri batean sartu gaitu. Jada ez dute heavy metal disko bat egiteko intentzio zuzenik, edo hori pentsa genezake atmosfera eta egitura hainbati eman dioten garrantzia kontuan hartzen badugu. Hori bai, hau ez da popa, ez eta antzeko beste ezer ere: gogortasun mota hau metalaren barnean sar genezake eta sartu behar dugu; gainera, giroek lehen bezain beldurgarriak izaten jarraitzen dute. Gehiago, akaso. Euskarazko heavya dugu, beraz, nahiz eta latina eta esperantoa ere erabili dituzten. Biak ala biak ere bereziki aproposak, inondik ere.
Aurreko diskoan izan zituzten eraginek (Ghost eta Marilyn Manson) bere horretan diraute, nahiz eta dagoeneko estilo propioan guztiz sartuta nabaritzen ditugun. Levitico 15 ederra eta beldurgarria da, diskoko kantu guztiak bezala. Trantzean sartzeko moduko soinuz beztitua, satanismoaren mezu askatzailea da nagusi hemen: kristautasunaren errepresioa, zigorra eta erruduntasuna salatzen dituen tratatu filosofikoa. Amaon dramatikoa da, nahiz eta Iron Butterflyren estilora sartutako teklatuak edertasun berezia ematen dion. Gainera, geroago gitarra soloa dator, eta amaiera aldera heavy bulkada suspergarria. «Aitaren, semearen, espiritu santuaren...» diskoan hainbatetan errepikatzen den mantra dugu, eta mantraz ari garela, Mantra berri horixe bera dugu, azken konbertsioa egiteko ereserki iluna: «Inposa doktrina ustela indar hutsez, gaur agurra emango diogu ba putz bakarrez. Abestuz anaiok doktrina berri hau».
Gabriel ala deabrua? Zer duzu nahiago? Jainkoak babestutako arkanjelua, ala Mephistoren mezu transgresorea? «Astoen hizkera ez dut ulertzen, eta deabrutxoak dit argi hitz egiten». Melodia zoragarria da, eta musika ikara sortzeko modukoa eta, aldi berean, ederra. Gabrielek gezurra dio, beraz. Mantra aipatu dugunez, Kurtzio udazkenien latinez kantatutako otoitz moduko kantu liluragarria dugu. Ahotsaren sentsibilitatea bereziki aipagarria da, eta hori gutxi balitz bezala, errepika eraginkorra («Autuno venas, La sango vivo») eta azken crescendo garailea dauzka. Zin diskoko gogorrena da, eta eskertzen da, baita hitzak ere: «zin dagizut...ene odolen lotsarik ez dut. Amak kaiolatik ikasminez ihes egin zuen». Ergastula bera orkestra batekin jotzeko moduko altxor preziatua dugu, orain estridentea, gero atonala, gero brutala... harmonikoki aberatsa, HellEnd bezala. Hau martxa baten modukoa dugu, nesken ahotsak dira nagusi eta crescendo koralak txapela kentzera garamatza. Amaiera txundigarria, bai horixe.