SAULT
Dean Josiah Clover Inflo ekoizle britaniarrak zuzendutako Sault kolektiboaren 11. diskoa iritsi zaigu oraintsu; hain justu, iazko urtearen amaierarekin batera. Modu kasik anonimoan aritzen den talde horrek 2024ko udan zabaldu zituen diskoan jasotako bederatzi kantuak Wav formatuko fitxategi baten bitartez, gero, abenduan, zuzenean aurkezteko asmoarekin, Londresko Drumshields aretoan —gaur arte egin duten kontzertu bakarra da—. Bada, disko fisikoan agertu arte hilabete batzuk pasatuko direnez, Acts of Faith hau dagoeneko Bandcamp-en entzun daiteke, bai eta gainerako plataformetan ere, imajinatzen dut.
Inflok ohiko susmagarrien laguntza izan du diskoa grabatzeko, eta horien artean, Cleo Sol abeslari soulzalea nabarmentzen da, duen ahots sotila tarteko —Chronixx-en ahotsa ere entzuten da tarteka—; Little Simz, Kid Sister eta Michael Kiwanuka dira Saulten diskoetan parte hartzen duten beste kideetako batzuk.
Diskoak zirriborro itxura izanagatik ere kantuek inprobisaziotik abiatutako zertzeladaz margotuak diruditenez gero, lana giro sosegatuz estalita dago, eta ezti-ezti abiatzen da, hasieratik amaierara arte, betiere kutsu espiritualeko soul atmosfera bakarra haizatzeko, nahiz eta tarteka jazz eta gospel ukituak azaleratzen diren. Hala, pentsa daiteke grabazioak definizio falta nabarmena erakutsiko duela, baina ez da halakorik, 2022an batera aterako bost diskoek —Earth, Today & Tomorrow, 1, untitled (God) eta Air— baino sendotasun handiagoa erakusten baitu.
Izan ere, grabazioa Jainkoaren eta fede kristauaren inguruan ardazten da, eta horretako, Inflok eta Cleo Solek —bien artean idatzi dituzte kantu gehienak— mezu positiboz bete dute diskoa; esaterako, diskoa ixten duen eta pianoak eta sokek bultzatzen duten zazpi minutuko soul tankerako aienean, Cleo Solek ondoan duenarekiko fedea goresten du —esango nuke doinua Inflok Cleorekiko sentitzen duen maitasunaren isla dela—: «Emakume, estali nazazu zure maitasunaren azpian, estali nazazu zure maitasunaren azpian,/ ez nazazu kanpoan utzi hotzean, o, ez / Asko pozten naiz hain baxu arraun egin behar izan ez dudalako./ Asko pozten naiz nire ondoan izan zaitudalako/ eta maitasuna nahi badut ere, apustu egiten dut Jainkoak emango didala, laztana./ Zurekin nire bizitza osoa zorionez partekatzen dut orain (o)».
Hori dela eta, batzuek esan dute Acts of Faith gospelaren eta neosoularen arteko «hibrido modernoa» dela, eta, egia esan, baieztapen nahiko zehatza da, diskoa klasikotasunaren eta garaikidetasunaren arteko oreka gozoan baitabil. Hala, soul munstroen itzala luzea izanagatik ere, tartean Marvin Gay, Isaac Hayes eta Curtis Mayfield —funk manerak agertzen dituen Soul Clean abestian agerikoa da Superfly soinu bandaren egilearen influentzia—, grabazioak ez du gaurkotasunik galtzen, Inflok ekoizpenean egin duen lan fina tarteko. Horrekin batera, 1970eko urteetako soul dotorean oso jantzita dagoela erakutsi du ekoizleak. Finean, musikari talde misteriotsu honen ahalegin berria aintzat hartzekoa da, inprobisazioan oinarrituta egon arren soul espiritualeko obra handi eta sendoa baita, bere ahuldadean.
Gainera, Saultek erakusten du, nahiz eta merkatuaren arau eta dinamiketatik urrun jardun, gai dela hamaika perla beltz sortzeko, eta, era berean, sekulako zale pila biltzeko diskoen inguruan, emanaldiak, oraingoz, oso eskasak baitira.