Jainkoa hilda zegoela esanez hasi zuen ibilbidea Pi L. T. taldeak 1990eko hamarkadaren bukaeran, eta, 2006an proiektua etetea erabaki bazuten ere, Rafa Rueda taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak dioenez, sekula ez zuten iragarri Pi L. T. ere hil zenik. «Inoiz ez dugu esan taldea desagertuko zenik. Bere garaian proiektua baztertuta utzi genuen, baina ez genuen bukatutzat eman sekula». Isilaldi luze baten ostean, 2017an itzuli ziren oholtzara, kontzertu gutxi batzuk emateko, eta, koronabirusak eragindako krisiaren ostean, presiorik gabe, baina 2023ko udan piztu zitzaien berriz ere jakin-mina ikusteko gai ote ziren kantak sortzeko, Dimako (Bizkaia) Dimetal jaialdirako prestatzekoak ziren entseguetan. Musikariek elkarri esan zioten ezer ez aterata ere ez zela ezer gertatuko, baina atera egin zen, eta, orain, hogei urteko etenaldiaren osten, Balak airean (Balaunka) izeneko diskoan bildu dituzte hori frogatzen duten sei abestiak.
«Txute bat izan da», onartu du Ruedak. Aurrez ere pozik zeuden itzulerako kontzertuetan izandako erantzunarekin, eta, kasualitatez, taldekide guztiak zeuden proiektuari denbora eskaintzeko moduan. Baina, musikariak dioenez, besterik zen elkarrekin berriro ere kantak sortzeko gai ote ziren ikustea. «Kontzertu batzuk bagenituen, eta hasi ginen lokalean biltzen, baina ez geneukan argi noraino eramango gintuen horrek. Ez genion geure buruari diskorik egiteko presiorik jarri, eta argi ikusten genuen ez bagenuen aurreko kimikarik lortzen beste proiektu batzuekin hasiko ginela, eta ez zela ezer gertatuko horregatik. Baina lehen entseguetan jada ikusi genuen hura ondo zihoala, eta elkar hobetzen genuela. Aspaldi ez genuen sentsazio hori bizi izan, eta aurrera egitea erabaki genuen. Honek oxigeno asko eman digu denoi».
«Lehen entseguetan jada ikusi genuen hura ondo zihoala eta elkar hobetzen genuela. Aspaldi ez genuen sentsazio hori bizi izan, eta aurrera egitea erabaki genuen»
RAFA RUEDAPi L. T. taldeko kidea
Ruedak dioenez, «patxadaz» hartu dute prozesua, eta horregatik ditu diskoak sei kantu. Eta taldeak bere ibilbide osoan erakutsi izan duen eklektikotasunaren froga dira abestiak.
Rockaren eta metalaren artean dabilen Balak airean kantarekin abiatzen da diskoa, esaterako, eta tempo azkarrak eta erdiak uztartzen dituen Banpiroak abesti zuzena da bigarrena. Hirugarrenak balada ilun baten kutsua du, Katuarena izenekoak, eta Garai honetan izeneko abestia da, bestalde, taldearen lelo melodiatsuak sortzeko gaitasunaren adibiderik argiena. Garai digitalari eta nagusi den presari egindako kritikak entzun daitezke hitzetan, eta stoner tanta batzuk ere igar daitezke han eta hemen. Eskua pop-rock kanta dotore bat da, eta Oraindik ez dakizun arren abestiarekin amaitzen da lana.
Laukotean
«Diskoa goitik behera, oso-osorik egin dugu guk», azaldu du Ruedak. Haiek sortu dituzte kantak, noski, eta musikariak zehaztu duenez, «talde modura» beti; are, taldekideen esku egon dira diskoari lotutako beste hainbat lan ere. Xanpek Bilbon duen Koba estudioan egin dituzte grabazioak, esaterako, eta hura aritu da soinu teknikari. Horrez gain, Gonzalezenak dira diskoaren diseinu lanak, eta Abiok ateratakoak dira promozioko argazkiak.
1993an sortu zuten taldea: Rueda kantuan eta gitarrarekin, Aitor Abio teklatuan, Jose Manuel Sampedro Xanpe baterian eta Txarli Solano baxu jotzaile. Azkenak taldea utzi, eta David Gonzalez batu zitzaien gerora. Bost disko eman zituzten argitara 1996tik 2004ra bitartean, eta taldeko kide izandako musikari guztiak elkartuta aritu izan dira 2017az geroztik egindako kontzertuetan, boskote modura. Ruedak zehaztu duenez, ordea, Solano Madrilen bizi da egun, eta ezinezko egin zaie kanta berriak ere boskote modura sortu eta grabatzea.
Baina, Ruedaren hitzetan, baliteke aurrerago Solano ere proiektura edo zuzenekoren batzuetara batzea. «Ez dugu inolako haserrerik izan».
«Sekula ez dugu aurrez planteatzen sailkaezina den zerbait egitea. Halakoak gara, eta ez dakigu bestelakoak izaten»
RAFA RUEDAPi L. T. taldeko musikaria
Pi L. T. amaitu zenean, bakarkako bidea hasi zuen Ruedak, eta sei disko kaleratu ditu orduztik. Eta hark bezala, beste taldekideek ere hainbat proiektu esanguratsutan parte hartu dute taldearen ibilbidea eten zutenez geroztik. Revolta Permanent eta Matxura proiektuetan aritu da Abio, esaterako, eta Berri Txarrak taldeko kide ere izan da Gonzalez taldearen azken urteetan. Eta esperientzia horrek guztiak ere utzi du lorratzik Pi L. T. taldearen disko berrian.
Elkarrekin aritzen direnean, «intuizioa» izaten du gidari, Ruedak dioenez, eta horren ondorio da Pi L. T.-ren nortasuna. «Oso gustu aukera zabala dugu guztiok, eta ez gara musika estilo bakar batean bakarrik kokatzen. Gutako bakoitzak, igual, joera handiagoa du baterako edo besterako, baina denok entzuten dugu era askotako eta estilo askotako musika, eta oso modu naturalean agertzen da hori gero. Sekula ez dugu aurrez planteatzen sailkaezina den zerbait egitea. Halakoak gara, eta ez dakigu bestelakoak izaten».
Durangoko Azokan, Balaunkak jarriko duen erakusmahaian egongo da eskuragai diskoa, CD zein binilo formatuan.
kontzertuak