Ikasleak arduratu dira antolakuntza osoaz. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari dira Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean, laugarren mailan daude, eta gaurtik ostiralera bitarte egingo duten Huhezi zinema jaialdia osatu dute.
Kultur ekitaldien antolaketa izeneko alorraren barruko egitasmoa da jaialdia, eta 2008. urtetik antolatu ohi dute. Hiru taldetan banatzen dituzte eginbeharrak: produkzioaz arduratu dira batzuk, programazioaz besteak, eta komunikazioa jorratu dute gainontzekoek. Horretan aritu da Irati Alvarez ikaslea. «Moduluka eta proiektuka baliozkotzen ditu unibertsitateak jakintzak; hortaz, urtero ikasle talde berri batek antolatzen du Huhezinema».
Jaso dituzten 84 ikus-entzunezkoetatik, 32 lan pasatu dira finalera —10 Sail Ofizialera, 10 Ikasle Sailera eta 12 Bideoklip Sailera—, eta Aretxabaletako (Gipuzkoa) Zaraia zineman erakutsiko dituzte. Hauek dira Sail Ofizialeko filmak: Estibaliz Urresolaren Cuerdas; Aitzol Saratxagaren Lanbroa; Ana Lambarriren 36; Eñaut Castagneten Muga; Pedro Riveroren eta Kevin Iglesiasen Los dias que (nunca) fueron; Natxo Leuzaren Our Voices; Maider Oleagaren Irrits; Marta Gomezen Hondarrak; Leire Egañaren Erlojupekoa eta David Gonzalezen Siempre Lunes.
Sail Ofizialaz gain, ordea, beste bi sail ere izango dira aurtengo egitarauan: Ikasle Saila eta Bideoklip Saila. Alvarezek azaldu du bideoklipen alorra iaz estreinatu zutela eta, izan zuen «arrakastaren» ondorioz, berriro egitea erabaki dutela aurten taldekideek. Modulu horren koordinatzaile lanetan Maialen Torres aritu da, eta Ibai del Campo irakasle eta zinemagilearen gidaritzapean ibili dira Huhezinema antolatzen.
Epaimahaia ere «askotarikoa» izango da: Andoni Imaz BERRIAko kazetariak, Nagore Ezeiza film zuzendariak eta Kepa Errasti aktore eta gidoilariak osatuko dute epaimahai ofiziala.
Bost sari banatuko dituzte: Ikasle Sailean, film onenaren saria (300 euro) eta MU saria (150 euro); Bideoklip Sailean, euskarazko klip onenaren saria (200 euro) eta bideoklip onenaren saria (300 euro); eta, azkenik, Sail Ofizialeko Huhezinema saria (800 euro). Horrez gain, hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean, giza eskubideak eta justizia sozialaren gaiak egokien txertatzen dituenak jasoko du Mundukide saria. Mondragon unibertsitateko ikasle talde batek Vertigo saria banatuko du, eta, nobedade gisara, Senior saria emango dute.
Zinema munduaz harago, publiko zabalarengana eta adin askotako zaleengana hedatu nahi izan dute festibala, Alvarezen hitzetan: «Zabalkundea hartu dugu ideia nagusitzat, eta, horrekin, alde askotatik landu dugu zinema hitzaren esanahia».
Gaurko, egun osoko egitaraua antolatu dute: 10:00etan, Kurtzebarri eskolako proiekzioak irekiko du jaialdia; ostiralean, elektrotxarangak eta DJak itxiko du, Ezkutu tabernan; eta tartean izango dira filmen proiekzioak eta sari banaketa.
Jaialdia osatzea ikasgai
Gaurtik ostiralera, hiru sailetan banatutako 32 film erakutsiko ditu Huhezinemak, Aretxabaletan. Hainbat sari banatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu