Errenterian III. Jaialdi Akustikoa antolatu dute Oarsomusika elkarteak eta MusikaZuzenean komunitateak. Etzi egingo dute kontzertua, 19:00etan, Niessen aretoan. Taula gainera hamabi musikari igoko dira, eta bakoitzak bi kantu eskainiko ditu, guztira bi orduko emanaldia osatuz. Sarrerak 8 euro balio du aurrez erosita eta 10 bertan lortuta.
Formatu txikian dabiltzan musikariak bildu dituzte aurreko urteetan, hala nola Mursego, Sorkun, MobyDick, Petti, Gorka Urbizu, Imanol Ubeda, Joseba B. Lenoir, Morau ta Benardo, Jon Gurrutxaga, Anari... Aurten ere, estilo askotako musikariak aukeratu dituzte kontzerturako, etabatera ariko dira Amorante, Liher, Eneritz Furyak, Imanol Carballo, Jon Basaguren, Mikel Uraken, Ekiza, Lorea Intxaurrandieta, Occhi Di Farfalla, Josu Bergara, Physis Versus Nomos eta Goliath.
Bakarlarien gaua
Emanaldirako aukeratutako musikari gehienak normalean taldeetan aritzen diren arren, parte hartzaile guztiak bakarlari ariko dira etzi. Amorante taldeko Iban Urizarrek «aho zabalik» utzi ditu jaialdiko antolatzaileak, eta antzekorik entzuteko aukera gutxitan egoten dela azpimarratu dute; Lide Hernado abeslari donostiarra da Liher izenpean dabilen bakarlaria, duela bi urte abesten hasitakoa; Kasernarat taldeko abeslari Eneritz Furyakek gitarra akustikoaren bidez egingo du bakarkako saioa; han izango da Izaki Gardenak taldeko abeslari eta sortzaile Jon Basaguren ere; Mikel Uraken bilbotarrak folk rock akustikoa egingo du.
Gainontzeko parte hartzaileek ere taldetik kanpo sortutakoabestiak joko dituzte Errenterian: etenaldi bat aprobetxatuz, Willis Drummond taldeko abeslari Jurgi Ekizak Ekiza egitasmoa aurkeztuko du; Hodei Esteban eta Miren Aranguren abeslariek ere Occhi Di Farfalla proiektu akustikoa ezagutaraziko dute; Josu Bergarak erritmo berriak aurkeztuko ditu; Beñat Antxustegik Physis Versus Nomos bakarkako proiektua emango du; David Ondars Goliath moduan taularatuko da, eta Imanol Carballo eta Lorea Intxaurrandieta Oarsomusika taldeko ordezkariak izango dira.
Jaialdi Akustikoa antolatu dute etzi Errenteriako Niessen aretoan
Amorante, Liher eta Jon Basaguren abeslariak bildu ditu MusikaZuzenean komunitateak, besteak beste. 19:00etan hasiko da saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu