Donostiako Irale ikastegian beste irakasle batzuei «irakasten ez, erakusten» dabil azken urteotan Asier Serrano (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Literatura eta sormena izaten ditu hizpide haiekin, eta gai berak eraman ditu Euri gorriaren azpian nobelaren ardatzera (Erein, 2024). Idazle izandako emakume bat du protagonista, zeina aspaldi atzean utzi zuen hirira itzuliko den, hilzorian den gizon antzerkigile bati emandako hitza betetzeko. Hari bere bidaian segika, ama izateko nahi eta ezinari, iraganari, memoriari eta sormenari buruzko gogoetak jasoko ditu irakurleak. Serranok duela sei urte idatzi zuen testua, baina tiradera batean izan zuen gerora. Bertan bere unibertso literario osoa bildu duela sentitzen du idazleak, eta itxitzat eman dezakeela garai batean literaturan nahiz musikan abiatu zuen bidaia. Beste bide batzuk urratu nahi lituzke aurrerantzean.
Baziren urte batzuk libururik plazaratzen ez zenuela. Nobelaren aurkezpenean esan zenuen promes bat betetzeko hasi zinela liburu hau idazten. Zein zen promes hori?
Erlojugilea idatzi nuenean, oso argi neukan trilogia baten lehen liburua izango zela. Bukatu, eta zalantzan egon nintzen akaso bigarrena ere ez nuela aterako. Gero Abisalia etorri zen, eta ez dakit gogorik ba ote nuen nire geografia literario horretara itzultzeko. Eta gerora gogoa sentitu nuen hiruko hori betetzeko. Berriro bueltatu nintzen interesatzen zitzaizkidan gaietara: boterea, gerraren testuingurua, giza harremanak... Eta, batez ere, hori fikzio gune batean kokatzera, ezleku batean, nire geografia literarioan. Promesa ere bazen —batez ere gerora— itxi behar nuela hiri gorriaren, Abisaliaren eta nire literaturaren mundu hori guztia, eta uste dut liburu hau bukatzean lortu nuela esatea orain dagoeneko ez diodala ezer zor nire literaturari, hau da, amaitutzat ematen ditudala horiek guztiak. Liburu motza da, baina nire obsesio literario guztiak aurki daitezke bertan; nire estiloa ere bertan dago laburbilduta, bere ahulgune eta indarguneekin.
Duela sei urte idatzi zenuen nobela, eta tiraderan gordeta eduki duzu. Istorioan, protagonistak ere planteatzen du zergatik edo zertarako idatzi. Erantzunik topatu diozu galdera horri?
Bai, liburu honek erantzuten dio nire galdera horri; idazten ari nintzela ere, galdera horrek apurka erantzuna jasotzen zuen. Eta gero batez ere kezkatzen ninduena zen zertarako publikatu. Liburuaren lagina lagun eta lankideen artean partekatu nuen, zalantza izugarriak nituelako, oso pertsonala iruditzen zitzaidalako eta idaztean bere funtzioa bete zuelako. Oso hilabete gutxitan hasi eta bukatu nuen, eta burbuila baten moduan gogoratzen ditut hilabete horiek; zaratak isilarazteko gune bat zen liburu hau idaztea, baina gizartearen zaratak hor zeudela jakinda, eta horiei esplikazio bat eman nahian, esplikazio metaforiko bat. Baina zertarako publikatu? Akordatzen naiz Andu Lertxundiri galdetu niola ea berak zergatik publikatu izan zuen. Eta bere iritzia eman zidan, bere bizipenak kontatu zizkidan...
Eta konbentzitu zintuen...
Erantzun eder bat eman zidan, eta horrekin nahikoa izan nuen. Baina zergatik eta zertarako hori bizipen pertsonal batekin lotu nuen. Ebakuntza larri bat izan nuen duela lau urte, eta ordutik min neuropatikoak ditut. Biktimismo hipokondriako larri batean sartuta pasatu nituen lehenengo bi urteak, batez ere galdera okerra egiten niolako neure buruari: «Zergatik min hau? Zergatik niri? Zergatik ez da joaten?». Eta momentu horretan alaba jaio zitzaidan, eta orduan ulertu nuen dena: galdera aldatu beharra neukan, ez baitzen hainbeste zergatik, baizik eta zertarako. Eta ziurrenik izango da bestela ez nukeelako nire alaba ezagutuko. Azkenean, horri tiraka, liburua kaleratu nuen, eta orain badakit zertarako: behin promes hori beteta, liburua alabari eskaini nion, eta ez dakit balekoa den edo ez, baina niretzat badu beharrezkoa den orrialde bat behintzat, alabari egindako eskaintzarena.
«Zaratak isilarazteko gune bat zen liburu hau idaztea, baina gizartearen zaratak hor zeudela jakinda, eta horiei esplikazio bat eman nahian»
Nobelara itzulita, nondik abiatu zinen idazteko bidean? Landu nahi zenuen gaia zenuen argi, istorioa bera, ala pertsonaiak izan ziren istorioa eraikitzen hasteko abiapuntua?
Gizartean boz goran hitz egiten ez den gai batetik abiatu nintzen: amatasunaren-aitatasunaren bilaketa obsesibo hori ulertu nahi nuen. Nik oso gaztetatik nahi izan dut aita izan, 47 urterekin izan nintzen azkenean, eta inguruan zailtasun hori izan duten asko ezagutu ditut, batez ere emakumeak. Eta hortik abiatu zen, min horretatik eta ingurukoak ulertu nahi horretatik; ulertu nahi nuen beste sentsibilitate fisiko hori, amatasunarena, eta emakume protagonistak bizi duenarekin enpatizatu.
Nobelaren hasieran talde bortxaketa bat dago, eta abiapuntua izugarri gordina da, baina neure buruari erronka bat jarri beharra neukan: ea hori kontatu gabe konta nezakeen emakume horren bizitzan epizentroa izango den min hori. Uste dut hori izan zela erronka: ea zenbateraino heldu naitekeen bestea ulertzera.
Izenik gabeko hiri batean kokatu duzu istorioa, eta hiria ere sarritan jarri duzu ardatzean zure lanetan. Zer eskaintzen dizu agertoki horrek?
Hiri guztiak berdinak dira, funtzio bat betetzen dutelako: jendilaje asko babesteko edo ezkutatzeko gunea da hiria. Eta hiria, kasu honetan edo nire literaturan, bada izaki bat, munstro bat, piztia bat. Eta bere gune bakoitzak funtzio bat betetzen du; gorputz atal bat da. Liburu honetan interesatzen zitzaidan hiriaren geografia edo anatomia arakatzea: liburutegia azaltzen da, museoa, ibaia, aldiriak, antzokia... kulturarekin zerikusia daukatenak.
Istorioko pertsonaia guztiek ere zerikusia dute kulturarekin edo sormenarekin. Protagonista idazlea, gizonezko antzerkilaria, Biharamuneko Ilusionisten Klubeko kideak...
Bai, klub horretako kideek sormena erabilita salbatu dute beren burua, eta bazterrekoak dira, galtzaileak... Ni zorte handikoa izan naiz bizitzan, eta akaso pribilegio horrek eman dit gizartean horren pribilegiatuak ez diren horien boza jasotzeko interesa; galtzaileen figura asko interesatu izan zait beti. Liburua idatzi eta gero pandemia iritsi zen, eta arrazoibidea akaso pandemia osteak eman dit, hau da, ikusteak ezer ez dela aldatu, eta liburuak baduela gaurkotasun bat. Nik literatura beti erabili dut gizartea ulertzeko; esan izan dut sortzailearen lana dela barruan daukan oihu hori ateratzea, eta oihartzun bihurtzea bilatzen duela, partekatzea.
Bestalde, hiriak badauka gaitasun eder bat: dena ahazten du. Eta literaturak balio du, hiriaren historia kontatu beharrean, kontakizun edo istorio txikiak kontatzeko.
«Uste dut hori izan zela erronka: ea zenbateraino heldu naitekeen bestea ulertzera»
Memoriarena da, sormenarekin batera, protagonistak mahai gainean jartzen dituen beste gaietako bat. Nork bere iraganarekin duen harremana, edo herri batek duena, zer interesatzen zitzaizun kasu honetan?
Bi-biak, batez ere iraganarekin daukagun harreman gatazkatsu hori. Iraganak beti eramango gaitu nostalgiara, eta nostalgia ederra izan daiteke, baina badu zerbait tranpatia, eta ondo kudeatzen jakin behar da.
Bestetik, istorioa une atenporal batean kokatua dago, baina XX. mendean edo XXI. mendearen atarian koka liteke, eta izugarria da, baina ez dut ezagutzen herrialderik zeinak garai horretan ez duen bizi izan gerra zibilik, diktadurarik... Hala, hiri baten memoria ere ekartzen dut, bere aldaerekin. Ez nabil gure herriaz, edo ez gure herriaz bakarrik, Esloveniaz ari naiz, Nikaraguaz, Malawiz, Txinaz... Errepikakorra da, botere bat dagoelako, eta uste dut botere hori ikusezin bihurtu zaigula; gizakiak barnean daraman itzal bat da botere nahia, baina badago beste zerbait horren atzean, ez dakidana esplikatzen. Eta badago nire sortzaile planotik horretaz guztiaz hitz egiteko gogo bat, nahi bat, gizartea kritikatzeko, gertatzen diren gauzak salatzeko, baina ni ere gizarte horren parte naizela ulertuta edo onartuta, nire argi-ilun guztiekin.
Istorio bortitza da, baina idazkera poetikoa erabiliz kontatu duzu. Zaila izan zaizu oreka horri eustea?
Nik uste dut begirada dela. Gauza bat estetika da, ikusten duguna, eta gero dago estetika hori arakatzen dugunean agertzen zaigun etika guztia. Edonora joanda aurkitu dezakegun edertasunaren horrorea edo horrorearen edertasuna. Eibartik nator, tailer zahar eta abandonatuetan hazi nintzen, eta niretzat hori da ederra, espazio huts baina aldi berean oraindik atmosfera betea daukaten horiek; inspiratzen naute, ez zait gogorra egiten.
Niretzat liburu honetan zailena izan zen errazkerietan erori gabe erraz idaztea. Emakumeak idazten duen antzezlanaren gidoiarekin neure burua proban jarri nahi nuen; gidoiek behar dute azkartasun hori, eta hor poetikotasunez eta erraz, xume idaztea oso zaila egin zait.
Poesia idatzi izan duzu maizen, baina narratiban ere tonu poetiko hori agertu ohi duzu. Nola lotzen dira zure baitan biak?
Kuriosoa da, gerora konturatu naiz: nire poesia oso narratiboa da, eta, aldiz, nire narratiba oso poetikoa. Akaso izango da ez daukadalako horretarako erantzunik, ez ditudalako bereizten. Garai batean bai, garai batean akordatzen naiz narratibari mugak jartzen nizkiola, eta urteekin hori nahasten joan da, lausotzen, baina ez diot garrantzi handirik ematen. Kantugintzan ere antzeko zerbait gertatu izan zait. Garai batean banuen kezka hori, ideia bat okurritu, esaldiren bat, eta hori non kokatu; abesti baterako leloa izango da, poema baterako azken puntua, ipuin baterako abiapuntua... hor aritzen nintzen, ze generotan, ze kaxoitan sartu. Eta gero konturatu naiz esaldiak, ideiak berak hautatzen duela bere generoa. Eta, gainera, gustatzen zait nahastea.
Kantu batean, poema batean edo ipuin zein nobela batean, musikaltasuna da bilatzen dudana, hitzaren musikaltasuna, eta uste dut, onerako zein txarrerako, badudala ahots propio bat, eta ahots hori bai kantugintzan, bai poesiagintzan, bai narraziogintzan ezaguna egiten dela.
«Gerora konturatu naiz nire poesia oso narratiboa dela, eta, aldiz, nire narratiba oso poetikoa»
Sinboloz betetako liburu bat da azken hau, zure aurreko lanen oihartzun asko dituena, izenburutik hasita. Hain zuzen, gorria maiz agertzen da zure obran. Zeren sinbolo da zuretzat?
Lehen oso erraz azaltzen nuen, bazelako egoerekin, objektuekin lotutako zerbait. Lehenengo liburua —eta diskoa— Hiri gorri bat izan zen, eta obsesionatu egin nintzen horrekin. Akordatzen naiz noiz sortu zen hiri gorriaren kontu hori. Garai batean, oso gazte, ikasketak utzi, eta urte sabatiko bat-edo hartu nuen; alde egin nuen herri txiki batera, arotz lanak egitera. Han hasi ziren lehen insomnio gauak, eta lautada moduko paisaia hartan ikusten nuen nola ezkutatzen zen iluntzero eguzkia, eta nola altxatzen zen goizero, eta gorritasun berezi bat zeukan. Eta eguzkia ezkutatu eta ateratzen zen puntu konkretu horretan hiri bat irudikatu nuen; garai horretan niretzat utopia bat zen: han bada zoriontsu izateko gune bat, eta gorria da.
Gerora, gazte izateari utzi diot eta gorriaren kontzeptuak esanahi ezberdinak eman dizkit: pasioaren, erotismoaren kolorea izan daiteke; gure haragietan irekitzen diren eta gure barnera eramaten gaituzten zulo guztiek, zauriek eurek ere, gorritasuna daukate; gizaki garela gogorarazten digu odol gorriak; jarrera politiko bat ere erakusten du...
Nobelaren beste ezaugarri nabarmenetako bat da irakurleari zuzentzen zaiola narratzailea, bereziki baliabide literarioez hitz egiteko. Idazletzaren gaineko gogoeta partekatu nahi zenuen irakurlearekin?
Interesatzen zaidana da jabetzea liburu baten atzean irakurle bat dagoela, eta ez dela izaki pasibo bat, eta horrek aberastu egin dezakeela liburua. Sortzaileak egon behar du oihua botatzeko, baina oihu hori irakurleak jasotzen du, eta bere egiten du, hori da sormena. Eta liburu honen gai nagusi bat hori da: nola salbatzen gaituen sormenak. Beraz, protagonista moduan irakurlea ere jarri dut.
Egiturari dagokionez, hamar mandamentuen arabera antolatu dituzu atalak, eta erlijioari egindako erreferentziak tartekatzen dira narrazio osoan. Zer nahi zenuen ekarri horrekin?
Esan izan dut zalantzarik baneukan, Itun Zaharra eta Itun Berria irakurri nituenean utzi niola behingoz sinisteari. Oso fedegabea bihurtu naiz, baina badut interesa erlijioekiko, eta sinboloak interesatzen zaizkit. Eta nobelaren aldamioak hasieran osatzea asko gustatzen zaidan parte bat da. Idazten jarri aurretik ere oso egituratuta neukan hezurdura, hamar atal horiek eta hasierako genesia zein amaierako apokalipsia. Gero, irudi erlijioso horien artean, katedrala esaterako, hiri ia guztiek dauzkaten eraikinen zerrendan falta ez den zerbait da. Interesatzen zitzaidan zentro moduan nola kokatzen den gurtzarako, elkartzeko, eta baita kasu honetan sortzen duen historiaren itzal hori ere. Baina batez ere Ama Birjina interesatzen zitzaidan, sortzez garbia, bekaturik egin gabe ama izan zena, eta beste sinbologia oso bat duena.
Zure unibertso osoa nobela honetan dagoela aipatu zenuen aurkezpenean, eta literaturara itzuli izanarekin eskertuta agertu zinen. Asebeteta utzi zaitu lan honek?
Bai, bai, bai... Horregatik esaten dut jada ez daukadala zorrik nire literaturarekiko. Edo ez daukat zorrik sortutako fikziozko herrialde edo geografia literario horrekin. Eskuetan mapak nobela idatzi nuenean beharra nuen nire iraganarekin, Eibarko iraganarekin ixteko. Gerora beste bide bat hartu dut, eta izan da hiri gorrira bueltatzea, euri gorriarekin blaitzea, Abisalia sortzea, Loreleirekin paper eta tintazko pertsonaia moduan jarraitzea... Erlojugilea-n bidaia bat egin nuen herrialde guztitik; Abisalia-n gehiago zentratu nintzen hiriburuan; eta hemen nik uste dut borobildu edo itxi egin dudala zirkulua. Tarte luze bat daramat ezer idatzi gabe, baina buruan baditut proiektuak, eta proiektu horiek hiri gorritik ateratzen dira.
«Tarte luze bat daramat ezer idatzi gabe, baina buruan baditut proiektuak, eta proiektu horiek hiri gorritik ateratzen dira»
Beraz, zirkulua itxita nolabait, askeago ikusten duzu zeure burua edozein bidetatik jotzeko?
Bai. Azkenaldian oso interesatuta nago, sekula egon ez naizen moduan, dokumentazioarekin. Nahiago izan dut hiri bat eraiki desertu batean, hiri erauzi bat berriro bere hautsetatik altxatu baino. Baina, orain, batez ere dokumentaziora jo nahi dut, historiara, leku eta pertsonaia konkretuetara, eta horiek busti edo nahasi fikziozko pertsonaiekin. Hori da gustatuko litzaidakeena. Baina, egia esan, idatzi gabe ere zoriontsu bizi daiteke.

«Nire lekukotza eman nahi dut musikan»
«Beti esan dut bi maitale ditudala: musika eta literatura. Liburu bat idazten aritu naizenean, musika alboratu egin dut, eta disko bat grabatzen edo konposatzen aritu naizenean, idatzizkoa baztertu egin dut. Beraz, bi maitale izan ditut, baina oso leiala izan naiz bakoitzari. Eta orain, gitarra hartzeko eta sortzeko gogoa daukat; momentu horretan nago». Idatzi gabe bolada bat daraman arren, sortzeko grina ez zaio itzali Serranori, eta bere beste sormen bide nagusian barrena gustura dabil azkenaldian.
Bakoitzari bere espazioa eman arren, bi arloak maiz joan izan dira elkarren ondoan bere ibilbidean. Bada hiri gorri bat (1997) izendatu zuen lehen poema liburua, baita Lorelei musika taldearekin urte berean emandako lehen diskoa ere. Eta ordutik ere sarritan gurutzatu zaizkio bi bideak. Orain gutxi ere gertatu zaio: «Aurreko batean, Tolosan [Gipuzkoa] aurkeztu nuen liburua. Gitarrarekin joan nintzen, sei bat abesti jo nituen, eta konturatu nintzen hogeitaka urte zituztela, baina haietan etengabe zeudela erreferentziak, eta abestien laguntzaz kontatu nuen liburuaren nondik norakoa. Gauza berez idatzi dut bizitza guztian, iruzurgile bat izan naiz [irriz]; beti kontatu dut gauza bera, baina modu desberdinetan, eta hori ere polita iruditzen zait: ‘Honetaz hitz egin nuen, baina ez orain’».
«Beti kontatu dut gauza bera, baina modu desberdinetan, eta hori ere polita iruditzen zait: ‘Honetaz hitz egin nuen, baina ez orain’»
Bi hamarkadako etenaren ondotik, 2022an Ekografiak diskoa plazaratu zuen Loreleik, eta haren eta azken nobelaren artean ere badira hariak. «Diskoan jada neure egin nuen aitatasunaren gaineko ardura hori. Hasieran oso urruti neukan liburuko protagonista, baina orain konturatzen naiz akaso nigandik askoz gertuago dagoela».
Aitortu du oholtzari beldur izan diola, baina lausotuz joan zaio hori ere denborarekin. «Orain oso gustura nago noizean behin gitarra hartu eta ermita galdu batean kontzertu bat ematen. Formatu horretan, adibidez, oso gustura nago; eszenako satisfazio hori orain ari naiz jasotzen».
Kantu berriak sortzen ere badabil. «Bai, eta, gainera, uste dut asmatu dudala zertaz hitz egin nahi dudan, eta ze tonutan». Hori «aurkikuntza bat» izan da harentzat, dioenez: lehen, abestien melodiak gitarraz sortu, eta ondoren jartzen zizkien hitzak; orain, kontrako ariketa egiten ari baita, lehenik idatzi, eta gero doinua eman idatzitakoari. «Erronka berri bat da, eta gustura nabil».
Literaturan itxitzat eman duen aroak izan lezake eraginik musikagintzan ere, sortzailearen ustez. «Orain arteko kantuetan badago giro bat, baina orain interesatzen zaidana da azaltzea, ez nire ardura soziala bakarrik, baizik eta nire lekukotza gizarte honetan, eta era gordin batean hitz egitea; poesian hori da egin dudana. Izen konkretuak eman, leku eta garai konkretuak, eta gaur egun daukadan begirada hori partekatu. Neure burua aurkitu nahi dut gaur egun musikagintzan».