Jose Luis Lizundia euskaltzainak (Iruñea, 1938)75 urte bete zituen apirilean, eta, horrenbestez, euskararen akademiaren estatutuei jarraituz, euskaltzain emeritu bihurtu da. Ondorioz, Euskaltzaindian haren lekua hartzeko bi hautagai aurkeztu dituzte dagoeneko: Itziar Laka (Bilbo, 1962) eta Jabier Kalzakorta (Markina, 1961). Biak dira unibertsitateko irakasleak eta euskaltzain urgazleak. Maiatzean aurkeztu zuten Lakaren hautagaitza Miren Azkarate, Patxi Goenaga, Beñat Oihartzabal eta Pello Salaburu euskaltzain osoek, eta atzo, berriz, Kalzakortarena Adolfo Arejitak, Xabier Kintanak eta Patxi Uribarrenek.Hautagaitzak aurkezteko epea hilaren 28ra arte dago irekita, eta euskaltzain oso berria uztaileko osoko bilkuran aukeratuko dute, ziur aski 19an. Gehiengo osoa lortu beharko du euskaltzain oso berriak.
Itziar Laka hizkuntzalaria da. Euskal Filologian lizentziatua, Hizkuntzalaritzan egin zen doktore Massachusettseko Institute of Technologyn, AEBetan. 1996tik hizkuntzalaritza irakaslea da EHUn, eta A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language, sarean erabilgarri dagoen gramatikaren egilea da. Horretaz aparte, hainbat artikulu idatzi ditu euskal gramatikaz, ergatibotasunaz eta sintaxi teoriaz. 2006tik euskaltzain urgazlea da, eta 2004an ere aurkeztu zuten euskaltzain oso izateko, orduko hartan Andolin Eguzkitza zena ordezkatzeko.
Jabier Kalzakorta Euskal Filologiako irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. Han bertan egin zituen Filosofia eta Letra ikasketak eta Euskal Filologian lizentziatu zen. Labayru ikastegiko ikertzaile eta irakaslea da eta Euskaltzaindiko Ahozko Literaturako Batzordeko kide eta euskaltzain urgazle. Euskarazko ipuingintzaren gaineko lanak idatzi ditu, eta, horretaz gain, lexikografiaz aritu da beste zenbait artikulutan. XIX. mendeko Iparraldeko ipuin argitaratu gabeak bildu, aztertu eta kaleratu zituen Lamia, Sorgin eta Tartaroen erresuma ezkutua liburuan (Labayru, 1997).
Jabier Kalzakorta eta Itziar Laka aurkeztu dituzte euskaltzain oso izateko
Jose Luis Lizundia emeritu bihurtu da, eta haren ordez zein sartuko den erabakiko dute uztailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu