«Ni bibliotekako sagua naiz». Esaldi horrekin desenkusatu zuen bere burua atzo Bilbon hedabideen aurrean Jabier Kaltzakorta hizkuntzalari, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Labayruikastegiko kideak (Markina, Bizkaia 1961). Kameren aurrean baino liburuen aurrean egoteko ohitura handiagoa duela esan nahi zuen, berria zela hura beretzat. Baina atzo bera zen albiste. Bera hautatu du Euskaltzaindiak euskaltzain oso izateko. Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Patxi Uribarren eta Andres Urrutia euskaltzainek proposatu zuten haren izena, eta bera izango da aurrerantzean Jose Luis Lizundia euskaltzain emerituaren lekua beteko duena. Lehen itzulian hartu zuten erabakia akademiako kideek, eta gehiengo osoz adostu zuten Kaltzakortaren izendapena. Itziar Laka hizkuntzalaritzan doktorea eta EHUko irakaslea zen beste hautagaia.
Kaltzakorta ez da Euskaltzaindira heldu berria. 1996an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta urte hartaz geroztik da Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide. Ahozkotasuna eta herri literatura dira haren lan ildo nagusiak. Izan ere, eta izendapena jaso berritan, «sustoa» oraindik erabat gainetik kendu gabe zela, ikerketa ildo horren garrantzia defendatu zuen atzo ere: «Funtsezkoa da ahozkotasuna». Bera nagusiki ikertzailea dela esan zuen, eta zehaztu zuen bide horretan jarraitzeko asmoz dela. Segitu egin nahi duela orain arte egindako lanarekin. Eta, haren hitzetan, hori da akademiari egingo dion ekarpena. «Orain arte egindako lana jarraitu eta indartzeko modu bat baino ez da izendapen hau».
Euskal minak jota
Markinako semea da; herrian jo zuen «euskal minak», eta hari erantzunez aritu da geroztik lanean Kaltzakorta. Auspoa taldeko kide ere bada, eta baita Etniker Euskalerria taldeko partaide eta Mendebalde Kultura Alkarteko sortzaileetariko bat ere. Hizkuntzalaritza eta herri literaturari buruzko 100 artikulu baino gehiago baditu argitaratuta, eta liburu sorta bat ere publikatu du. Bizenta Mogel, Alfontso Irigoien, eta Errose Bustintzari buruzko lan bana, eta XIX. mendeko ipuin argitaragabeak bildu eta aztertzen dituen Lamia, sorgin eta tartaroen erresuma ezkutuan. Eta aurten bukatu nahi du Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa tesia.
«Ahozkotasuna lantzetik nator ni», azaldu zuen, «herri literatura ikertzetik». Eta aurretik ere alor berean aritutako ikertzaileak izan zituen gogoan. Soka luzeago baten katebegi gisa aurkeztu zuen bere burua. «Bada alor horretan aritu den belaunaldi loriatu bat: Antonio Zabala, Juan Mari Lekuona, Jose Mari Aranalde, Jose Maria Satrustegi... Haiek ere ahozkotasunean lan egin zuten. Gizon handiak dira haiek, baina arrasto bera daukat nik ere. Lan sail berean edo bertsuan aritzen naiz». Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordean ezagutu zituen gehienak, eta marka utzi ziotela dio. «Miretsi egiten nituen».
Akademiaren odol berritzea
Jarraikortasuna azpimarratu zuen Andres Urrutia Euskaltzainburuak ere. Bi hautagaien merituak nabarmentzeaz gainera, haien adina ere aipatu zuen horregatik atzo. Izan ere, 1961an jaiotakoa da Kaltzakorta, eta 1962an sortutakoa Laka. Eta garrantzitsua da datu hori Urrutiaren hitzetan, odol berritze baten erakusgarri. «Guztiz pozgarria eta esanguratsua da meritu hain zabalak eta kontrastatuak dituzten euskalgintzaren barruko pertsonak Euskaltzaindira datozela ikustea. Nik uste belaunaldi berri bat datorrela, 1960ko hamarkadatik aurrera hazi eta hezi dena. Eta, jakina, haiena ez da izango azkena. Beste batzuk ere etorriko dira».
Hain zuzen, 2004an ere izan zen Laka euskaltzain oso izateko hautagai, baina Adolfo Arejita Filologian doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak jaso zuen izendapena. «Azpimarratzeko moduko hautagaia» izan da Laka, halere, Urrutiaren hitzetan: «Hautatzeko modukoa». Eta atzo aukeratu ez zuten arren, euskaltzainburuak ez zuen baztertu hurrengo bozketa batean haren izena berriz agertzea. Kaltzakortari buruz, herri literatura eta ahozkotasunean egin duena aipatu zuen. «Etxe honetan dagoen tradizio zabal batekin bat egiten du. Antonio Zabala, Joxemari Iriondo eta beste askorekin. Tradizio horren barruan dago Kaltzakorta, eta lagunduko digu euskara batuari kolorea eta zaporea ematen».
Euskalgintzaren eta Euskaltzaindiaren arteko zubiez ere aritu zen Urrutia. Azaldu zuenez, Euskaltzaindiak jakin du bere lan akademikoan egiteko euskararen munduko jendea biltzen, eta etorkizunean ere bide hori lantzeko behar dela uste du. «Gurea ez da soilik egiteko akademikoa. Euskalgintzan ere aritu behar da Euskaltzaindia, eta zor dio gizarteari bere lana».
«Hitzaren ahozko berotasuna» izan zuen mintzagai Kaltzakortak ere. «Indar handia dauka horrek, eta edozein hizkuntzatan sartzeko, hitz biziaren oihartzun goxo hori da gauzarik beharrezkoena. Henry Gavel hizkuntzalariak hori esaten zuen (Saint-Pol-sur-Ternoise, Frantzia, 1880 - Angelu, Lapurdi, 1959). Euskara ikasteko neke jarraitu hori erraz arintzen zuela balada kantatu bat entzuteko zoria izateak. Ahozkotasuna da ukendu moduko bat».
Jabier Kaltzakorta hizkuntzalaria izendatu dute euskaltzain oso
Jose Luis Lizundia Euskaltzain emerituak utzitako lekua beteko du Jabier Kaltzakorta herri literaturan adituak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu