Jabetzaz jabetzea

Gazteei zuzendutako 'Uzta garaia' nobela argitaratu du Asel Luzarragak. Gizartearen oinarriei buruzko gogoeta kritikoa bultzatzea du helburu

Asel Luzarraga idazlea, eskutan argitaratu berri duen Uzta Garaia liburuarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iraultza eta Zigor neba-arreba bikiek urtero herrira mahatsa biltzera joaten diren sasoikako langileen kanpamentuan ezagutuko dute Baazima. Zapalduen arteko zapaldua da neska, eta hura ezagutzeak gizartearen oinarri-oinarrian ezarrita dauden hainbat kontzeptu zalantzan jartzera eramango ditu bi nerabeak. Hain justu, inozentzia galera horretatik kontzientzia kritikoa piztera doan trantsizio sasoi horretan jarri du arreta Asel Luzarraga idazleak (Bilbo, 1971) Uzta garaia izeneko eleberrian. Espresuki irakurle gazteentzako pentsatutako Traola bilduman eman du argitara lana Elkar argitaletxeak, eta, sortzaileak dioenez, irakurle gazte horiei ondo pasatzeko aukera eskaintzea ez ezik, «galderak piztea» du helburu.

«Gauza asko eginda jaso ditugu gizarte honetan, eta ematen ditugu jakintzat», azaldu du Luzarrak. Ordea, Iraultza beti aritzen zaie gurasoei ziurtzat emandako gai horiei buruzko galdera deserosoak egiten, eta hala joango da protagonisten kontzientzia kritikoa pizten, nobelak aurrera egin ahala. «Istorio zirraragarri eta entretenigarri honen bidez, gizartearen oinarri batzuk mahaigaineratu nahi izan ditut, eta lehen gai horietako bat da jabetza pribatua».

Izan ere, nor dira Ondarreta fikziozko herrian dauden mahastien jabeak? Eta zerrendan helduko dira galderak gero, lehen galdera horren ondoren. Luzarraga: «Zelan jabetzen gara pertsonez? Sentimenduez? Gorputzez?».

Pandemia hastean agertu zitzaizkion Iraultza eta Zigor bikiak idazleari, eta haiei segika sortu du eleberria. Bikiak izanik ere, nortasun oso ezberdinekoak direla dio Luzarragak. «Arima oso libre bat» da Iraultza, adibidez, eta Zigor da bikoteko «zintzo eta saiatua». Eta bi nortasun itxuraz kontrajarri horien arteko laguntasuna da nobelaren oinarrietako bat.

Trilogiaren lehen alea

Segida izango dute pertsonaiek, gainera. Lehen alea baino ez da Uzta garaia. Luzarragak iragarri duenez, idatzia du jadanik Iraultza eta Zigor protagonista dituen bigarren eleberria, eta buruan darabil hirugarrenaren ideia ere.

Ibilbide oparoa du Luzarragak euskal letretan. 2003an eman zuen argitara bere lehen lana, eta,geroztik poesia zein saiakera ere landu dituen arren, eleberrigintzan jardun du nagusiki. Helduentzako bederatzi nobela ditu kalean, eta haien ildo berean ikusten du argitaratu berri duen gazteentzako lana ere. «Nire liburu guztiek osatzen dute unibertso bat».

Sentsazio bera du Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak. «Bere lan guztiak bulkada beretik sortuak dira».

«Deseroso» sentitu da Luzarraga gazteentzako literaturaren etiketapean, aitortu duenez. «Nire liburuak ez ditut helduentzako edo gazteentzako idazten; barrutik ateratzen zaidana idazten dut». Ulertu du deserosotasuna editoreak, baina, haren hitzetan, gazteek literaturan estimatzen dituzten hainbat elementu ditu Luzarragaren lanak. Hezkuntza sistemari buruzko kritika nabarmendu du, gazteei ekintzara pasatzeko egiten zaien deia, eta umezarotik nerabezarorako urratsaren kontaketa. «Neba-arreben inozentziaren galeraren deskribapena oso ederra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.