Dani bakarrik dago etxean. Gaua da. Senarra medikua du, eta erietxe psikiatrikoan lan egiten du. Bikotearen etxea bakartuta dago, Irlandako hego-mendebaldeko landa eremu batean. Atea joko dute, eta Dani nor den begiratzera hurbilduko da. Kristalezko begi bat duen gizon bat da. Hark atea irekitzeko eskatuko dio Daniri; lagundu nahi diola dioela, etxean norbait sartu dela, eta emakumea arriskuan dagoela. Danik ez daki zer egin: gizonari sartzen utzi eta barruan dagoen mehatxu horri aurre egin, edo sinetsi kanpoan dagoen hori are arriskutsuagoa dela.
Urtebete igaro da Dani erail zutenetik, eta Ted alarguna etxe berean bizi da, neska lagunarekin. Daniren ahizpa biki Darcy azalduko da etxean. Itsua da, eta mediuma; hildakoei buruzkoak jakin ditzake beren objektu pertsonalekin kontaktuan egonez. Darcyk opari bat egingo dio Tedi: beren amarena zen egurrezko manikia, heldu baten tamainakoa dena eta garrasi egiten ari dela dirudiena.
Damian McCarthy zinemagile irlandarraren bigarren luzea da Oddity. South by Southwest jaialdian estreinatu zen, eta Sitgeseko jaialdiko Panorama sailean parte hartu zuen. McCarthyk thrillerra, hilketa istorioa, izpirituen kontakizuna, Irlandako ipuin tradizionalak eta slasherra nahastu ditu bere azken filmean. Hasieran labur independenteentzako premisa izateko sortzeko asmoa zuen, baina azkenean erabaki zuen film bakar batean biltzea eta koherentzia eta identitate pertsonal bat dituen kontakizuna egitea.
Lokalizazio gutxirekin, zinemagile irlandarrak istorioaren zati handi bat gaztelu itxurako etxe batean kokatu du. Eskailera, ate eta txokoen erabilpenak narrazioaren parte bilakatzen dira, eta gautu ondoko iluntasuna istorioaren mesedetan erabiltzen du McCarthyk. Brian Philip Davisen muntaketa, eta Richard G. Mitchellen musikaren laguntzarekin, Oddity-k erritmo eta atmosfera propioa lortzen ditu, generoaren arau eta ohiturei originaltasuna emanez. Iradokitzen denarekin eta erakusten denarekin jolastu nahi izan du irlandarrak, planotik kanpo gertatu den hori ikuslearen imajinazioaren arabera utzirik lehen kasuan, eta ohera joan eta begiak ixtean oroitzeko modukoak diren irudi ikaragarriekin konbinatuz.
Generoen arteko bidaia horiekin, eta tonu aldaketa anitzekin, Oddity-ren helburua ez da soilik ikuslea ikaratzea. McCarthyren lanak gizakion kontraesanak azaleratu nahi ditu, uste baino konplexuagoak eta beldurgarriagoak baikara azken batean.
'oddity'
Beste estreinaldi batzuk:
'Las chicas de la estación'
Jara, Alex eta Miranda adingabeen zentro batean hazi diren hiru neska dira. Jararen urtebetetzea da, eta hirurek euren trap izarrik gogokoenaren kontzertuan ospatu nahi dute. Dirua behar dute, eta ez dute aukera handirik hori lortzeko. Nagusiagoa den neska bat ezagutuko dute, beren zentroan bizi izandakoa. Autobus geltokiko komunetan helduekin hitzorduak lotzen ditu, eta diru erraz pixka bat irabazteko aukera eskainiko die hiru gazteei.
'cloud'
Yoshii online birsalmentaren bidez dirua irabazten duen gizon bat da. Bere bizitza arriskuan jarriko duten gertakari arraroak gertatzen hasiko dira inguruan.
'Prefiero condenarme'
1972an Ferrolgo itsaski biltzaile baten aurka adulterioagatik egindako epaiketa batean du abiapuntua filmak. Santiago de Compostelako Eliz Auzitegiak, eskumen zibilak dituenak, absolbitu egingo du Sagrario Ribela Fra, pronostiko guztien aurka; 33 urte ditu. Indarkeria, tratu txarrak, eskubide falta eta giro sozial zapaltzaileaz gainera, beste hauek ere jorratuko ditu filmak: maitatu nahia eta eta maitatua izan nahia.