'AIRE ERREA'
Artista: Xabier Erkizia. Non: Bakearen Museoan, Gernika-Lumon. Noiz arte: Uztailaren 7ra arte.
Sirenen ulu ikusezinek izua eta plazera sor ditzakete aldi berean, lilura eta miseria amildegiaren ertzean. Antzinatetik, figura mitologiko horiek hainbat aro eta kulturatan agertu izan dira, izen eta gorpuzkera aldaera anitzekin, baina, betiere, haien kantuaren edo soinuaren indar magikoa azpimarratuta. Hala ere, sirenez aritzean, ohikoa da animalia mitologikoaz gogoratu beharrean alarma edo gerrekin lotutako objektuak burura etortzea. Izan ere, XIX. mendean sirena mekanikoa musika instrumentu gisa baliatzeko asmatu bazen ere, musikarako bainoago alarma moduan erabili zen, batez ere XX. mendearen hasierako gerrez geroztik.
Sirenaren eta haren soinuaren bilakaera historikoaz —estetikoaz eta sinbolikoaz, besteak beste—, hausnartzeko aukera eskaintzen digu Aire errea mostrak Gernikako Bakearen Museoan. Erakusketa hiru espazio bereizitan egituratuta dago: artxiboa, instalazioa eta proiekzioa. Gernikako bonbardaketa gogoan, EHUko Memoria Historikoa Iberiar Literaturetan taldearekin elkarlanean sustatutako proiektuaren emaitza da erakusketa, Xabier Erkizia soinu artistarekin batera ondua. Izan ere, erakusketan artxibo dokumentazioak izugarrizko pisua badu ere, Erkiziak mostrarako espresuki egindako instalazioa da artelan esanguratsuena. Soinu instalazioa oinarrituta dago Gernikako bonbardaketaren lekuko baten deskribapenean, eta gerraren zaratari buruzko hausnarketa bat proposatzen du. Instalazioa egurrezko hainbat paletek osatzen dute, eta horien gainean sirena mota ezberdinak kokatzen dira.
Erakusketa espazioan sartu eta jarraian ikusten eta entzuten da instalazioa. Hala ere, aitortu behar dut kostata hauteman ditudala obraren soinua eta haren ezaugarriak, beharbada espazioaren akustikagatik, bolumenagatik, edota nire alboan zegoen haurrak sortutako zaratagatik. Erakusketak espazio bizidunak dira. Bestalde, lurrean kokatutako geziek ez dute oso argi adierazten nondik hasi edota zein ibilbide den egokiena, eta horrek apur bat desorientatu dezake. Nik gezitxoei jarraitu diet, baina hainbatetan buelta eman dut zerbait galdu izanaren sentsazioarekin.
Sartu eta eskumara, artxiboko dokumentazioan oinarritutako atalean aurkituko ditugu, Gernikako sirenarekin batera, gerra zaratekin eta sirena soinuarekin lotutako kartelak, liburuak edota gaur egun bonbardaketak bizi dituzten lurraldeetako lekukotzak. Esperientzia horiek agertzen dituen pantailan, besteak beste, Palestinako emakume batek azaltzen du bere haurrei nola eragiten dieten bonben zaratek eta hegazkinen sirena hotsek, hau da, nola baldintzatzen duen soinuak beldurraren indartzean. Mostrak gerra testuinguruan soinuak duen garrantzia lantzen badu ere, aipatu beharra dago XX. mendeko mendebaldeko gizartearen iruditerian zentratzen dela batez ere, orduko gertakarien azterketa abiapuntu harturik. Hala, esaterako, lehen atal horretan aipatzen da gaur egun bonba jaurtiketaren soinuarekin identifikatzen dugun hori Hollywoodek asmatu zuela.
Erakusketako hirugarren txokoa bitan banatuta dago. Batetik, hainbat sirena motaren soinuak eskaintzen dizkiguten QRak daude eta, horiei lotuta, soinuaren itzulpen bisualak erakusten dituzten irudiak, eta, bestetik, proiekzio bat irudiak eta testuak uztartzen dituena. Niri neuri QR sistema nahiko deserosoa iruditzen zait, erakusketa esperientziatik kanporatzen nauelako; soinuak entzuteko sakelakoa hartzean, dispositibo horretatik datorren kanpo informazioarekin distraitzen naiz.
Edonola ere, nire esperientzia ez dute QRek baldintzatu, aretora nirekin sartu den nerabe zuri eta frantses hiztunen talde batek baizik. Haien ahotsek eta gorputzek bat-batean espazio osoa okupatu dute. Bada, tamalez, ezin izan ditut azken aretoko bideo proiekzioa eta sirena hotsak egoki preziatu, baina bai espazio horretan sortutako egoera: hainbat gazte gerra irudiei eta zaratei jaramon egin gabe mugikorrei begira, bonba baten jaurtiketari edota zibilen izu hotsei zein negarrei apatikoki, algaraz edo indiferentziaz erreparatzen. Pentsatu dut beharbada ohituegi daudela irudi horietara. Bortizkeria eta mina naturalizatu dituztela online zein offline. Haiena ez den komunitate baten aurkako indarkeria urrunekoa, konponezina eta haiekin zerikusirik ez duen kontu bat balitz bezala sentitzen dutela. Beharbada, horregatik desidentifikazioa eta ahanztura. Eta, orduan, orain zer? Nola kudeatu kolektiboki egoera emozional hori? Nola egin behar zaio aurre errotutako desesperantzaren zaratari?