'Udaldia asteroidean'
Idazlea: Manuel Lopez Gallego.
Itzultzailea: Aitor Arana.
Argitaletxea: Ibaizabal.
Hasteko, aurtengo Alandar saria irabazi duen nobela hau iruzkintzean, zentzukoena dirudi esatea Antoine de Saint-Exuperyren zale den edonorentzako irakurketa oso gomendagarria dela, zeren idazle eta pilotu honi buruzko argipenez josita baitago liburua, bere hegaldi ospetsuenak eta bere bizitzako mugarri sentimental, historiko eta emozionalak eskaintzearekin batera, haren liburu zenbaiten pasarteak eta oharrak ere ematen baitira. Saint-Exupery da, dudarik gabe, liburuak dituen gertakari ugarien iturburu nagusietako bat.
Beste iturburua fikziozko pertsonaia bat da, Horacio, narratzaile eta protagonista ere badena. Baina ez pentsa fikziozkoa delako garrantzi gutxiagokoa denik eleberri honetan. Esango nuke benetako pertsona haren eta fikziozko pertsonaia honen artean, bi-bien ekarpenei esker, muinean dauden hausnarketa humanistak sortzen direla, edo filantropikoak, irakurlearen hunkiberatasunaren arabera.
Has gaitezen narratzaileak bere buruaz kontatzen duenaren anekdota batekin, eleberri honetan kontakizuna nola garatzen den uler dezagun.
Narrazioaren hasieran, Horaciok, jada pertsona heldua dela, esaten du bere bizitzako inflexio une garrantzitsuenaz hitz egin nahi digula, aitonaren etxaldean egin zuen egonaldi hartaz. Eta segidan, azalpen gehiagorik gabe, tupustean, egonaldi hark sortutako inflexioaren une katartikoenera eramaten gaitu: Breget 14 aireplano zahar batean, 13 urte zituela, bi mila metrotik behera amiltzen ari zela, atzean zihoan pilotuak, tiro batez larri zauriturik, kontrolak hartzeko eskatu zion, berak halako trastea gidatzen ez zekielarik. Baina hau gutxi ez, eta Saint-Exuperyren azken hegaldiaz hasten da azalpenak ematen, nondik aireratu zen, Lockheed P-38 Lightning batean, halako eta halako ezaugarriak zituena, eta zertan ari zen Bigarren Mundu Gerran, 1944ko uztailaren 31 hartan. Segidan antzeko egoera batean egon zela gogora ekartzeko, 1940an hain zuzen, eta hau dena zekiela Gerran pilotu izeneko liburuan kontatu zuelako. Harrigarria da hiru orrialdetan hau dena segidan koherentziaz eta tentsio kolpe batean irakurtzea, ezta? Bada, atalak oraindik beste orrialdetxo bat dauka bi pertsonaia hauen uneko emozioak parez pare jarri eta are tentsio garaiagoarekin jotzeko atal honen azken puntua.
Bada, halakoak dira segidan datozen gainerako 30 kapituluak ere. Laburrak, tentsio gorabehera askokoak, informazioz beteak eta bi pertsonaiengan fokua ezarrita, parez pare.
Funtsean puzzle bat osatu du idazleak, lan handikoa itxura batean, eta irakurlea txundi dezake, edota akitu.
Bata izan ala bestea izan, ezin da ukatu proposamen indartsua dela, irakurri beharrekoa. Gainera, aldarrikatzen dituen gaiak (izpiritu librea, bihotz araztasuna, zoria, kontraesanak,...) eta hauen eskaintzeko modua —deskubrimenduaren eta harriduraren tonu hunkibera erakusten du—- balio erantsiak dira, nire ustez.