euskadiko orkestra
Zuzendaria: Kristiina Poska. Biolina: Baiba Skride. Egitaraua: G. Faureren Pelléas et Mélisande suitea, R. Schumannen Biolin eta orkestrako kontzertua eta J. Sibeliusen 5. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: azaroaren 21a.
Paolo Malatesta eta Francesca de Riminiren arteko istorio tragikoan oinarrituta dago Maurice Maeterlinck idazle belgiarraren Pelléas et Mélisande antzerkia. Bertakoa hizkuntza sinbolista izaki, konpositore ugarirentzat inspirazio iturri izan da. Gabriel Faurek 1898an jaso zuen obra horren ekoizpen berri baterako musika idazteko enkargua, gerora orkestrarako suite bihurtu zuena maitasun istorioaren une gorenak nabarmenduz. Kristiina Poska estoniarraren gidaritza zertxobait hotzak suertatu zen hasiera batean eta, hala ere, Sicilienne mugimendu eder bezain ezagunean orkestrako flauta eta harparen dotoreziaz gozatzeko aukera egon zen.
Baiba Skride biolinista letoniarra batu zen ondoren, Robert Schumannen Biolinerako kontzertu txundigarria interpretatzeko. Sei egunetan idatzi zuen obra, 1853an. Jakina da bere osasun mentala ez zela egonkorra kontzertu hau idatzi zuenean; izan ere, hilabete gutxi geroago Rin ibaira bota zuen bere burua, jazartzen omen zioten ahots eta deabruetatik ihesi. Akaso oso sinplista edo psikologista da musikaren trataeran gogamen aztoratuaren emaitza atzematea, baina egia da obran zehar badirela irregulartasunarekiko eta itzalekiko joerak. Skridek gorputza eta norabidea eman zizkion horiei, bai hasierako handitasun aztoratuan, bai Langsam lirikotasun eztian. Nabarmenak, azken horretan, biolontxeloaren parte-hartze samurra eta harien trinkotasuna pianissimo pasarteetan.
Denbora luzez aritu zen Sibelius bere bosgarren sinfonia idazten eta berrikusten; prozesu malkartsua izan zen, gainera, eta lana «ezinezkoa» izango zela pentsatzera ere iritsi zen. Obra konplexua da, batez ere berezitasun formalak eta esperimentazioa direla eta. Baina bada, aldi berean, Poskaren batutak —errepertorio honetan aditua— ondo azpimarratu zuen batasun zentzua, musikarien jarduera finak lagunduta: haizeak molto moderato-an, tronpak Allegro molto-an, beltxargen isla, tutti-an azken kadentziaren akorde bakanduetara iritsi arte. Negua gerturatu zen, baina belarriak oraindik bero.