Iazko urrian, liburu aurkezpen batera autoan nindoala, Gazan Israelek ospitale bat bonbardatu ostean nik esateko nituenak hutsalak zirela eta festibalez eta halakoez aritzea fribolitate bat zela azpimarratuz hastea deliberatu nuen. Ez nuen halakorik egin azkenean eta bi astean behin hemen izan dudan aukera ere ez dut auziaz aritzeko probestu.
Azaroa zen Sleaford Mods ingelesek Madrilen ematen ari ziren kontzertua bertan behera utzi zutenean, pubilkoak kufija bat oholtzara jaurti ostean. «Ez eskatu aldea aukeratzeko», «ez daukat erantzunik» zioen Jason Williams abeslariak gertatutakoaren harira idatzi zuen komunikatuan. Haien bizilagun irlandarrek, ez galdetu zergatik, argiago izan dituzte kontuak: Lankum taldeak Leipzigen eman behar zuen kontzertu bat bertan behera utzi behar izan zuen noren alboan egon era argian hautatu baitzuten, eta hori emanaldiaren antolatzaileei ez zitzaien askorik gustatu. Fountaines D.C. dublindarrek, bestalde, Istanbulen ez jotzea erabaki zuten jaialdiaren babesleek Israelgo armadarekin zuten loturagatik.
Gurean hamaika izan dira hilabete hauetan guztietan Palestinako bandera baten aurrean jo edo bozgorailu gainean bat jarri dutenak. Lisabök, adibidez, jaialdietako pantaila erraldoietan jarri du ikusgai. Gero agian ozen ezer ez esateko bada ere; basakeriaz jabetu bai, baina zein hitz erabili erabaki ezinik dagoenaren antzera. Keinu batek gizatasun pixka bat badugula adierazteko balio dezakeelakoan.
Godpeed You! Black Emperor talde kanadarraren disko argitaratu berria No title as of 13 February 2024 28.340 dead deitzen da. Izenik ez, 28.340 hildako. «Zein keinuk du zentzurik gorpu txikiak erortzen ari direla?» dio lanaren aurkezpen testuak. «Ez etsi. Hautatu aldea. Eutsi. Maitasuna».
Israelgo armadak enegarrenez ospitale bat bonbardatu eta familia osoak bizirik erre ostean hasi naiz hau idazten, Israelek UNRWAko langileen jarduna debekatzea erabaki ostean orraztu dut testua azken aldiz. 42.000 hildakotik gora, ez dago honi izenik jarriko dionik oraindik. Azken hamarkada luzeak ulertzeko lagungarri izan zaigun nakba (hondamena) aspaldi geratu zitzaigun txiki. Nola jartzen da bandera bat testu baten gainean?