Izenik behar ez zuen banda

Garth Hudson organistaren heriotzarekin itxi da erabat The Band taldearen historia. 60ko eta 70eko hamarkadetako bidegurutzean nortasun propioko diskografia osatu zuen taldeak, eta besteak beste Bob Dylanekin elkarlan sakona egin zuen.

The Band taldea: Garth Hudson, Robbie Robertson, Levon Helm, Richard Manuel eta Rick Danko.
The Band taldea: Garth Hudson, Robbie Robertson, Levon Helm, Richard Manuel eta Rick Danko.
mikel lizarralde
2025eko urtarrilaren 26a
04:50
Entzun

The Band taldearen ibilbidea, historia ofizialari begiratuz gero, 1965etik 1999ra luzatu zen, urte tarte horretan azaldu baitzen boskotea izen horrekin zuzenean eta diskoetan. Taldearen ibilbideari lupa zehatzagoaz begiratzen bazaio, ordea, ikus daiteke taldekideak 1950eko hamarkadaren amaierarako ari zirela lanean elkarrekin —The Hawks izenarekin eta Ronnie Hawkinsen rock banda gisa—, eta ikus daiteke, halaber, 1977an desegin zela, ofizialki, taldea, nahiz eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bandako hainbat kide hura berpizten saiatu ziren —oihartzun handirik gabe—. Joan den asteartean hil zen Garth Hudson musikari aparta; beste ezeren gainetik, taldeko organista izan zen, baina The Banden beste hainbat musika tresna ere jo zituen —saxofoia, akordeoia—. Hura zen boskotetik bizirik segitzen zuen bakarra, aurretik joan baitziren Richard Manuel (1986), Rick Danko (1999), Levon Helm (2012) eta Robbie Robertson (2023). Guztien artean Ipar Amerikako rock musikan pareko gutxi eta jarraitzaile ugari izan zituen banda osatu zuten.

«Beste guztiek egiten zutenaren kontrako norabidean gindoazen beti». Robbie Robertson taldeko gitarristak modu grafikoan definitu zuen The Banden proposamena orain dela zenbait urte. 1960ko hamarkadaren bigarren erdian, AEBetan psikodelia eta musika diskurtso korapilatsuak zabaltzen hasi zirenean, The Bandek oinarrizkora jo zuen, barne bulkadari lekua emanez, eta kantua bera konposizioaren ardatzean jarrita. «Music From Big Pink diskoa [1968] egin genuenean, adibidez, jende guztia ari zen musika gogorra, psikodelikoa egiten, eta gu beste bide batean joan ginen. Baina ez genuen inoiz ezer planteatu, horrela atera zen. Guretzat berezkoa izan zen artaldetik kanpo ibili nahi hori».

Taldea bera ezohikoa baitzen alde guztietatik. AEBetako hegoaldean loratutako musiken, bluesaren, soularen eta countryaren eragin zuzena zuen, baina taldekide bakarra zen estatubatuarra —Levon Helm bateria jolea—; gainerakoak kanadarrak ziren. Kide guztiek sortzen zituzten kantuak Hudsonek izan ezik, nahiz eta denborarekin Robertson bilakatu zen konpositore nagusia. Kantuen ahots nagusia ere aldatu egiten zen pieza batetik bestera, beraz, The Banden errepertorioak boz paleta zabala zuen. 

Kide guztiek sortzen zituzten kantuak Hudsonek izan ezik, nahiz eta denborarekin Robertson bilakatu zen konpositore nagusia

Eta joerez apartekoa izan zen taldearen ibilbidea ere. Ronnie Hawkins rock-and-roll kantariaren euskarri izan ziren Robertson, Helm, Danko, Manuel eta Hudson hasiera batean; haren taldea utzi ondoren, Levon & The Hawks izenarekin aritu ziren. 1965eko udan, Bob Dylanen manager Albert Grossmanen bulegotik dei bat jaso zuten, kantariaren zuzeneko banda izateko gonbidapena egiteko. Blowin' in the Wind-en egilea hasia zen bere musika elektriko bihurtzeko bideak arakatzen: Bringing it All Back Home eta Highway 65 Revisited (1965) lan elektrikoak kaleratuak zituen ordurako, eta Newporteko folk jaialdian ere aurkeztua zuen bere proposamen berria, puristen haserrea piztuz. Baina Dylanek ordurako ezagutzen zuen Robertson, eta iruditu zitzaion artean The Hawks izen artistikoarekin aritzen ziren bost musikari haiek musika oinarri sendoa eman ziezaieketela bere kantuei.

Robertsonek berak aitortu zuenez, apenas ezagutzen zuen Dylanen lana, eta haren musika, oinarri literario handikoa, The Hawksenaz oso bestelakoa sumatzen zuen; baina, aldi berean, hura aurrez aurre ezagutu, eta kolaborazio hartatik zerbait indartsua atera zitekeela iruditu zitzaion. Hasieran Robertson eta Helm batu zitzaizkion Dylani, baina berehala igaro ziren Danko, Manuel eta Hudson ere haren bandara AEBetan egin asmo zuen birarako. 1965eko irailetik 1966ko maiatzera bitartean hainbat kontzertu eman zituzten Bob Dylan & The Band izen generikoarekin, folk zale itxienen oihuen eta suminduraren artean, eta horrek berak Helmen nekea ekarri zuen, bira uzteko erabakia hartzeraino.

Etxe arrosako grabazioak

Dylanekin egindako bira hark erabat baldintzatu zuen ondorengoa. Moto istripu bat izan ondoren, Like a Rolling Stone-ren egilea Woodstockera (New York) erretiratu zen 1966ko udan, eta, hilabete batzuen buruan, The Bandeko kideak ere hara lekualdatu ziren, hain zuzen ere Dylanen bizilekutik gertu aurkitu zuten kolore arrosako etxe batera. Eta lehendabizi Dylanen etxean eta gero etxe arrosan, hamaika kantu jotzen, konposatzen eta grabatzen hasi ziren bi pistako magnetofono batean Dylan eta The Bandeko kideak. Laster batu zitzaien Helm etenik gabeko saio haietara, eta, taldea osatuta, 115 kantu grabatu zituzten 1967ko maiatzetik urrira bitartean, konposizio berriak nahiz tradizionalen moldaketak. Grabazio haietako batzuk ez ziren ofizialki argitaratu 1975era arte (The Basement Tapes), baina berehala egin ziren ezagun beste modu batzuetan, hala argitalpen ez ofizialetan azaldu zirelako, nola beste musikari batzuen bertsioen bitartez iritsi zirelako zaleengana: Peter, Paul & Maryk Too Much of Nothing eman zuen 1967an, adibidez, eta The Byrdsek You Ain't Goin' Nowhere kaleratu zuen 1968an. 2014ra arte itxaron behar izan zen The Basement Tapes-en grabazio guztiak bilduma batean argitaratuta ikusteko.

Dylanen eta The Banden arteko elkarlana —ordurako erabakia zuten horrek izan behar zuela taldearen izena— bandaren lehenengo diskoaren eragile ere izan zen. Etxe arrosari erreferentzia egiten zion izenburuarekin eta Dylanen olio bat azal gisa erabiliz, The Bandek 1968an kaleratu zuen Music From Big Pink. Lan horrek Dylanekin idatzitako hiru pieza biltzen zituen —Tears of Rage, This Wheel's On Fire eta I Shall Be Released—, eta baita taldekideek sortutako beste zortzi ere, horien artean Chest Fever eta The Weight. Azken horrek berehala eskuratu zuen arrakasta, besteak beste Easy Rider filmaren soinu bandan azaldu zelako.

Gerora iritsi zen The Band diskoa (1969) —agian taldearen diskorik osatuena—, eta abesti ugari klasiko bihurtu ziren, adibidez, The Night They Drove Old Dixie Down, Up on Cripple Creek. Hortik aurrera, taldearen ibilbidea gorabeheratsuagoa izan zen, taldekideek beraiek onartu zutenez, hainbatetan ez zutelako asmatu buruan zutena grabazioetara eramaten —Stage Fright (1970) nahi baino ilunagoa atera zitzaien; Cahoots-en (1971) ezin izan zituzten beren ideia guztiak aurrera eraman—. Hala ere, bai horietan bai gerora etorriko ziren diskoetan (Northern Lights, Soutern Cross, 1975) beti utzi zituzten oroimenean gelditzen diren piezak Helmek, Robertsonek, Dankok, Manuelek eta Hudsonek: Life is a Carnival, The Shape I'm In, Dylanen When I Paint My Masterpiece, Ophelia...

Azken balsa

70eko hamarkadaren erdialdean beste joera batzuk ari ziren zabaltzen musikaren munduan —punk-rocka ate joka zetorren—, kontzertu handiak ere murrizten ari zitzaizkion taldeari, eta taldekideak ere hasiak ziren urte askotako lanaren nekea sumatzen. Izan ere, Dylanekin ere egin zuten lan urte haietan, Planet Waves (1974) diskoaren grabazioan eta ondorengo bira luzean —Before The Flood (1975) diskoan dokumentatuta gelditu zen bira hura—. Amaitu beharra zegoen, eta horretarako modurik egokiena kontzertu bat zen. Agurra zenez, zerbait berezia egin nahi izan zuten, eta, taldearen sorreran nahiz garapenean garrantzi berezia izan zuten Hawkins eta Dylanez gain, beste hamaika gonbidatu ere izan zituzten San Franciscoko Winterland Ballroom aretoan: Neil Young, Van Morrison, Joni Mitchell, Neil Diamond, Emmylou Harris, Muddy Waters...

Agurra zenez, zerbait berezia egin nahi izan zuten, eta, taldearen sorreran nahiz garapenean garrantzi berezia izan zuten Hawkins eta Dylanez gain, beste hamaika gonbidatu ere izan zituzten

Azken kontzertu hura filmatu egin zuen Martin Scorsesek, eta bi urte geroago iritsi zen pelikula aretoetara: The Last Waltz. Film horretan kontzertuko pasarteak eta taldekideen adierazpenak jaso zituen Scorsesek, eta, beste ezeren gainetik, taldearen erretratu osatu bat eman zuen. Filmean argi azaltzen du Robertsonek taldearen amaieraren zergatia: «Ezinezko bizimodu bat da».

BOST BANDAKIDEAK

Rick Danko (1943-1999)
1977an The Band desegin ostean, bakarkako disko bat kaleratu zuen baxu jole eta abeslariak (Rick Danko), eta garai batean Levon Helmekin ere aritu zen. The Banden berregituraketan ere parte hartu zuen —hiru disko kaleratu zituen taldeak 1980ko eta 1990eko hamarkadetan—, baina, batez ere, beste hainbat musikariren kolaboratzaile izan zen.

Levon Helm (1942-2012)
Bateria jole gisa ezaguna izan arren, Helmek mandolina ere jotzen zuen, eta The Banden kantu askoren kantaria izan zen. Hainbat disko grabatu zituen bere izenean 1970eko hamarkadaren amaieratik 2009ra arte, eta aktore lanetan ere aritu zen.

Garth Hudson (1943-2025)
Musika akademikotik iritsi zen rock musikara, eta, organoa eta saxofoia jotzen zituen, beste hainbat musika tresnaren artean. Askoren ustez, taldearen soinuaren eragile nagusia izan zen, eta rock musikak izan duen organo jotzaile onena izan dela esan dute beste askok. Hainbat disko kaleratu zituen bakarka, eta estudioko musikari gisa ere egin zuen lan beste musikari askorekin: The Sadies, Neko Case, The Lemonheads...

Richard Manuel (1945-1986)
Pianista eta ahots fin bezain beroko abeslaria izanik, Manuelek The Banden kantu ugari sortu zituen, batik bat taldearen lehenengo diskoetarako. 80ko hamarkadan The Band Robertson gabe itzuli zenean, bera ere batu zen proiektura. 1986an bere buruaz beste egin zuen.

Robbie Robertson (1944-2023)
Taldeko gitarrista eta konpositore nagusia. The Band 1977an desegin ostean, disko ugari ekoitzi zituen, eta zineman ere egin zuen lana, hala aktore lanak eginez, nola filmetarako musika sortuz. Martin Scorseseren zenbait filmetako soinu banda sortu zuen: The King of Comedy, The Colour of Money, The Irishman... 1987an bakarka estreinatu zen (Robbie Robertson), eta 2019ra arte beste bost disko grabatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.