Izenen falta ez da aitzakia izango

Durangoko Azokarako, Borda, Cano, Irastortza, Lertxundi, Montoia, Saizarbitoria eta Sarrionandiaren liburuak iragarri dituzte argitaletxeek.Alonso eta Jaiorenak kalean dira jada

Izenen falta ez da aitzakia izango.
Juan Luis Zabala
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Jon Alonso, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Tere Irastortza, Anjel Lertxundi, Xabier Montoia, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia... Horra hor aurten Durangoko Azokan liburu berria izango duten idazle nagusietako batzuk. Bernardo Atxagak eta Mariasun Landak ere izango dute liburu berririk, haur eta gazte literaturakoak. Lehendik ere bazuen motiborik literaturazaleak abendu hasierako azokara joateko, baina izen horiek indartu egingo dute urteroko hitzordu ezinbestekoa.

Jon Alonso izan da guztien artean goiztiarrena, irail hasierarako kalean eta aurkeztua baitzuen Hiri hondakin solidoak, Eneko Ramirez Lanbas detektibea —irakurleak aurretik Camembert helburu eta Zintzoen saldoan nobeletan ezagututakoa— Euskaltzaindiarekin zerikusia duten afera uher batzuk nola ikertzen dituen erakusten duen nobela bizi eta umoretsua.

Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok da, hala ere, nobelen artean ikusmin handiena piztu duena. Hiru urte dira Saizarbitoriak Martutene argitaratu zuenetik, kritikaren eta irakurleen oniritzia eta sari garrantzitsuak jasotako nobela, Euskadi saria horien artean, eta irakurle asko izango da dagoeneko Saizarbitoriaren lan berria eskuen artean hartzeko irrikan.

Honakoa da Lili eta biok-en argumentua, Erein argitaletxeak jakinarazi duenez: «Psikologo lagun baten bidez Lili ezagutu du Faustino Iturbe idazle adinean sartuak. Hamabost urteko neska azkarra da Lili, eskolan pattal dabilena, aspertu egiten delako. Lilik bere aitonak emandako Luis Cernudaren La realidad y el deseo liburuaren alea erakusten dio idazleari, Juan Aramendia falangista nafarraren sinadurarekin. Zortzi urte zituela eman zion falangista hark liburua Liliren aitonari, 36ko gerra betean. Frontean zegoen garai hartan Aramendia falangista, Otzetan, eta Liliren aitona inguru hartan bizi zen zortzi urteko mutil koxkorra zen».

Hortik abiatutako traman, 36ko gerrarekin lotura duten kontu asko agertzen dira. Gerra hori eta haren ondorioak oso presente daude Saizarbitoriaren obra osoan, Gorde nazazu lurpean nobelan bereziki.

Amaia Ezpeldoi ikerlanean

Itxaro Bordak nobela beltza izango du Durangon, Ultimes déchets (Azken hondakinak), Maiatz argitaletxearen erakusmahaian. Izenburu frantsesduna izanagatik ere, euskaraz idatzia da, eta argitalpenean bi hizkuntzetan emana: euskaraz eskuineko orrialdean, frantsesez ezkerrekoan. «Mikronobela bat» dela aurreratu du egileak. «Amaia Ezpeldoiren inkesta bat da, zaborren aurka eta aldeko batailak oinarri, Hazketa 2010 elkarteko kideei zuzendua».

Nobela berrien artean Patxi Zubizarretarena ere izango da plazan, Laranja bat zaborretan, desberdintasun sozialen inguruko gogoetarako bidea ematen duen istorio harrigarri bat kontatzen duen obra, Elkar argitaletxeak iragarri duenez. Baina beste egile askoren eleberriak ere izango dira udazkeneko uztan: Alain Agirre, Jon Arretxe, Gotzon Barandiaran, Karlos Gorrindo, Fernando Morillo, Jasone Osoro, Iñaki Petxarroman eta Bea Salaberri.

Narrazio liburuei dagokienez, Harkaitz Canorena da, a priori bederen, aipagarrienetako bat. Hamar urte dira orain hurrengo narrazio bilduma argitaratu zuenetik, Neguko zirkua, harrera kritiko oso aldekoa izan zuen liburua. Hamar urteko tarte horretan argitaratu duen lanik garrantzitsuena Twist eleberria izan da, 2011koa.

Beti oporretan izango du izenburu Canoren liburuak, Xabier Montoiak duela hogei urte kaleratu zuen diskoak bezala, eta Montoia da, hain zuzen ere, Canorekin batera, aurtengo udazkenean narrazio bilduma bat kaleratuko duten idazle bakanetako bat. Montoiaren Hondamendia-k era askotako ezbehar, deskalabru eta hondamendi kontatzen ditu; historiako pasarte ezagun eta ez hain ezagunetan oinarrituak batzuk, gaur egungoak edo etorkizun hurbilekoak besteak.

Horrez gain, aspaldian poema libururik argitaratu gabeko egile ezagunen itzulera ekarriko du udazkenak, ia urtero bezala: Jean-Louis Davant, Juan Kruz Igerabide, Tere Irastortza, Jose Angel Irigarai eta Xabier Soubelet. Aintzane Galardik, berriz, hirugarren poema liburua kaleratuko du, eta Goizalde Landabasok bigarrena. Karmele Jaioren kasuan, lehen poema liburua du Orain hilak ditugu, eleberriek eta narrazio liburuek egin baitute orain artean ezagun. Jaioren poema liburua, Alonsoren nobela bezala, irail hasieraz geroztik da dendetan.

Nobela moduan irakurgarri

Saiakeratzat jotzeko moduko edo saiakeratik gertu dauden lan literarioen atalean, Anjel Lertxundiren Zu da nabarmentzekoa. Nobela izan gabe ere, nobela gisa irakur daitekeen liburua da, Erein argitaletxeak iragarri duenez. «Izenburuko —eta testuko— zu hori narratzailearen emaztea da, eta minbizia du. Zu-ri eta berari gaitzaren inguruan bizitzea egokitu zaizkien gorabeherak kontatzen ditu narratzaileak, bizi-ohituren aldatzeak eta egunerokotasuna».

Pamielak aurkeztuko duen Joseba Sarrionandiaren liburu berriak egilearen hitzaldi bat du oinarri: Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Euskal kulturgintzaren transmisioa ikastaroan emandakoa. Hitzaldiaren edukiarekin batera, han jasotako beste hainbat ekarpen ere jasotzen ditu.

Haur eta gazte literaturari dagokionez, aipagarria da Bernardo Atxagak Xola txakurra berreskuratu duela Xola eta lapurra liburua idazteko. Mariasun Landak, berriz, Oreina bihurtu zen neska kaleratuko du, «orein bihurtutako neskaren ipuinaren gainean sortutako bariazio eta gaurkotze saioa», Pamiela argitaletxearen esanetan, «hango ondorioak balada zaharretik gaur eguneraino ekarriz taxutua».

Itzulpenen jario etengabea

Literatur itzulpenen jarioa ez da etengo aurtengo udazkenean ere. Munduko Poesia Kaieretako hiru liburu berriez gain —Ingeborg Bachmannena, Eugenio Montalerena eta Jorge de Senarena—, Sergei Doblatov, Clarice Lispector, Sjon eta Paul Austerren liburu berri bana dago dagoeneko, euskaratuta, liburu dendetan, eta baita James Joyceren Ulises ere, oso oihartzun handia izan duen itzulpen lana.

Aurki beste egile askoren lan euskaratuak iritsiko dira plazara: Eduardo Blanco-Amor, Bill Douglas, Annie Ernaux, David Foster Wallace, Michel Houellebecq, Patrick Modiano, Laurence Stern, Sureau, Jules Verne, Virginia Woolf...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.