Izenak eta izanak, harrietan zizelkatuak

Bergarako Laboratorium museoan ikusgai daude euskara zahar baten aztarnak izan ditzaketen hilarriak. Soriako Tierras Altas eremuan aurkitu zituzten, eta erromatarren garaikoak dira gehienak

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
aitor biain
Bergara
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Sesenco irakur daiteke aretoaren erdian paratuta dagoen harrietako batean, eta Belsco alboan dagoen beste batean. Pertsona izenak dira, eta duela 2.000 urteko, I. eta II. mendeetako, hilarrietan daude zizelkatuta. Soriako (Espainia) Tierras Altas eskualdean aurkitu zituzten harriok orain urte batzuk: 1980ko hamarkadatik gaur arte 40 bat izan dira, eta, hain zuzen ere, euskararen forma zahar bat erabiltzen dituzten hitzok egiten dituzte berezi. Aurkikuntza horien lagin bat Bergarako Laboratorium museoan dago ikusgai, Gipuzkoan, Heriotzarako erromatar ohiturak Soriako Tierras Altas eskualdean. Euskararen aztarnak antzinako epigrafian erakusketan. Lehen aldiz daude Euskal Herrian ikusgai.

Sei hilarrik osatzen dute, denera, erakusketa: bost erromatarren garaikoak dira, eta bat are lehenagokoa da. Harri horiek hilobiaren gainean jartzen ziren bertan hobiratuta nor zegoen adierazteko; gaur egun egiten den bezalaxe, baina orduko moduak eta hizkuntzak erabiliz. Egitura antzekoa erabiltzen zuten guztietan: hilobiratuta zeuden pertsona kopurua adierazteko, busto bana marrazten zieten harriaren goiko partean; erdiko partean, epitafioa zizelkatzen zuten, hildakoaren izen-abizenekin eta familiaren erreferentziarekin; eta, azkenik, beheko partean, balio sinbolikoa duten animalien marrazkiak egiten zituzten: zezenak, behiak, oreinak...

Eduardo Alfaro arkeologoak urteak daramatza Tierras Altas eskualdeko inguruak ikertzen, eta bera arduratu da erakusketaren komisariotza lanak egiteaz. Azaldu duenez, garai hartako ohiturak nahiz erromatarrek ekarritakoak uztartzen zituzten bertan bizi zirenek, eta horren adierazgarri da, hain zuzen ere, seigarren hilarria: erromatarren aurreko garaietakoa baita, Burdin Arokoa, ziur aski. «Estela antropomorfo bat da; hau da, gizaki itxurako marrazki bat du harrian grabatuta. Hilobiaren aurrean jartzen zen, babesteko. Pieza zoragarria da, apartekoa».

Aurkikuntzaren balioa

Harrietako idatzi gehienak latinez daude, baina badira, aldi berean, latinez, zeltaz eta euskararen forma zahar bat uztartzen dituztenak ere. Pertsona izenak dira, nolanahi ere, ez euskara zaharrean idatzitako testuak, Alfarok gogorarazi duenez. Eta horrek egiten ditu berezi, hain zuzen. «Pirinioen hegoaldean inoiz aurkitu den onomastika protoeuskaldun kopururik handiena ikus daiteke hilarriotan».

Alfarok azpimarratu duenez, hilarrien aurkikuntzak eragin nabarmena izan du hizkuntza ez-indoeuroparren inguruko ikerketetan, uste edo hipotesi nagusiak aldarazi baititu. «Orain arte uste zen Ebrotik hegoaldera aurkitzen ziren euskara zaharraren aztarnak Erdi Aroko birpopulatzearen ondorio zirela. Baina hilarri hauen aurkikuntzak erromatar garaietara eramaten gaitu».

Garrantzi berezia du horrek, nola historikoki hala linguistikoki ere. Izan ere, Alfarok azaldu duenez, hilarrietan azaltzen diren aztarnek agerian utziko lukete Ebroren hegoaldetik hasi eta Soriako iparralderaino, egun Tierras Altas eskualdea den inguru horretan, bazirela erromatarrak iritsi aurreko izenak zituzten herritarrak, zeinak harreman zuzena zuten protoeuskaldunekin eta, beraz, antzinako euskararekin. Alfarok ohartarazi du, halere, «irakurketa arkeologikoa» dela soilik.

Eskualdeari dagokion balioa eman nahi izan dio arreta arkeologoak, hipotesian sakondu ahal izateko. Izan ere, inguru berezia da Tierras Altas eskualdea: garaiera handiko eremua da, eta bertako larreak oso finak dira. Neguan izotzak eta elurrak estaltzen dute, baina udako bazka kalitate handikoa da. «Jakin badakigu lurraldea, tradizionalki, transhumantea izan dela. Eta badakigu Nafarroako artzainak Pirinioetara igotzen zirela garai batean. Beraz, Ebroren iparraldean egiten bazuten mugimendu hori, zergatik ez zuten egingo beste aldean, hegoaldean?», galdetu du arkeologoak. «Non zegoen bazkarik onena neguan duela 2.000 urte? Ibarraren behealdean, Errioxako eta Nafarroako erriberan. Alegia, hemendik bi egunera oinez. Eta ez 30 egunera, orain hamarkada batzuetara arte izan den bezala».

Kontuak kontu, hilarri asko eta asko ikertzen ari dira oraindik, eta horien ondorioak argitaratu gabe daudela esan du Alfarok. Bada, dagoeneko argitaratu denaz eta argitaratu ez denaz ariko da, hain zuzen ere, hilaren 22an, 17:30ean, Bergarako Seminarixoan eskainiko duen hitzaldian. Bertaratu nahi duenak aurrez izena eman beharko du museoaren webgunean. Ondorengoa da: laboratorium.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.