Musika

Gari: «Izena badut, baina urteak daramatzat amildegiaren ertzean»

‘Behin bizitzea’ du izenburua Garik Maldanbera taldearekin batera ondutako disko berriak. Orkestra kutsuz, atmosfera iradokitzaile eta poetikoa lortu du Karmele Jaio, Txuma Murugarren, Iñigo Astiz eta Jon Benitoren hitzen laguntzaz.

(Gorka Rubio/@FOKU) 2024-03-13, Aduna. Gari musikaria, 'Behin bizitzea' disko berria eskuetan.
Gari, 'Behin bizitzea' diskoa eskuetan duela, Elkar estudioen atarian, Adunan.
garbine ubeda goikoetxea
Aduna (Gipuzkoa)
2024ko martxoaren 16a
05:30
Entzun

Ostegunean Viktoria Eugenia antzokian emango duen kontzertuan jarria du gogoa Iñaki Igon Garitaonandia Gari-k (Legazpi, Gipuzkoa, 1963). Behin bizitzea diskoak dakarren berritasunaren ispilu, oholtzaratzeko moldea apurtu eta bi zati nagusitan banatuko du emanaldia, lehena lan berriari eskaintzeko, bere osoan.

Hiru urte joan dira kantuak lantzen hasi zinenetik diskoa argitaratu den arte. Prozesu luzea dirudi.

Bai eta ez. Lanari ekin eta berehala, Hertzainak taldearen «bola magnifikoa» etorri zen, eta ondoren zuzeneko diskoa. Disko honi ekin nionean, A planarekin hasi nintzen, Fran Iturberekin batera, baina bat-batean egundoko aldaketak gertatu ziren nire egunerokoan, gehienbat aitaren heriotza, eta atzetik ama gaixotzea. Pandemiaosteak ekarri zuen besterik ere: negozio bat banuen, baina konturatu nintzen jada ez zela negozio bat edukitzeko garaia, bizitza, familia eta dena galtzen ari bainintzen. Kosta egin zitzaidan erabakitzea, baina hortik aurrera kantuetan zentratu nintzen berriro.

«Ezinbestekoa izan da talde lana, banda moduan funtzionatzea; horrek lan handia eman dit, baina goxoa».

Fran Iturberen bidea baztertu zenuen.

Ordu asko eman genituen lanean, baina Zoom bidez, hura han baitago, Los Angelesen. Ordutegia ere oso zakarra zen niretzat. Denda 20:00etan itxi, etxera iritsi, konektatu eta gauerdira arte aritzen ginen gutxi gorabehera, hain zuzen, nire ordurik txarrenetan. A planean hasi eta C planean amaitu dugu, baina onerako izan dela esango nuke. Azken finean, egunerokoari eutsi diot, eta kontuan izan dut zein momentutan nagoen eta zer egin dezakedan oraingo egoeran. Horretarako, ezinbestekoa izan da talde lana, banda moduan funtzionatzea; horrek lan handia eman dit, baina goxoa.

Talde lanean zer bilatu duzu?

Gehienbat, bizirik sentitzea. Taldearekin, oso zuzena izaten da kudeaketa. Franekin hasi nintzenean, lehen kontaktuak zuzenak izanagatik ere, gero nork bere kasa egin behar zuen lan, hark lan bat eta nik beste bat. B planean ere beste horrenbeste gertatu zen, hau da, Jon Agirrezabala ekoizlearekin. Taldearekin, berriz, momentu guztietan da zuzena harremana, eta horrek eragin handia du emaitzan: kanta guztietan bada halako plus bat, konponketak-eta. Askotan hitzei helduta sortzen dira, horiek indartzeko, edota hitz horiei irudi bat azalarazi nahian. Gaur egungo disko bat dela esango nuke; izan ere, talde askok egiten dituzte konponketak, eta konponketa horiekin kontrapuntuak egiten dira, eta, azkenean, ez dakizu ongi azpian zer ari den gertatzen, baina hortxe zaude, txakurren moduan, momentu oro belarriak tente; sorpresa asko dago kantu bakoitzean.

«Konponketekin kontrapuntuak egiten dira, eta, azkenean, ez dakizu ongi azpian zer ari den gertatzen, baina hortxe zaude, txakurren moduan, momentu oro belarriak tente; sorpresa asko dago kantu bakoitzean».

Sortzaile ezagunak jarri dituzu hitzak idazten, eta «naufragioa saihesteko ezinbestekoak» izan direla aitortu duzu liburuxkan. Iñigo Astizek zazpi abestitik lau egin dizkizu.

Iñigo Astizekin harreman estua dut, Bilbon bizi baita, eta erraza zait harekin aritzea. Karmele Jaiorekin eta Txuma Murugarrenekin sorpresa handia hartu dut. Karmeleri esan nion ideia batzuk lantzen ari nintzela eta bere testurik jaso nahiko nukeela. Sorta bat bidali zidan, baina hitz horiei doinurik ezin asmatu nien. Beste poema batzuk bidali zizkidan, eta, Elurretan etzan irakurri orduko, gitarra hartu eta zirriborro bat prestatu nuen segidan. Oso erraza izan da. Txumarekin, beste horrenbeste. Haren testu bat oso gustukoa nuen, eta, zalantzaren bat argitze alde, Mutrikun gelditu ginen. Portuan eseri ginen, gitarra hartuta, eta horrela sortu zen kantua. Kontu horiek, harreman berezi horiek, nire bidaia poltsan gordetzen ditut. Pozgarria izan da haiekin lan egitea.

Gari eta Maldanberaren Elurretan etzan kantaren bideoklipa.
Zein da prozesua, zuk ideia bat eman eta haiek hitzak sortu?

Hor tranpak egiten ditugu denok ere. Iñigori, esate baterako, doinua aurrez izatea gustatzen zaio, eta nik, berriz, hitzak behar izaten ditut, hitz horiek mamituz joaten bainaiz kantuak sortzen. Beraz, hor tranpak egiten ditugu. Elkarrekin denbora pasatu, hitz egin, gaurko gaiak, edo tontakeriak, bitxikeriak, begiradak atera... Gehienetan, hori izaten da bidea. Nire gaiak, dena den, iluntasun handiz jorratu izan ditut, erorialdi asko izan ditudalako, eta hainbat aldiz altxatu beharra. Bizitza batean bizitza mordo bat izan dut, eta ez dakit zergatik, baina lotura handia dut gai horiekin. Disko honetan oso irudi argiak daude, baita kritikak eta autokritikak ere. Baliteke disko hau maitasunari buruzko kantutegi gisa hartzea, nahiz eta ikuspegia beste bat izan.

Etengabeko entsegua al da bizitza?

Zalantzarik gabe, nire kasuan behintzat bai. Disko honek berak erakusten du: A planarekin hasi ginen, eta C planean amaitu dugu. Momentuko indarrak jasota, intuizioak gidatzen nau.

Iluntasunetik zatoz, baina optimismoa ere transmititzen da.

Argitasuna bilatu dut. Kantuak ondu izan ditudanean, ukitu beltza atera izan zait beti, eta, oraingoan, barruko indarrek bultzatuta, disko argitsu bat egitea izan da asmoa. Orokorrean hitz eginda, kezkatzen nau egoera zakar honek, ez du ezer positiborik, zarata da dena. Disko lasai bat egin nahi nuen. Hor dagoen transmisioa bakearena dela uste dut, eta maitasun ukitu hori.

«Kantuak ondu izan ditudanean, ukitu beltza atera izan zait beti, eta, oraingoan, barruko indarrek bultzatuta, disko argitsu bat egitea izan da asmoa».

Oso poetikoa ere bada, eta meritu osoa ez da idazleena.

Doinuak iradokitzaileak izatea nahi nuen. Horretara datoz konponketa guztiak, eta soilik horretan ordu mordoa pasatu dugu. Soinu iluna maite dut gehienbat, baina kasu honetan malenkoniari ere tokia egin diogu. Hitzei irudia sortzea gustatzen zait, edo hitzekin bat eginez irudi bat sortzen laguntzea.

Doinuak aipatuta, Jurisprudentzia abestia biziagoa da, alaiagoa.

Beste indar bat dakar. Kantu hori lehenetarikoa izan zen, eta tonua hartzeak lan handia eman zidan, eta taldean asmatu genuen. Garrantzitsua izan da zazpi kantuen arteko harremana orekatzeko. Haren tempoa ez da abiadura bizikoa ere, baina besteen aldean askoz energia handiagoa duela ematen du.

«Hitzei irudia sortzea gustatzen zait, edo hitzekin bat eginez irudi bat sortzen laguntzea».

Behin bizitzeaz ari zara diskoan, baina bitasun garbi bat ageri da abesti gehienetan: bi hiri, bihotz erdibitua, bi pertsona...

Atzerako ispiluaren jokoa egina dut, baina ez naiz horretan denbora askorik galtzekoa, eta, adinean gora egin ahala, gero eta gutxiagotan egiten dut. Hor badirelako oraindik ere putzu beltzak, hormigoi armatuz estaliak, eta oraindik min hartzen dut atzera begiratuz gero. Egunerokoan bizi naiz, bai baitakit oso ahula naizela hainbat gauzatan. Zaurgarritasuna hor dago, baina badakit horri erantzuteko gai naizela, gehiegi sufritu gabe. Ariketa bat balitz bezala hartzen dut, baina ez zait atsegin: hortik ez dut indarrik hartzen.

Emaitzaz pozik?

Ziurgabetasunean bizi naiz. Diskoa ontzean oso momentu ederrak bizi izan ditut; hartutako erabakiekin eta lortutako giroarekin oso gustura sentitu naiz, baina amaitu da diskoa, eta berriro ziurgabetasuna agertu da. Orain arte ez zitzaidan halakorik gertatu, gauza bat egin, eta aurrera begiratzen nuen, baina oraingoan bestelako ardura bat sortu zait, zer-nolako erantzuna jasoko dugun eta abar.

Bestelako biluztasun bat dakarzulako?

Adinean aurrera egin ahala, beldurra ikusten dut nire alboan, edo harreman estuagoa dut beldurrarekin, eta horrek kezkatu egiten nau, gero eta zaurgarriago ikusten dudalako neure burua.

Besteek zer pentsatuko duten axola zaizulako?

Bai, gehiegi. Inoiz ez dut halakorik kudeatu, eta babesik gabe sentitzen naiz.

Harro erdiz, eta damututa ere erdiz...

Hain zuzen.

«Atzerako ispiluaren jokoa egina dut, baina ez naiz horretan denbora askorik galtzekoa, eta, adinean gora egin ahala, gero eta gutxiagotan egiten dut. Hor badirelako oraindik ere putzu beltzak, hormigoi armatuz estaliak, eta oraindik min hartzen dut atzera begiratuz gero».

Zer gertatzen zaio rockari?

Entzuten dut, baina jada ez nator bat kontzeptu horrekin. Rock-an-rolla hainbat gauzari lotuta dago: gaua, droga, jarrera zoroa... Ongi iruditzen zaizkit guztiak, baina dagoeneko oso urrun ditut. Kantu hauek beste posizio bat eskatzen dute, beste jarrera bat, eta zuzenekoetan ezin ditut beste errepertorioetako abestiekin nahasi, oraindik ez behintzat, kosta egingo zaidalako tempo eta atmosfera horretan sartzea.

Hortaz, zein da plana?

Lehenik disko berria osorik eskaini, gero tartetxo batean gitarra akustikoarekin bakarka aritu, eta, azkenik, ibilbide osokoak jo, taldearekin. Zatiak ongi bereizi nahi ditut, abesti berriak ez baitira batere errazak; hain mantso jotzen denean, tempoa mantentzea konplikatua da, ez dirudien arren.

Gauzak aldatu egin dira, baina zuk baduzu izena. Nola ageri zaizu panorama?

Izena badut, baina urteak daramatzat amildegiaren ertzean. Gauza asko daude. Hasteko, nire ibilbidea ez da egonkorra izan, eta urteak eman ditut proba-akats prozesuan, ikus-entzuleak kontuan hartu gabe. Baina badira beste aldagai batzuk ere; komisario politiko-kulturalen aterkipean ez naiz sekula egon, niri ez didate sekula deitu, eta babes hori gabe, beste bide bat urratu behar izan dut. Areago: herri honetan ez dugu sekula izan harreman esturik musikarekin. Abesbatzak jartzen dira adibide gisa, baina baita zera ere. 60ko hamarkadan halako haustura bat gertatu zen, baina ideologiari eta politikari lotuta beti, eta, horren ondorioz, hainbat proiektu eder joan dira zaborrontzira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.