Izen propioak, hizki txikitan

Neko Case, K.d. Lang eta Laura Veirs. Folkaren eta countryaren eremu zabalean bidea egin eta ireki duten hiru artista handiek indarrak batu dituzte, eta disko bat argitaratu dute elkarrekin.

Neko Case, K.d. Lang eta Laura Veirs. JASON QUIGLEY.
mikel lizarralde
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Izen propioa dute beren kasa Neko Casek, K.d. Langek eta Laura Veirsek. Bakoitzak bere aldetik ibilbide sendoa eta era berean berezia egin du, hala country eta folk eremuetan nola indie esparruan, eta Ipar Amerikan gehien laudatuetako hiru ahots bilakatu dira denborarekin. Orain, elkartu egin dira, eta hiruren abizena daukan diskoa kaleratu berri dute: case / lang / veirs. Horrela, hizki txikiz.

Ez dira nolanahiko artistak Neko Case, K.d. Lang eta Laura Veirs. Lang (Edmonton, Alberta, Kanada, 1961) da hiruren artean beteranoena, baita oihartzun zabalena izan duena ere, nahiz eta countryaren mundu hertsi samarrean beti ibili den bere aldetik. Horren adibide dira 30 urteko ibilbidean eskuratu dituen lau Grammy sariak. LGTB mugimenduko kide eta haren eskubideen defendatzaile aktiboa izan da, eta baita animalien eskubideena ere, eta horrek arazoren bat edo beste ekarri dio Alberta jaioterrian. Izan ere, ganadu industriaren gune garrantzitsua da Kanadako probintzi hori, eta, Langek haragia jatearen kontrako kanpaina batean parte hartu zuenean, hango irratiek betoa ezarri zioten.

The New Pornographers pop taldeko kidea izan da Neko Case (Virginia, AEB, 1970), baina 1997an hasitako bakarkako ibilbidean country noir eremuetan mugitu da batik bat, eta disko bikain ugari argitaratu ditu, Fox Confessor Brings the Flood (2006) horien artean. Laura Veirs (Colorado, AEB, 1973) da hiruren artean gazteena, baita countrytik gehien aldentzen dena ere, nahiz eta haren arrastorik baden folk eta indie ukituko kantautore horren kantuetan.

Punk taldea izan nahi zuena

Kolaborazioaren abiapuntua orain dela urte pare bat K.d. Langek izandako burutazio bat izan zen: «Zerbait ezberdina egin nahi nuen, eta pentsatu nuen ondo legokeela kanpoko kolaboratzaileekin aritzea; nire musika esperientzia aberastuko zutenekin». Pentsatu eta egin. Mezu bana bidali zien Caseri eta Veirsi, eta berehala jaso zuen baiezkoa. Case ohitua dago beste musikari batzuekin aritzera, eta ez zuen zalantzarik izan. Veirs, berriz, ama izan berria zen, baina proposamena kitzikagarria egin zitzaion: «Esan nion libre nengoela! Garai hartan oso lanpetuta nengoen haurrarekin, baina neure buruari sinetsarazi nahi nion ez zela horrela!». Ideiak, nolanahi ere, bazuen aitzindari bat, Langek eta Casek Warp and Weft Veirsek 2003an grabatutako diskoan parte hartu baitzuten.

Ez da asko urruntzencase / lang / veirs hau hiru artistek aurretik zapaldu dituzten eremuetatik. Baditu Langen country ahaireak, baina Veirsen ukitu indiea eta Casek americanarako eta poperako duen joera ere nabariak dira pasarte askotan. Nahiz eta, hasieran, asmoa beste bat zen, Veirsek dioenez: «Nesken punk talde bat egitea pentsatu genuen, baina kantuak egiten hasi, eta ez ziren estilo horretakoak. Americana / folk / indie musika zen, eta kantuei segitzea besterik ezin genuen egin».

Horrek ez du esan nahi tentsio unerik ez zenik egon grabazioan. Langek aitortua: «Kantuak egiteko ideia ezberdinak ditugu, eta egoa ere bai! Baina musikak mantendu gintuen elkarrekin, bagenekielako une on batean geundela».

Ezaugarri propioko hiru kantari izanda, garbi izan zuten euren helburuak ezin zuela izan kantu bakoitzean izaeren batura hori islatzea. Ez hiru ahotseko harmoniak, ezta hirukote formaturako egindako kantuak ere. «Oso instintiboa» izan da prozesua, Langen beraren hitzetan. Batek kantuaren oinarria eraman, eta beste biak saiatzen ziren hartara egokitzen. «Gehiago izan da proiektu kolaborattzaile bat hiru izarreko proiektu bat baino».

Kolaborazio eremu hori kantuen idazketan ere eman da, batek ideia eraman arren, hiruren artean osatu baitituzte pieza guztiak. «Eta jendea harritu egingo litzateke bakoitzak zer idatzi duen jakingo balu!», egin du akotazioa Casek. Alegia, badirela Casek edo Veirsek idatzita egonda ere, Langenak ematen duten piezak. Eta alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.