Zinema

Izen-abizenak tragediari

Bihar estreinatuko dute 'Muerte en Amara' dokumentala, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. 1960ko ekainean Begoña Urroz haurra hil zen atentatua nork egin zuen azaltzen du lanak.

Nerea Garcia dokumentalaren produktorea, eta Aitor Gonzalez, zuzendari eta gidoilaria. JUAN HERRERO / EFE
Nerea Garcia dokumentalaren produktorea, eta Aitor Gonzalez, zuzendari eta gidoilaria. JUAN HERRERO / EFE
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Ekaineko arratsalde bat; ekainaren 27koa, hain zuzen. Donostia, 1960. Jesusa Ibarrolak erosketa batzuk egin behar ditu, eta, horren aitzakian, 20 hilabeteko alaba izebaren kargu utzi du. Begoña Urroz da haurraren izena, eta Amarako tren geltokian geratu da Soledad izebarekin batera; geltokiko kontsignan egiten du lan hark. Bat-batean, bertan dagoen maleta batek leher egin, eta haurra larri zauritu da. Hurrengo egunean hil zen Begoña Urroz —1960ko ekainaren 28an—, zaurien larritasuna zela-eta. Atentatu baten biktima izan zen haurra, baina nork egindako edo antolatutako atentatuarena?

Urte askoan esan zen ETA izan zela, eta talde armatu horren lehen biktimatzat hartu zuten. Baina ez zen hala izan egiaz, DRIL (Askapenerako Iberiar Direktorio Iraultzailea) taldeko kide bat izan baitzen: Guillermo Santoro. Muerte en Amara dokumentalak atentatu horren argi-ilunak azaltzen ditu, benetako istorioa eta egiletza agerian utziz.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian emango dituzten filmetako bat da. Azken txanpan sartuta dago jada jaialdia, eta, zehazki, bihar estreinatuko dute dokumentala, 17:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Lehiaketatik kanpo dago.

Ikertu beharra

Nerea Garcia izan da dokumentalaren produktorea, eta Aitor Gonzalez zuzendari eta gidoilaria. Ez batak, ez besteak ez zuten Begoña Urrozen istorioaren berri, harik eta Gaizka Fernandez ikerlariak kontatu zien arte. Horren inguruko ikerketa zabala egindakoa zen Fernandez, Manuel Aguilar TVEko dokumentalistarekin batera. 2016an hitzaldi bat eman zuen Aguilarrek, eta ikerlaria hura entzutera joan zen. Bertan, dokumentalistak aipatu zuen Amarako atentatuaren egilea ez zela ETA izan, eta DRIL taldeari egotzi zion atentatua.

Nolanahi ere, lehenagotik ere jakina zen Urrozen hilketaren atzean DRIL taldea zegoela. Ainhoa Oiartzabal BERRIAko kazetariak kontatu zuen, 2011n, Igandea gehigarrian argitaratutako erreportaje zabalean, zenbait historialariren iritziak bilduta. Lan harengatik Rikardo Arregi saria jaso zuen Oiartzabalek. Urte batzuk geroago, 2013an, Xavier Montanya kazetariak (Bartzelona, 1961) BERRIAn eta Villaweb-en argitaratu zituen polizia txostenak.

«Jakin nahi genuen benetan zer gertatu zen, eta zein zen egilea, historia behar bezala kontatzeko» GAIZKA FERNANDEZIkertzailea

DRIL 1960ko hamarkadan sortu zen, eta Espainiako eta Portugalgo gaztez osatuta zegoen. Francisco Francoren eta Antonio Salazarren —Portugalgo diktadorea— diktadurak deuseztatzea zuten helburu. Ideologia askotako jendea zegoen taldean, eta horrek, sarritan, desadostasunak sortzen zituen kideen artean. Amarako leherketa ez zen taldeak egun hartan egin zuen bakarra. Bartzelonan eta Madrilen ere izan ziren leherketak, baina ez zen inor zauritu. 1962an, talde armatua gain behera hasi zen, eta handik pare bat urtera desagertu zen.

Aguilarren hitzaldiak interesa piztu zion Fernandezi, eta harekin batera ikerketa bat abiatzea erabaki zuen. «Jakin nahi genuen benetan zer gertatu zen, eta zein izan zen egilea, historia zen bezala kontatzeko». 2019an kaleratu zuten ikerketa, eta, bertan DRILeko kide ziren izen batzuk aipatzen baziren ere, ezin izan zuten egilearen izena guztiz ziurtatu. Ikerketa plazaratzearen harira, ordea, dokumentazio berria jaso zuten, eta egilea baieztatu ahal izan zuten. «Dokumentalean lehen aldiz esan dugu egilea Guillermo Santoro izan zela, ikerketan ezin izan baikenuen esan», azaldu du Fernandezek.

«Sarritan oso zaila da hedatuta dagoen bertsio bat baztertzea, nahi ezta bertsio berria benetan egiazkoa izan».

AITOR GONZALEZDokumentalaren zuzendaria eta gidoilaria

Garciaren hitzetan, egia historikoa plazaratzea izan da proiektuaren helburuetako bat, familiari nolabaiteko omenaldia eginez. «Ikerketari garrantzia eman nahi izan diogu, baina baita alde emozionalari ere». Gonzalezentzat, gertaera historiko «zurrun» hori ikuslearentzat erakargarri egitea izan da erronka: «Ikusleak erakarri nahi izan ditugu; gaiaren inguruan euren kabuz gehiago jakitera eraman». Zuzendari eta gidoilaria historialaria ere bada, eta historialarien lana aldarrikatu du: «Sarritan oso zaila da hedatuta dagoen bertsio bat baztertzea, nahiz eta bertsio berria izan egiazkoa benetan». Espero du publikoarengan izpiritu kritikoa garatzea dokumentalari esker.

Ikerketa hartu dute erreferentziatzat dokumentala egituratzeko orduan. «Ikerketaren prozesua izan dugu kontuan, urte hauetan guztietan zer jakin den eta zer ez den jakin erakutsiz». Horrela, ikusleak, dokumentalak aurrera egin ahala, egia zein den ikusi ahal izango du. Fernandezi «erakargarria» egin zaio egileen planteamendua: «Ikerketa akademiko batetik dibulgaziorako produktu on bat ateratzea lortu dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.