The Rolling Stones taldeak Beggars Banquet diskoa aurkezteko saio bat antolatu zuen 1968ko abenduaren 11n, Wembleyko estadioan, Londresen. Han, hainbat gonbidaturen artean, Eric Claptonek (Cream), Keith Richardsek (The Rolling Stones), Mitch Mitchellek (The Jimi Hendrix Experience) eta John Lennonek (The Beatles) propio egun hartarako sortutako The Magic Band izeneko taldeak ere parte hartu zuen. 60ko hamarkadaren hasieran The Beatles sortu zutenetik Lennonek bere kideak gabe zuzenean jotzen zuen lehenengo aldia zen hura, baina, bitxikeriaz harago, egun hark taldearen etorkizuna baldintzatuko zuen gertaera bat ere ekarri zuen. Kontzertu hartan, Lennonek Allen Klein enpresa gizona ezagutu zuen, The Rolling Stonesen negozioak esku irmoz gidatzen zituen managerra. Eta kontzertu hartan hasi zen The Beatlesen amaieraren atzerako kontaketa.
Bitxikeria hutsa eman badezake ere, Klein Liverpooleko laukotearen bizitzan eta kudeaketan agertu izanak dena aldatu zuen. 1967ra arte The Beatlesen managerra izandakoa, Brian Epstein, laguna zuten Lennonek, Paul McCartneyk, George Harrisonek eta Ringo Starrek, eta hark baretzen zituen musikarien artean egon zitezkeen desadostasunak —Bosgarren beatlea deitzen zioten—. Epstein, baina, 1967ko abuztuan hil zen, eta handik aurrera dena ezberdina izan zen. 1968an The Beatles disko bikoitza argitaratu zuen taldeak —azalagatik The White Album (Album zuria) izenburuaz ezagunagoa dena—, taldekideen arteko tentsioak aurrenekoz agerian utziko zituen lana. Epsteinen faltan, lau kideek Indiara begiratu zuten, eta han aurkitu zuten aurrera egiteko behar zuten gidaria edo gurua: Maharishi Mahesh yogia. Hiru hilabeterako jo zuten Rishikeshera, gida-ikastaro bat jasotzeko asmoz, eta han sortu zituzten diskoa osatuko zuten kantuetako gehienak. Nolanahi ere, Starr berehala aspertu zen «udaleku batean» egoteaz, eta alde egin zuen, eta bide bera segitu zuen berehalakoan McCartneyk.
Indiako egonaldi hark lehen tentsio uneak eraman zituen taldera. Baina berehala iritsiko ziren beste batzuk. Diskoaren grabazioan —maiatzetik azarora luzatu zen—, agerikoa zen Lennon eta McCartneyren, hau da, taldearen konpositore nukleo nagusiaren arteko urruntzea. Bakoitzak bere aldetik egiten zuen lan, eta ordurako galdua zuten laguna kritikatzeko beldurra. Lennonek, adibidez, «amonatxoentzako zabor musika» izendatu zuen Ob-La-Di, Ob-La-Da kantua. Horri gehitu behar zaio Starrek tarte batez taldea utzi zuela, eta Yoko Ono Lennonen bikotekidea estudioan egotea ez zela gainerakoen gustukoa. McCartneyren hitz batzuk oso esanguratsuak dira garai hori ulertzeko: «Ordura arte, mundua arazo bat zen, baina gu geu ez». Bistan denez, handik aurrera arazoa taldera lekualdatu zen.
Zer egin ezin jakinda
1969a urte inportantea izan zen The Beatlesentzat, urte hartako gertaera guztiek argi erakusten baitute taldearen norabiderik eza edo, gutxienez, ontzi handi hura gidatzeko beharrezkoa zen adostasun maila bat lortzeko ezintasuna. The White Album-en esperientziarekin triste, jatorrira, taldearen rock hastapenetara, itzultzeko proposamena egin zuen McCartneyk, horrek taldea berriro batzeko balioko zuelakoan. Izan ere, 1966tik zuzenean jo gabe zegoen taldea, ezinezkoa baitzitzaion estudioan lantzen zituen soinuak oholtza batera eramatea, eta, McCartneyren asmoen arabera, lan berriko kantuek balioko zioten taldeari zuzeneko aurkezpen bat egiteko. Disko hori, hasieran Get Back (Atzera buelta) deituko zutena, 1969ko urtarrilaren 2an hasi ziren grabatzen, eta Michael Lindsay-Hoog dokumental baterako irudiak ere hartzen hasi zen saio haietan.
Berehala ikusi zen, ordea, giroa ez zela egokiena, eta McCartneyk baizik ez zuela sinesten material hartan. Nolanahi ere, eta ustekabe ugarirekin —eztabaida handi baten ostean, Harrisonek taldea utziko zuela esan zuen urtarrilaren 10ean, nahiz eta gero iritzia aldatu zuen—, lortu zuten diskoa bukatzea, eta hilaren 30ean kontzertua eman zuten estudioaren teilatuan. Azkenekoa izango zen.
Grabazioak Glyn Johns ekoizleari bidali zizkioten, hark egin zitzan nahasketak, baina taldekideak ez ziren gustura gelditu haiekin, eta bitartean hasita zeuden George Martin beren betiko ekoizlearekin beste disko bat prestatzen: Abbey Road.
Egoera nahasi horretan, eta Get Back-ekin zer egin ez zekitela, Lennonek Allen Klein proposatu zuen taldearen negozioak kudeatzeko. Harrison eta Starr ados agertu ziren, baina McCartney ez. Yesterday-ren egileak nahiago zituen lan horretarako John eta Lee Eastman, bere emazte Lindaren aita eta neba, hurrenez hurren. Gainera, Mick Jaggerrek esanda, bazekien Klein ez zela fidatzeko pertsona bat, eta The Rolling Stonesen musikaren eskubideak bereganatuak zituela taldekideek jakin gabe. Baina alferrik izan zen, eta taldeak kontratua sinatu zuen Kleinekin.
1969ko irailean, Abbey Road argitaratu zenean, Get Back-en etorkizuna ez zuen inork argi ikusten. Berriro saiatu ziren Glyn Johnsekin, baina urte amaieran egindako nahasketek ere ez zuten taldekideen oniritzia jaso, eta, grabazio haiek tiradera batean amaituko zutela ematen zuenean, Lennonek, Kleinen babesarekin, Phil Spectorri eskatu zion ekoitz zitzan. Spector ezaguna zen, alde batetik, bere lan egiteko modu erasokorrengatik, eta, bestetik, bere ekoizpenetan erabiltzen zuen wall of sound-agatik (soinu horma). Musikari ugari jartzen zituen jotzen une berean, eta pista horiekin guztiekin orkestra batek lortuko zukeen soinua lortzen zuen.
Spectorrek orkestrazio melodikoak eta emakume ahotsak gehitu zizkien hainbat kanturi (Across The Universe, The Long and Winding Road), eta, Starr, Harrison eta batez ere McCartney ados agertu ez ziren arren, diskoa kaleratu zuten 1970eko maiatzaren 8an, Let it Be izenburuarekin. Gaur mende erdi.
[youtube]https://youtu.be/fR4HjTH_fTM[/youtube]
Amaiera baten kronika
Diskoa maiatzean atera zuten, baina, ordurako, The Beatles deseginda zegoen. 1969ko irailean Lennonek esana zuen taldea utzi nahi zuela, baina, artean elkarrekin proiektuak zituztenez —Let it Be izango zena aurrera ateratzea, esaterako—, ez jakinaraztea erabaki zuten. Bakoitza bere egitasmo pertsonaletan hasia zegoen ordurako, eta McCartneyk bere bakarkako lehen diskoa 1970eko apirilean argitaratzeko erabakiak piztu zuen taldearen amaierak behar zuen azken txinparta. Disko hura Let it Be-rekin lehia zitekeela ikusita, Starrek, Harrisonen eta Lennonen ordezkari gisa, McCartneyri eskatu zion argitalpena atzera zezala, baina hark haserre erantzun zion ezetz.
[youtube]https://youtu.be/RcZ7S2C0--U[/youtube]
McCartney (1970) apirilaren hasieran kaleratu zuten, eta lehen aleek musikariari eginiko (auto)elkarrizketa bat zekarten. Bertan, McCartneyk zioen, besteak beste, atseden bat hartzen zuela taldean, taldekideen artean desadostasun pertsonal, enpresarial eta musikalak zituztela, ez zekiela bereizketa hura aldi baterakoa edo behin betikoa izango zen, eta ez zuela ikusten aukerarik Lennonekin berriro konposatzeko.
Nahiz eta hala uler zitekeen, elkarrizketa hark ez zuen zehatz esaten The Beatles desegin zela, baina Daily Mirror egunkari sentsazionalistako kazetari batek elkarrizketaren ale bat eskuratu zuen diskoa argitaratu aurreko egunean, eta apirilaren 10ean eman zuen albistea karaktere handiekin: «Paul McCartneyk The Beatles utzi du». Berri hark taldekideen artean egon zitezkeen zubi guztiak hautsi zituen, Harrisonek, Lennonek eta Starrek McCartneyri leporatu baitzioten bere kasa eman izana taldearen agurraren berri. Inoiz ez zen izan desegitearen berri emango zuen komunikatu ofizialik, baina, 1970eko maiatzean Let it Be argitaratu zutenerako, kide bakoitza bere kasa zebilen. Bide berrien peskizan.
[youtube]https://youtu.be/QDYfEBY9NM4[/youtube]