Zinema

Izaskun Arandiaren 'Irailak' dokumentala diruz laguntzeko kanpaina abiatu dute

Zuzendariaren birraitona 36ko gerran hil zuten, eta senideek dituzten galderei erantzun nahian abiatuko dira Burgosera. Dirua biltzeko kanpaina baten bitartez 12.000 euro biltzea espero dute, dokumentala grabatu ahal izateko.

'Irailak' filmaren fotograma bat. IZARFILMS
'Irailak' filmaren fotograma bat. IZARFILMS
Beñat Mujika Telleria.
2025eko otsailaren 21a
15:30
Entzun

Izaskun Arandia eta haren aita, Manu, Burgosera joango dira, autokarabanan. Helburu argia du bidaiak; Manuren aitona zena —Miguel Varga Arnaiz— 1936ko gerran hil zuten, eta orduko gertaera tragiko horrek zer ezkutatzen duen argitzea dute helburu. Horixe du abiapuntu Arandiak lehen pertsonan zuzendu nahi duen Irailak dokumentalak. Aurten hasi nahi dute filma grabatzen, eta, proiektua aurrera ateratzeko, dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute. Dokumentala grabatu ahal izateko, 12.000 euro biltzea espero dute Arandiak eta haren lantaldeak.

1936an, gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago, Miguel Varga Arnaiz, familia Tolosan (Gipuzkoa) utzi, eta bere jaioterrira itzuli zen, San Millan de Larara (Espainia). Gerra betean, haren familiari jakinarazi zioten Varga Arnaiz frontean hil zela. Baina haren gorpua ez zioten inoiz familiari itzuli. Gertatutakoa zalantzan jarri zuen familiak, baina ez zuten erantzunik jaso. Gerora, hurrengo hamarkadetan, familiako elkarrizketetan «gaia saihestu» egin izan dela aitortu du zuzendariak.

2018an, ordea, espero gabeko berria jaso zuen Arandiaren familiak. Gogora Institutuaren DNA programaren bidez, zuzendariaren birraitonaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten, eta urte horretan bertan itzuli zizkieten senideei, Aranzadi fundazioan.

(ID_17401265104565) IRAILAK 2
Izaskun Arandiaren familiaren aspaldiko argazki bat. IZASKUN ARANDIA

Gorpuzkiak berreskuratu arren, zuzendariak eta haren familiak galdera asko dituzte oraindik ere. Horiei guztiei erantzun bat aurkitzea du helburu filmak. Eta era berean, 36ko gerrako biktima guztientzako omenaldia ere izatea nahi du Arandiak. Hala adierazi du: «Justizia Ministerioaren datu ofizialek 2.567 hobi komun erregistratu dituzte Espainian. Dagoeneko 58.000 biktima zenbatu dira. Kalkuluen arabera, 114.000 desagertu baino gehiago daude. Dokumental hau haien omenez ere egin nahi dugu».

Diru bilketa

Arandiak zuzenduko du Izarfilms ekoiztetxearentzako egindako lana, eta dirua biltzeko kanpaina abian da jada. Esteka honen bitartez, dokumentala diruz laguntzeko aukera izango du hala egin nahi duen edonork. Bost eurotik hasi eta 500 eurorainoko ekarpena egiteko aukera dago.

BERRIAk proiektua babestuko du, eta dokumentala garatzen eta zabaltzen bidelagun izango da hainbat egitasmotan. BERRIAlagunei ere zenbait aukera berezi eskainiko dizkiete dokumentalaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.