Izarrik gabeko konstelazioak

Joseba Larratxe, Harkaitz Cano eta Unai Iturriagaren 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikia oinarri duen erakusketa bat ireki dute Donostian. Ehun marrazki inguru daude ikusgai, besteak beste

Komikiko irudi gehiago daude paneletan, testuekin lagunduta. J. MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Geruza ugari zituen Mikel Laboak (Donostia, 1934-2008). Unibertso bat kabitzen zen haren bizitzaren, obraren eta izaeraren geruza bakoitzean, eta horixe irudikatu nahi izan dute Mikel Laboa ...izan liteke konstelazio, izan gabe izar... erakusketaren antolatzaileek. Joseba Larratxe Josevisky-k, Harkaitz Canok eta Unai Iturriagak iaz plazaratu zuten Ni ez naiz Mikel Laboa komikia du oinarri, eta Larratxeren ehundik gora irudi ez ezik, kartelak, artelanak, argazkiak, dokumentuak eta ikus-entzunezkoak ere jarri dituzte ikusgai. Donostiako Literaktum jaialdiaren barruan antolatu dute, eta 2024ko urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik, Okendo kultur etxean.

EHUren Mikel Laboa katedrak proposatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadaz osatu zuten komikia hiru egileek, eta Elkar argitaletxeak plazaratu zuen. Sortzaileek orduan azaldu zutenez, Lekeition (Bizkaia) bildu ziren, «Laboaren lekeitioen sorburu edo iturburu izan zen lekuan», musikari eta kantaria haientzat nor zen eta zer kontatu nahi zuten zehazteko. Baina mapa bat trazatzen hasi, eta azkenean «iparrorratza hautsi» zutela ekarri zuen gogora Canok atzo, erakusketaren aurkezpenean. «Iparrorratza hautsi behar genuela ondorioztatu genuen, gu libre sentitzeko eta haren izpiritu libre eta jolastia harrapatzen saiatzeko, eta ez hainbeste Laboa solemne hori». Hala, ohiko biografia bat egiteko ideia baztertu, eta Laboaren askatasuna eta aldarte jostaria hartu zituzten haiek ere lanerako abiapuntu. Ideia hori erakusketan ere islatu dutela iruditzen zaio idazleari.

Larratxerentzat, berriz, komikia bere obrarik garrantzitsuena izan liteke, bai Laboaren figuragatik, bai izan duen ibilbideagatik —hari esker, atzo bertan jaso zuen literatur lanen ilustrazioaren ataleko Euskadi saria—. «Pentsatzen dut marrazkilari guztion ametsetako bat dela geure marrazkiak formatu handian eta halako erakusketa batean ikustea». Horregatik, eskerrak eman zizkien antolatzaileei, baita komikia egiteko prozesu luzea «modu duinean» aurrera eramateko modua eman zieten sustatzaileei ere.

Koma Kultur Zerbitzuak etxeko Miren Koro Campos eta Mauro Peñalba arduratu dira erakusketako komisario lanak egiteaz, eta, Laboa ardatz izanik, «erronkatzat» jo zuen Camposek. «Mikel Laboa geruza askokoa izan zen; horregatik, ez gara haren kantari alderdian soilik oinarritu, eta haren bizitzaz ere hitz egin dugu». Material ugari eta askotarikoak bildu zituzten horretarako, eta horiek lortzeko jo zuten ate oro zabalik aurkitu zutela azpimarratu zuen Camposek. Bereziki eskertu zuen Larratxeren eskuzabaltasuna, komikiari lotutako bere material guztiak haien esku jarri baitzituen, nahi bezala erabil zitzaten. Horrela, komikiko marrazkiak ez ezik, sortzeko prozesuan landutako proba eta zirriborroak, koadernoak eta bestelakoak ere badira aretoan.

«Jolas egiteko» erakusketa bat dela ere adierazi zuen komisarioak, eta koloreekin jolas egin dutela, Laboaren bizitzako garai batetik bestera igarotzean tonuak ere aldatu egiten baitira, besteak beste. Horri lotuta, gaineratu zuen «bizitza osoan Laboaren alboan egon zen pertsonari», hau da, Marisol Bastidari ere omenaldia egin nahi izan diotela, eta, tarteka irudietan agertzen bada ere, haren presentzia erakusketa osoan sumatzea nahi izan dutela: «Izan ere, Marisol ezagutzean iritsi zen kolorea Laboaren bizitzara».

Unibertso batetik bestera

Aretorako sarreran, lurrean, Laboaren diskoen azalek erakutsiko diote bidea bisitariari. Eta segidan aurkituko duen testuak azalduko dio artistaren «bizitza eta obra osatzen duten unibertsoetan barrena bidaia bat egitea» proposatzen duela erakusketak. Hogei bat panel daude, hitzez eta irudiz azaltzen dituztenak Laboaren bizitzari eta ibilbide artistikoari buruzkoak. Eta, hain zuzen, «unibertsoka» antolatu dituzte horiek, komisarioaren hitzetan.

Osasunari lotutakoa da lehena, eta, hala, medikuntza ikasi zuen garaiko irudiak eta bihotz handi bat jarri dituzte paretan, artistak izan zuen gaitz bati erreferentzia egiteko. Gernikako bonbardaketak utzi zion arrasto sakona ere irudikatu dute segidan, zuri-beltzean. Larratxeren irudiekin osatutako bideo bat eta Lekeitioko baserriaren erreplika txiki bat jarri dituzte gune horretan. Haren esperimentaziorako joeraren lekuko, beste ikus-entzunezko bat dago jarraian, Komunikazio-Inkomunikazio proiektuaren harira eman zuen zuzeneko batena.

Laboak iturritzat zeuzkan musikariak, Ez Dok Amairuko garaiak, kontzertuetako kartel eta sarrerak, eta haren omenez beste artista batzuek eginiko lanak ere badira, tartean Iñaki Olazabalen eskultura bat eta Koldobika Jauregiren egurrezko lau pieza.

Eta hasi bezala bukatzen du bidea erakusketak, abiapuntu duen komikiari lotutako materialekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.