Izarren jauregia, hutsik

Zinealdea Euskal Herriko ikus-entzunezko industriaren erakarpen poloa izatea nahi zuten, baina geldi dago, «interes faltagatik»Oarsoaldea agentzia eta enpresa eragilea salatzeko asmoa du Enrique Santiagok

Enrique Santiago proiektuaren sortzailea, Zinealdearen eraikin nagusiaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Oiartzun
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Oiartzungo (Gipuzkoa) Lintziringaina gunean eraikitako 18.000 metro koadroko eraikina hutsik dago, eta parez pare duen orubea sasiak hartuta. Hutsik eta geldirik. Euskal Herriko Hollywood txikia izatea nahi zutenak ez ditu oraino ateak ireki, Enrique Santiago ideia izan zuenaren arabera, Oarsoldea eskualdeko garapen agentziaren «pasibotasunagatik» eta Zineazpiegiturak Oiartzun enpresa eragilearen barnean sortutako barne istiluengatik.

«Zinealdea» irakur daiteke eraikineko hormetako batean. 2000. urtean Enrique Santiagok —garai hartan Urnietako Sarobe arte eszenikoen guneko presidentea zen— proposatutako ideia bat da Zinealdea, eta, orduko azterketen arabera, bideragarria. Zinealdeak ikus-entzunezko ekoizpenerako zerbitzuak eskainiko zituen zentro integratu bat izatea nahi zuten. Proiektuan honako azpiegitura hauek eraikitzeko asmoa zuten: sektoreko enpresak bilduko zituen pabiloiak, ikus-entzunezkoak ekoizteko beharrezko plato eta azpiegiturak biltzen dituen eraikin nagusi bat, baliabide estrategikoak kudeatzeko enpresa bat (film commission), eta ikus-entzunezkoen prestakuntza eskaini ahal izateko zentro bat, besteak beste. Ikus-entzunezko ekoizpen eta prestakuntza gunea izateaz gain, aisialdi gunea izatea ere nahi zuten. Horretarako, hotel bat, arte galeria bat eta bestelako aisiarako gune batzuk eraikitzeko asmoa zuten.

Jatorrizko proiektuaren asmoa eraikinaren eraikuntzaz arduratuko zen inbertsio pribatua eta enpresak erakarri eta ekoizpenak garatzeko beharrezko inbertsio nahiz kudeaketa publikoa uztartzea zen. Modu horretan, Oarsoaldea eskualdera aberastasuna, industria eta lana erakartzea aurreikusten zen.

Hori zen 2002an sortu zen Zinemaldea SA enpresaren egitekoa. Enpresa hori Zineazpiegiturak SL enpresak (%75) eta Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziak (%25) osatu zuten, Zinealdea proiektua aurrera eramateko asmoz. Azken hori Errenteriako, Oiartzungo, Pasaiako eta Lezoko udalek osatzen dute.

2005aren amaieran, Zineazpiegiturak SL enpresako akzioak (kapitalaren %75) Zineazpiegiturak SL sozietateari eskualdatu zitzaizkion, Zinealdea eraiki eta garatzeko berariaz sortutako promotorari. 2006an, Oarsoaldeak Zinealdea eraikitzeko orubea erosi zion Sprilurri, eta horrek, aldi berean, Zineazpiegiturak Oiartzun SLri saldu zion, Santiagoren esanetan salerosketa prozesu horretan etekinak izanez. Enpresa promotorak (Zineazpiegiturak Oiartzun SL) lurrok erostearen truke, Oarsoaldeko agentziari enpresak erakartzeko baliabideak eskaintzea zegokion, Santiagok adierazi duenez. Ordurako, gainera, hamabost bat enpresarekin akordiorako oinarriak hitzartuak zituzten.

Gainbeheraren hasiera

Zinemaldea SAren egitekoen artean zegoen Zinealdean finkatzeko prest zeuden enpresei erraztasunak jartzea. Alabaina, Zineazpiegiturak Oiartzun SL enpresaren barruan azpikontratatutako enpresa batekin sortutako lan arazoak zirela medio piztutako barne gatazkak ordura arteko bidean erabateko aldaketa ekarri zuen. Izan ere, Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziak enpresan izandako barne liskarrek eskualdeko udalen (Lezo, Errenteria, Pasaia, Oiartzun) irudia zikinduko zutela argudiatuz Zinemaldea SAn zituen akzioak (enpresaren %25) Zineazpiegiturak Oiartzun SLri saldu, eta Zinemaldea SL desegin zuen.

Oker larria, Santiagoren arabera, proiektua oinarritzen zeneko bi zutabeetako bat desagertzen baitzen. «Sozietate publikoa zen Zinealdearen muina izango ziren enpresekiko harremanean funtsezko elementua. Gainera, enpresa eragilea lursailaren jabe bakar gisa utzita kontrol publikotik at gelditzen da, eta nahierara jardun dezake».

Ordutik aurrera, eraikuntza lanak aurrera zihoazen bitartean, Santiagok hainbat proposamen aurkeztu ditu, egoera bideratzeko asmoarekin. «Bere garaianEuskal Herriko, Espainiako eta Frantziako hamasei enpresak proiektuaren inguruan azaldu zuten interesari behar bezala erantzun izan balitzaio, 5.000 metro koadro erosiak zeudekeen, eta Zinealdearen proiektua martxan, aurrera jarraitzeko moduan».

Santiagoren iritziz, baliteke Oarsoaldearen «utzikeria», eta Zineazpiegiturak Oiartzun enpresa eragilearen kudeaketa eskasaz haratago, proiektua oztopatu duten bestelako interes batzuk egotea.

Behin eta berriz saiatu da Zinealdean kokatu nahi duten enpresak bildu eta erakunde publikoen laguntzaz proiektua aurrera ateratzen, baina Oarsoaldea ados egon denean enpresa eragilea bera izan da ahalegina bertan behera utzi duena, adierazi duenez, eta Oarsoaldeko agentziak «ez du ezer egin» egoera bideratzeko.

Azken ahalegina, eta auzitara

Oarsoaldea Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko mugatik aski gertu egonik, Euskal Herriko,Frantziako eta Espainiako ikus-entzunezko enpresak kokatzeko gune estrategikoa litzateke. Asmo horrekin saiatu da Santiago Frantziako enpresekin harremanak lantzen. Lanketa horri esker, Zinealdean interesa duten hainbat konpainia lotu ditu. Haren arabera, enpresa horiekiko hitzarmenak aurrera aterako balira, 7.000-8.000 metro koadro beteko lituzkete, eraikitako eremuaren %50. Horretarako, baina, enpresok 10 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko lukete. Horrekin guztiarekin, gutxi gorabehera 300 lanpostu sortuko lirateke, baina denborarekin gorazko joera nagusitu, eta 1.000 lanposturen muga gaindituko litzatekeelakoan dago. Gainera, jarduteko modu hori proiektuaren jatorrizko filosofiari jarraiki egingo litzateke: kapital pribatua eta erakunde publikoetatik finantza kudeaketan beharrezko laguntzak eta babesa.

2012an eta 2013an egindako salerosketa proposamen hori, baina, ez zaio gustatu Zineazpiegiturak Oiartzun SL enpresari. Areago, zuzendaritzak ez du, Santiagok dioenez, negoziatzeko aukerarik ematen. Dirudienez, proposamen interesgarriagoak ditu esku artean, baina Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziak ere ez du horien berri, Santiagok dioenez. Ziurtzat hartzen duena da proposamen berri hauek ez dutela jatorrizko proiektuaren filosofia jarraituko.

Era berean, krisiak krisi, ziur da 2007 eta 2013 artean egin diren proposamenetako bat onartu izan balitz Zinealdea gaur egun martxan legokeela eta eraiki den gainerako eremua bete ahal izateko aukerak handiagoak liratekeela, enpresa gehiago erakarri, eta eskaintzak ere gora egingo lukeelako. Gainera, hotela eta gainerako aisialdi guneak eraikitzeko hesituta dagoen orubean eraikuntza lanekin aurrera jarraitzeko beharrezko bultzada izango litzatekeelakoan dago.

Ez da, baina, hori gertatu, eta ez du ulertzen eraikina hutsik izanik zergatik inork ez duen ezer egin Zinealdean lan egiteko prest dauden enpresei laguntzeko. «Zinealdea Oarsoaldearen ikurra izan daiteke, baina baita Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziaren lotsa ere».

Erantzunik jasotzen ez duenez, bere azken aukera auzitara jotzea dela uste du. Zineazpiegiturak SL enpresa promotora eta Oarsoaldea eskualdeko garapen agentzia salatuko ditu kudeaketa okerragatik. Zinealdearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.