Izarrako finalaurrekoan erabaki zen, herenegun, zer seikote hartuko duen aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako finalak. Bigarren eta azken finalaurrekoa zelako, eta finalean kantatuko duten bertsolaririk gehienak herenegungo saiotik sailkatu direlako. Araiako kanporaketako irabazle Oihane Perea Perez de Mendiolarekin batera, Izarran sailkatu ziren lehenengo bost bertsolariak arituko dira ekainaren 11n Gasteizko Europa jauregian: Manex Agirre Arriolabengoa, zuzenean sailkatuta, eta Peru Abarrategi Sarrionandia, Xabi Igoa Eriz, Iñaki Viñaspre Simon eta Paula Amilburu Izargarai, puntuei esker. Ricardo Gonzalez de Duranak egin zuen seigarren, eta, hortaz, ezin izango da finalean aritu.
Iñaki Viñaspre da banakako azken aldiko txapelduna, bi txapel ditu Manex Agirrek, eta lau Oihane Pereak. Xabi Igoa eta Peru Abarrategi lehen ere arituak dira finalean, eta Paula Amilburu sartu da aurten. Harekin, lau aramaioar izango dira Europa jauregian. Puntuazioak islatu bezala, gora egin zuen bertsolarien mailak Izarrako finalerdian, Olatz Santocildes Martinez gidari zutela. Zortziko handian gehixeago kosta zitzaien arren, zortziko txikitik aurrera martxa polita hartu zuen saioak.
Amona-bilobak dira Amilburu eta Viñaspre. Euskara Aurrera-ren manifestazioan elkarrekin egon ondoren, etxerako bidean, biloba pozez gainezka ikusi du Amilburu amonak: «Erabileran hala ere denok gabiltza ezin kunplitu/ gaurko eguna manifa baten ezin da eta gelditu». Viñasprek, berriz: «Eta nolatan ez ditugu ba guk izango gustokoak/ zure garaian ere egoten ote ziren holakoak?».
Gonzalez de Durana eta Igoa, berriz, banku berean lanean ari diren bi lagun dira; herriko bulego batean dabil lehenengoa, eta Gasteizko bulego zentralean bigarrena. Gonzalez de Duranak entzun du bere lantokia ixtekotan direla: «Horixe bada une honetan uzten diguten aukera/ bulego hortan sartuko naiz ta egingo dut gose greba». Azkenengoan gaizki irten zitzaiola gogorarazi ondoren, halaxe amaitu zuen Igoak: «Jakin dugula etorkizun bat oso latza ta krudela/ gailentzen baita beste behin ere dirudunen erregela/ ta txarrena da zu eta biok konplize batzuk garela».
Kolpe gehiago jo zituzten bertsolariek zortziko txikitik aurrera. Abarrategi eta Amilburu autobusean doaz elkarren ondoan, eta, pixkanaka, Amilburu Abarrategiren gainean jarriz joan da burua. Ez doa nahi bezain eroso bigarrena: «Deseroso naukazu ta ez da gezurra/ begira, mangan daukat ja zure adurra». Amilbururen erantzuna, burua sorbaldan jarrita lo egitea ere ez dela erosoena, eta Abarrategik amaitu: «Ba erosoago zaude, Paula, zu ni baino/ horrela ez dut joan nahi Zaragozaraino».
Igoak eta Agirrek ere ariketa polita osatu zuten zortziko txikian: gozotegi baten jabea da Igoa, eta Agirre kontratatu du laguntzaile gisa, baina konturatu da goxokiak jaten dizkiola disimuluan. Aurreko gaiari erreferentzia eginez, ederki hasi zen Igoa: «Forma jarri ez zaizu ba zure azalean/ Paulak lo egingo luke zure sabelean». Nagusiak kargu hartu ondoren, ez esajeratzeko eskatu dio Agirrek: «Nik hiru gozo saldu ta ahoratu bi/ ta kriston lapurreta iruditu zuri/ kajafuertea apurtu dudala dirudi».
Hamarreko txikian ere ale ederrak utzi zituen Agirrek. Amilbururi eta biei liburutegia utzi die herentzian amonak. Agirreren lehenengoa: «Esproncedan poema guztiekin hasi/ ta Quevedoren lana bai den-dena kasi/ frankismoan zutenez debekatuarazi/ amonak ezin zuen ezer irabazi/ ta euskaraz irakurtzen ez zuen ikasi». Oroitzearen mina aipatuz, Amilburuk: «Gogoan dut gauetan gu joaterana/ ta nahiz ta irakurri nahiko nukeen dena/ jasanezina egiten zait oroitzapena».
Norbera izan ezina
Kartzelako lanean, homosexualitatea hizpide hartuta egin zituzten bakarkakorik osoenak bertsolariek. Halaxe jarri zieten gaia: «Konturatu zara inoiz ez dela berandu zu zeu izateko». Bide beretik jo zuten Abarrategik, Amilburuk eta Igoak. «Parean nuen Sizuka eta ni bere Nobita/ harreman guztiz normal bat bikotean eraikita», hasi zen lehenengoa: «Hala behar luke baina kontua ez zen polita/ azkenik eskatu nion maite nuenari zita».
Heterosexuala izan beharrak ez ziola «funtzionatu» azaldu zuen Amilburuk lehen bertsoan, eta halaxe amaitu zuen bigarrena: «Ni armairutik berandu irten naiz, baina ez naiz berriz sartuko/ txikia baita, iluna baita, ta ez dut batere gustuko». Pauso hori eman ezin eta, dotore azaldu zuen Igoak ere norbera izan ezina: «Homosexuala naiz eta igual asko zaizkigu harritu/ ihesi joan izan naiz beti nahiz kontrakoa sentitu/ hemen bakoitzak bere defentsa mekanismoak baititu».
Izarran erabaki da finala
Manex Agirrek irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken finalaurrekoa. Hura eta Perea, Abarrategi, Igoa, Viñaspre eta Amilburu ariko dira ekainaren 11ko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu