Paper gainean tintaz egindako hogei koadro ekarri ditu Juan Txillidak (Donostia, 1956) Donostiako Ekain galeriara. Zuriaren gainean beltzez, bolumen joko bereziak landu ditu, lehen alanbrez egin izandako eskulturen formen arrastoari jarraikiz.
Tamaina handi, ertain eta txikiko koadroetan, trazu lodi zapalek hiru dimentsioko eitea hartzen dute. Puntuak eta ertzak elkarrekin lotzen ariko balitz bezalako keinua nabari zaio hasieran eskuari, eta azkenean eskulturen gisako bolumenekin osatuta agertzen dira irudiak.
«Mendira joaten naizenean izarrak begiratzea gustatzen zait», kontatu du Txillidak: «Argiaren kutsaduratik urruti, izarrak ikusten aritzen naiz, eta begiz segitzen eta lotzen ditut. Gizakiek beti egin izan duten akzio xume bat da».
Baina ez hori bakarrik; hogei koadro horietako zazpi aletan, hain zuzen, tinta beltzez inguratutako gune batzuk akuarela margo alaiz pintatu ditu, guztiz bestelako jolasean entseaturik. «Pandemia ilun honi kolorearekin aurre egitea ere eskatzen zidan gorputzak», esan du atsegin handiz.
Irailaren 4ra arte iraungo duen erakusketa osatze aldera, arkatzez eta errotuladorez marraztutako hamar paper txikitan egindako ariketak eta ikerketak bildu ditu, eta, bide batez, alanbrezko bost eskultura arin-arin ere bai: zintzilik, bi konstelazio, eta pausaturik, hiru pieza, esku ahur baten gainean eusteko moduko neurrikoak.
Mahai biribilean
Eskultura lineala alanbreekin lantzen ari izan zen Txillida, «baina udazkenean eta neguan marrazkietara jarri naiz, marraren bitartez bolumen forma ugariakasmatzen. Eskematikoa da ahalegina, plano gainekoa, sinplifikaziozkoa, sakona».
Mahai biribil bat dauka etxean, eta haren gainean marraztu du tintaz: «Oso ondo pasatu dut; hainbeste, ezen koloreaz ere baliatu bainaiz, aspaldiko partez, margolaria izan nintzenetik ez bainuen kolorea ezertarako erabiltzen».
Mahaiaren bueltan ibili da, «zeruari begira ibiltzen garenean bezala, jira batera eta bira bestera. Biribilean lan egin dudala konturatzen naiz orain. Irudien azpiko sinadurak tokiz aldatuz gero, uste dut ondo emango luketela, berdin». Nolanahi ere, koadro guztiak bertikalak dira, etzanda dauden bi izan ezik.
Mendian eta arratsez zeruari begiratzen egoteak eraman izan du, antza denez, harriari ere erreparatzera: «Izarrak daude han; haien argia iristen da, eta hemen markatzen dira cromlechak eta harrespilak. Honela, nik ere puntuak lotzen ditut era arbitrarioan, ez neurri eta irizpide jakin batez. Astronomian izarrak konstelaziotan multzokatzen dituzten antzera, neure erara lotzen ditut puntu batzuk besteekin». Gisa horretan sortzen ditu bolumenak marrazkietan, eskulturen trazakoak, paper zuriaren gainean beltzez. «Zuriaren eta beltzaren arteko analisia zaila da gero: nola eta nora doan marra, gogoeta azkar egitera behartzen zaitu. Zalantza sortzen dit huts egingo ote dudan. Ondo egin edo oker egin, ez dio axola, egia esan. Gaizki ateraz gero, aldamenean daukat beste paper bat. Tintaz jardutean, gehitzea da beti gakoa, eta ez kentzea».
Pandemia garaian, etxetik gutxi irteteak marraztera eraman zuen Txillida: «Introspekzio garai bat izan da, nolabait adieraztearren». Egunero jartzen da lanera, «zirrimarra hutsak egitera besterik ez bada ere»; izan ere, ideia batek formaren bat hartu baldin badu, «nola edo hala izaeraren batera iritsiko da».
Artista lan ildo bera urratzen segitzeko asmotan da udan: «Ez dakit nora eramango nauen. Tira, bizitzan ia dena da zirkularra, edo espiral erakoa: garai diferentetan izanda ere, lehen ibilitako lekuetara iristen gara azkenean».
Gonbidatuaren gela
Oaia Peruarenak (Bera, Nafarroa, 1972) lanik berrienak ekarri ditu Artista Gonbidatuaren gelara. Hamabost olio dira denera, handiak eta txikiak, abstrakzio espresionista moldekoak. «Kolorea da nire obran garrantzirik handiena daukana. Ez da izaten gai bat, bilatzen baitut margoa izatea askatasun esparru bat, neure barnea libreki espresatzeko gune bat. Hizkuntzak, arrazoimenak, formulak agintzen duen mundu honetan, pinturak askapen toki bat ematen dit».
Peruarenaren eskuak ia beti goitik behera dakartza margoa eta zapasta, eta aldian behin orekaren bila jotzen du ezkerretik eskuinera. Koadroen egiturak ere gehienetan bertikalak dira.
Bi eratako obrak bereizten ahal dira berehala. «Batzuetan, dentsitate, kolore eta materia gehiago dago». Oihalak bete-beteta datoz, pintzelkada bortitzez, eta badirudi margoa mihisetik kanpora ere luzatzen dela. «Beste batzuetan, espazio hutsak presentzia handiagoa du. Arnasarentzako tokiaren bila aritu naiz». Horrenbestez, elkarrizketa moduko batean dihardute bi eratako obrek. Igarri ere egiten da koloreen paleta diferentea darabilela: «Alde batetik, pasio bat nabaritzen da, bultzaka ari den energia; bestetik, materia piktoriko urria eta airearen hutsunea».
Izarrak, eskemak, bolumenak
Juan Txillidak tinta beltzez egindako koadroak paratu ditu Ekain galerian. Irailaren 4ra arte iraungo du erakusketak. Oaia Peruarenaren olioak Artista Gonbidatuaren gelan daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu