Izarrak, edonola ere

Taj Mahal beteranoa eta Steven Seagal aktore eta musikaria izango dira protagonista nagusiak Hondarribiko Blues jaialdian bihartik aurrera

mikel lizarralde
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Mutur banatan kokatzen dira Hondarribiko Blues Jaialdiak bere bederatzigarren ekitaldian aurkeztuko dituen bi izar nagusiak. Blues musikaren ikono bat da, kasik-kasik mito bat, Taj Mahal gitarrista(New York, 1942). Akziozko zinemaren eta borroka arteen izar bat, aldiz, Steven Seagal (Michigan, AEB, 1952). Biek ala biek, oso arrazoi ezberdinengatik, jarraitzaileen arreta piztu dute, eta, ezbairik gabe, bihar hasiko den festibaleko izen handienak izango dira. Guztira, hogei bat kontzertu izango dira, hainbat agertokitan banatuta, eta bi izen horiez gain, jaialdian beste artista mediatiko batzuen kontzertuak ere izango dira; Pablo Carbonell eta Jimmy Barnatan aktore eta telebistako showman-enak kasu.

Urtero-urtero egin duen legez, aurten ere Hondarribiko Blues Jaialdiak generoan ibilbide luze eta garrantzitsua izan duen artista bat omenduko du. Iaz, Eric Burdon kantari britainiar beteranoak eman zuen kontzertua eta jaso zuen jaialdiaren saria, eta aurtengo protagonista nagusia Taj Mahal izango da.

Henry Saint Clair Frederics—hori du benetako izena— bluesaren ikur handia bada ere, bere ibilbidean heterodoxia erakutsi du beti. Blues akustikotik abiatuta, bere aurreneko diskoetan (Taj Mahal,1968; The Natch'l Blues, 1968; Giant Steps, 1969), jazz, reggae eta zydeco ukituak sartu zituen, eta nortasun handiko proposamena egin. Hain zuzen ere, estilo aniztasun horri esker, 60ko hamarkadaren amaieran bere lekua egin zuen psikodeliari eta hippy mugimenduari lotuta antolatzen ziren jaialdietan.

70eko hamarkadaren hasieran eten bat egin zuen bere ibilbidean, baina batik bat 90eko hamarkadaz geroztik, lan eta lan ari da, eta bakarka nahiz beste artista batzuekin grabatu du (Toumani Diabate, Etta Baker).

Polizia, aktore eta musikari

Steven Seagal Hondarribira ekartzeak hautsak harrotu ditu blueszale batzuen artean, musikari gisa egindakoak baino gehiago ezagutarazi baitute estatubatuarra zineman eta telebistan emandako ostiko eta muturrekoek. Akziozko zinemaren eta borroka arteen izar handia da Seagal —Louisianako hiri bateko polizia boluntarioa ere bada—, baina bluesman gisa ere bere bidea egin duela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, txikitatikerakutsi zuen Seagalek musikarekiko, eta zehazki bluesarekiko, zaletasuna, eta jada disko pare bat ditu argitaratuak: Songs from the Crystal Cave (2004) eta Mojo Priest (2006). Batean eta bestean, ahots goxoko kantari moduan ageri da Seagal, bluesa ez ezik, rock, pop, reggae eta soul doinuak landuz.

Ostiralean, Gov't Mulek joko du, Allman Brothersen proiektu paralelo gisa sortu eta blues-rockari atxikia ibilbide sendoa egin duen taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.