Musika

Izaro, Zoo eta Fillas de Cassandra daude Zeidfest Gaztea jaialdiko 30 artisten artean

Apirilaren 13an egingo dute hirugarren Zeidfest Gaztea jaialdia, BEC erakustazokan, eta Naizen elkarteak egingo du ohorezko ate irekiera.

Tanxugueiras taldea Iruñeko kontzertu batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Tanxugueiras taldea, Iruñeko kontzertu batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 15a
14:10
Entzun

«Zeinen ederra izango den». Itxialdi sasoian zabaldu zen doinu bat izan zen lehenik, kontzertu berezi baten ideia ondoren, eta hogei talde inguruko jaialdi bat bihurtu zen azkenean. Zetak taldearen Zeinen ederra izango den abestiarekin hasi zen dena, 2020an; hogei musika talde bildu zituen egun beteko jaialdia izan zen 2021ean; eta hirugarren urterako, jadanik, festibalen zirkuituan erabat finkatua dirudi Zeidfest Gaztea jaialdiak. Aurten, apirilaren 13an egingo dute festa, eta ia 30 musika talde eta artista batuko ditu guztira Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Euskal Herrikoak gehien-gehienak, baina baita Katalunia, Espainia, Galizia eta Venezuelakoak ere.

Egun bakarra izan arren, luzea da parte hartzaileen zerrenda, eta, hain zuzen ere, horrek ematen dio Zeidfest Gaztea jaialdiari festibal izaera hori. Bertan izango dira Izaro, Gatibu, Eire, Bulego, Etxepe, Merina Gris, Tatta eta Mutiko, Eusko Princess, Sara Zozaya, Janus Lester, Yadam, Zoo, Tanxugueiras, La Plazuela, Delaporte, The Tyets, Lia Kali, Fillas de Cassandra eta Yadam.

Zoo Valentziako taldea agur bira egiten dabil aurten, eta Euskal Herrian emango duen azken kontzertua izango da jaialdikoa. Kartelean ere nabarmenduta jarri dute datua antolatzaileek, horregatik. Tanxugueiras taldeak, berriz, ezagun du jaialdia, aurrez ere aritu baita bertan, eta, oraingoan, Diluvio diskoa aurkeztuko du. Zetak taldearekin Anguleele abestian kolaboratu duen Fillas de Cassandra bikote galiziarra ere izango da oholtzan. Yadam venezuelarrak ere hartuko du parte Zeidfest Gaztean; The Rolling Stones aldizkariaren arabera, iazko artista berri interesgarrienetako bat izan zen.

Zetak eta Fillas de Cassandra, Anguleele abestia jotzen.

Euskal taldeak kartelaren goialdean

Edonola ere, Euskal Herrikoak izango dira jaialdian parte hartuko duten talderik gehienak. Eta ez da debaldeko erabakia. Lehen jaialdia antolatzerakoan, Pello Reparaz musikari eta jaialdiaren antolatzaileak hala azaldu zion erabaki horren atzean zegoen motiboa BERRIA egunkariari: «Hemen antolatu izan diren jaialdi handietan euskal musikariok maiz ikusi dugu nola eman zaien beti garrantzi handia kanpotik etorritako taldeei, eta, agian, ez horrenbeste bertako taldeei. [...] Askotan ikusi ditugu euskal taldeak kartelen behealdean eta txiki, eta talde garrantzitsuak dira». Eta pentsaera horren isla da aurtengo kartela ere.

Egun osoko jaialdia sortzea izan da antolatzaileen beste helburuetako bat hasieratik, eta aurten ere argia da asmo hori. Horren froga da, esaterako, ateak ireki eta berehala hasiko direla Gatibu eta Eire taldeen emanaldiak. Eta egun osoko programaren ondoren, Delaporte eta Bsrk Kolective taldeek eman diote amaiera festibalari.

Musika estiloen askotarikotasuna da jaialdiaren beste ezaugarrietako bat. Popa, folka, trapa eta musika elektronikoa entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Antolatzaileen hitzetan, «denontzat» izango den jaialdi bat sortzeko asmoa dago erabaki horren atzean. Eta horren erakusgarri da musika taldeez gainera Eleder Magoaren emanaldi bat ere izango dela festibalean. Zuzeneko marrazketa saioak ere izango dira, bai eta trabesti showak ere. Albina Sturdust, Xarma Leone, Divina Comedia eta Yogurinha Borova ere egongo dira jaialdian.

Naizen elkarteari aitortza

Izan ere, musika ez da jaialdiaren osagai bakarra. Urtero gizarte eragile batek ematen dio hasiera jaialdiari. Hondarribiko Jaizkibel konpainiak abiatu zuen iazko jaialdia, eta aurten, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen Naizen elkarteak izango du ohorezko ate irekiera egiteko aukera. Elkarteko kideak pozik azaldu dira aukera hori jasotzeagatik, eta esker ona adierazi diete antolatzaileei, jaialdiarekin «gune seguru bat» eraikitzeagatik. Festibalera batukada batekin sartzeko asmoa azaldu dute, bestetik, elkartearen abestia kantatuz.

Zetak taldea eta Panda Artist Management dira jaialdiaren antolatzaileak, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta EITB eta Gaztea irratia dira babesle nagusiak. Eta laguntzaile zerrenda zabalagoaren barruan, BERRIA ere ageri da komunikabide laguntzaileen artean.

Egun osoko jaialdia izanik, tabernak ere izango dira erakustazokan, baita janaria salduko duten furgonetak ere. Kontzertuak eskainiko dituzten duten musikarien diskoak eta kamisetak erosteko aukera emango duen azoka bat ere jarriko dute. Bi DJ izango dira bertan, gainera: Barratik Kalera eta DJ Jonkass, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.