Iruñeko sanferminetan arituko dira Izaro, Maruxak, Zetak, Gorka Urbizu eta Chill Mafia

Iaz egin bezala, uztailaren 6tik 13ra kontzertuak egonen dira gauero Gazteluko plazan. Konpainia plazan ere izanen dira emanaldiak, arratsaldez eta gauez.

Izaro uztailaren 6an arituko da Iruñean. Irudian, abeslaria apirilean Barakaldon emaniko kontzertuan. OSKAR MATXIN / FOKU
Izaro uztailaren 6an arituko da Iruñean. Irudian, abeslaria apirilean Barakaldon emaniko kontzertuan. OSKAR MATXIN / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko maiatzaren 21a
12:00
Entzun

Azken asteotan nabarmen zabaldu da jakin-mina Iruñean: «Nork joko du aurtengo sanferminetan?», ibili da jendea elkarri galdezka. Gaur eman du erantzuna Iruñeko Udalak. Iragarri duenez, talde hauek ariko dira Gazteluko plazan, uztailaren 6tik 13ra bitarteko gauetan: Izaro, Chill Mafia, Rotten XIII, Zetak, Gorka Urbizu, Melenas, Drogas, La Casa Azul, Maruxak, Belen Aguilera, Foyone eta Ninyas del Corro. Udalak webgunean bildu ditu horiei guztiei buruzko xehetasunak –oraingoz, hori bai, soilik gaztelaniaz jaso du informazioa–.

Iruñeko Udalaren esanetan, bi alderdi lehenetsi dituzte programazioa ontzeko: «Tokiko eszenaren ahalduntzea» eta gaurkotasuna. Diotenez, besteak beste bi arrazoi horiengatik nahi izan dituzte Iruñera ekarri Izaro, Zetak eta Gorka Urbizu, adibidez. Gainera, udalekoek nabarmendu dute Gazteluko plazan arituko diren hamabi taldeetako 11k disko edo kantu berriak argitaratu dituztela azken zortzi hilabeteetan, eta, are, azpimarratu dute bostek sanferminetan aurkeztuko dituztela lan horiek aurrenekoz Iruñean.

Aipatzekoa da euskarak Iruñeko Udalaren egitarauan eginiko saltoa. Iaz, Gazteluko plazan aritutako hamar taldeetako bi baizik ez ziren euskarazkoak: ETS eta Merina Gris. Aurten, kopurua handixeagoa da: seik darabilte euskara beren kantuetan.

Konpainia plazako iluntzeak

Iazko formatuari eutsita, aurten ere eginen dituzte kontzertuak Konpainia plazan. Bina kontzertu izanen dira egunero; bata arratsaldez, eta bestea gauez. Besteak beste, talde hauek programatu dituzte toki horretarako: Los Lazcoz, Pablo Cotton, Borla, Colectivo Ostatua, Tremendo PIquete eta Safu. Udalaren esanetan, askotariko doinu eta erritmoak kabiarazi nahi izan dituzte egitarau horretan: hala nola reggaea, duba, country rocka, jazza, gospela, punka eta cumbia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.